Eliza Katolikoak 1998an Jose Maria Aznarrek bultzatutako lege bati esker 34.961 ondasun higiezin inmatrikulatu zituen. Hau da, hipoteka-araudiak elizari gurtzarako edo ez gurtzarako ziren ondasun higiezinak bere izenean jartzeko aukera eman zion. Eta hala egin zuen. Horrela jaso du Ministroen Kontseiluak Espainiako Kongresari bidali dion agiriak. Orain inmatrikulazio horien jatorria kontsultatu daiteke eta, titulartasunari buruzko gatazkarik balego, posible litzateke ondasunen erreklamazioa egitea.
Aipatu agirian Sakanako 59 ondasun elizaren izenean daude, guztiak dagokion herriko parrokiaren izenean erregistratuta Iruñeko 8 zenbakidun erregistroan. Salbuespena Uharte Arakilgo Zamartze ermita eta aldameneko bi etxebizitzak dira, horiek Iruñeko elizbarrutiaren izenean erregistratuta baitaude. Elizak ibarrean erregistratutako ondasunen motari dagokionez, 29 ermitak dira, 27 elizak, 2 etxebizitza eta lursail bat. Arakil aldean estimu handia dioten eta Itzako Aginaga herriko lurretan dagoen Ergako Trinitate ermita Iruñeko Elizbarrutiarena da, Iruñeko 3 zenbakidun erregistroan hala jasoa. Urdiainek eta Altsasuk San Pedro ermita partekatzen dute, baina elizak haren jabetza Urdiaingo parrokiaren izenean jarri zuen.
Zazpi gehiago
Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma herritarrek eta udalek osatzen dute eta “herriek beraien ondarearen jabetza berreskuratzeko lan” egiten du. 2008. urtean Nafarroan elizak inmatrikulatutako ondasunen zerrenda argitaratu zuen eta han ibarreko 66 ondasun ageri ziren, Espainiako Gobernuaren zerrendan baino zazpi gehiago. Plataformaren zerrendan agertu baina asteartean publiko egin zen zerrendan ez dauden ondasunak honakoak dira: Aizkorbeko Kaskalluko larrea, Etxeberriko eliza eta Uharte Arakilgo Zamartzaldeko bost lur sail.
Aipatutako bi zerrendetan Sakanako beste 17 erlijio eraikinen aipamenik ez da egiten: Egiarretako Itxasperriko Santiago ermita, Ekaiko San Lorenzo ermita, Satrustegiko San Esteban eta Santa Barbara ermitak, Hiriberri Arakilgo San Anton eta Berastegiko Andra Mari ermitak, Ihabarko San Joan ermita, Irañetako San Gregorio ermita, Uharte Arakilgo Aralarko santutegia, Etxarri Aranazko Andra Mari eta San Adrian ermitak, Bakaiku eta Iturmendiren Trinitate ermita eta Altsasuko San Joan eta Erkudengo Ama ermitak. Gainera, Atondoko Oskiako Andra Mari ermita ere ez da zerrendetan ageri.
Erreklamazioa
Elizak bere izenean jarritako ondasunen bat beretako erreklamatu nahi duen pertsonak edo erakundeak epaitegietara jo beharko du. Eta erreklamaziorik ez badago ontzat jotzen da elizaren jabetza. Hala aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformako kideak ez daude erabaki horrekin ados eta lege edo dekretu bidezko konponbidea eskatu dute, epaitegietara joan beharrik ez izateko. Gainera, herri txikiek epaiketara jotzeko gaitasuna ote duten ikusteko dagoela esan dute plataformatik, prozesuak urtetan luzatzen baitira. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion erregistroetako oharrak eskuratzeko 2019an, eta horretan dabil foru administrazioa. Agiri horiek “era desegokian inmatrikulatutako ondasunak berreskuratzen” lagunduko dutela uste dute plataformatik.
Epaitegian bukatu zuena Irañetako Udala izan zen. Herri sarreran dagoen San Gregorio ermita bere izenean jarri zuen udalak 2009ko otsailaren 18an. Hori jakin zuenean, Irañetako parrokiak auzitegira eraman zuen jabetzaren gaia. Eta epaileak elizaren alde egin zuen 2012an.
Elizak Sakanan inmatrikulatutako ondasunen zerrenda | ||
Udalerria | Kontzejua | Eraikina |
Altsasu | Jasokundearen eliza | |
Otadiko Kristo Deuna ermita | ||
Arakil | Aizkorbe | San Andres eliza |
Ekai | San Andres eliza | |
Etxarren | San Bizente eliza | |
Egiarreta | San Antonio Abadea eliza | |
Errotz | San Babil | |
Izurdiaga | San Joan Bataiatzailea eliza | |
Lursaila San Joan kalean z/g | ||
Satrustegi | San Migel eliza | |
Urritzola | San Pedro eliza | |
Hiriberri Arakil | San Martin eliza | |
Ihabar | San Esteban eliza | |
Zuhatzu | San Martin eliza | |
Arbizu | Santa Maria eliza | |
San Joan Bataiatzailea ermita | ||
Arruazu | Jasokundearen eliza | |
San Pedro ermita | ||
Bakaiku | San Joan Batailatzailea eliza | |
Santiago ermita | ||
San Benito ermita | ||
Ergoiena | Lizarraga | San Klemente eliza |
Lizarraga | San Migel ermita | |
Lizarraga | San Martin ermita | |
Lizarraga | San Donato ermita | |
Lizarraga | San Adrian ermita | |
Dorrao | Jasokundearen eliza | |
Unanu | San Pedro eliza | |
San Andres ermita | ||
Etxarri Aranatz | Santa Maria eliza | |
Kontzepzio ermita | ||
San Gregorio ermita | ||
Irañeta | San Joan Bataiatzailea eliza | |
San Pedro ermita | ||
San Migel Berri ermita | ||
Irurtzun | San Martin eliza | |
Iturmendi | San Migel eliza | |
Aritzaga ermita | ||
Pilarekoa ermita | ||
San Pedro ermita | ||
Lakuntza | San Salbador eliza | |
San Sebastian ermita | ||
San Antonio Abadea ermita | ||
Olatzagutia | San Migel eliza | |
San Sebastian ermita | ||
Uharte Arakil | San Joan Bataiatzailea eliza | |
Zamartzeko ermita | ||
Etxebizitza Zamartzealdean | ||
Etxebizitza Zamartzealdean | ||
Santa Luzia ermita | ||
San Bartolome ermita | ||
San Bizente ermita | ||
San Donato ermita | ||
Urdiain | Jasokundearen eliza | |
San Pedro ermita | ||
San Joan ermita | ||
Aitziber ermita | ||
Ziordia | Jasokundearen eliza | |
Milagro ermita |