Kiroldegia

Bat, bi, bat bi…Aktiba gaitezen!

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 10a, 12:00

Sakanako Mankomunitateak jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio zerbitzua jarri du martxan : Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzua. Dohainik da, eta sakandarrak gure egunerokotasunean ariketa fisikoa barneratzea da helburua, horrela bizitza kalitate hobea izan dezagun eta aktiboak izan gaitezen. Iraitz Berastegi orientatzailea sakandarren deien zain dago guztiak martxan jarri eta aktibatu gaitezen

Zerbitzu berria dugu Sakanan: Sakana Eskualde Aktiboa. Sakanako Mankomunitateko Kirol zerbitzuak garatu du, Etxarri Aranazko Osasun Etxearekin, Etxarri Aranazko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin, Osasunbidearekin eta Aranatz eskualdeko Udalekin elkarlanean. Jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio zerbitzua da, Iraitz Berastegi Razkin lakuntzarrak gidatzen eta orientatzen duena. Zerbitzua Etxarri Aranatzen eta Arbizun hasi da martxan, berehala Etxarri Aranazko Osasun Etxeak hartzen dituen gainontzeko herrietara hedatuko da –Urdiainen, Iturmendi-Bakaikun, Ergoienan eta Lakuntzan bilerak aurki egingo dira–, eta gutxika Burundara eta Arakilera hedatuko da, helburua Sakana osoa eskualde aktiboa bilakatzea baita. Hau da, gure herritarrak aktibo izatea, mugi daitezela, ariketa fisikoa euren egunerokotasunean barnera dezatela, horrela bizitza kalitate hobea izango dutelako. 

Pertsona bakoitzari bere neurriko aktibitate proposamena, dohainik
“Aktibo izatea hobeto bizitzeko modua da. Aktibo bagara, osasuntsuago, zoriontsuago, orekatuago, alaiago… izango gara. Horregatik, pertsona aktiboz osatutako Sakana bizia nahi dugu. Eta nola lortuko dugu? Besteak beste, Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzuko orientatzaile Iraitz Berastegirekin harremanetan jartzen (608 697 550 edo aktibatu@sakana-mank.eus). Berak pertsona bakoitzari bere neurriko aktibitate proposamena egingo dio, eta dohainik, Mankomunitateko zerbitzua baita, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duena” azaldu digu zerbitzua sustatu duen Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 

Mank-eko Kirol Zerbitzuak urteak daramatza denetariko kirol jarduerak antolatzen, baina beti kirolariei edo kirol zaleei zuzendutakoak. “Badago herritar talde handi bat ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ez duena, eta eurengana iritsi nahi dugu; zerbitzu berri honekin sakandar hauek bizitza aktibo batera erakarri nahi ditugu. Ikusten dugu sedentarismoa edo egonean egotea gero eta hedatuagoa dagoela adin tarte guztietan. 3. adinari begira zer dakar sedentarismoak? Menpekotasuna lehenago etortzea. Beraz, sakandarrak aktibo jartzen menpekotasuna atzeratu nahi dugu eta ahalik eta denbora gehienean bizitza kalitatea mantendu. Baina gure zerbitzua adin guztiendako zerbitzua da, ez soilik 3. adinekoendako. Ariketa fisikoa egitea adin guztietako komenigarria eta onuraduna da, eta Sakana aktiboa sustatu behar dugu” nabarmendu du Gerrikagoitiak. 

Eskaintza pertsonalizatua eta zabala, norberaren beharretara egokitutakoa
Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzuaren atzean elkarlan handia dago. Sakanako Mankomunitatea Etxarri Aranazko Osasun Etxearekin eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin dago elkarlanean. “Esaterako, pertsona bat medikuarengana edo erizainarengana badoa, eta patologia jakin batzuk baditu, medikuak edo erizainak “kirolaren errezeta” egingo dio eta Iraitzekin jarriko dute harremanetan. Horrela, dituen patologiak kontuan hartuta, Iraitzek ariketa fisikoa egiteko jarraibide batzuk emango dizkio. Akaso berarekin joango da kiroldegira eta egoki dagozkion ariketa fisikoak egiten erakutsiko dizkio. Edo Sakana eskualde aktiboan berak gidatzen dituen taldekako jardueretara –Ttipi-Ttapa ibilaldi osasuntsuetara edo Helduhezifit ariketa fisikoetara– bideratuko du. Edo ez badago ezer sortua, zerbait espezifikoa sortuko du pertsona horrendako. Edo gaixotasunik ez duen pertsona sedentario batek hitzordua eskatu ahal dio, eta herri bakoitzean dauden ikastaroen berri eman eta egokiena gomendatuko dio. Eskaintza pertsonalizatua eta zabala da, guztiz, norberaren beharretara egokitutakoa” azaldu du kirol teknikariak.

Eta hori guztia herrietan dauden ikastaro eskaintza kontuan hartuta eta herri bakoitzean dauden baliabideetara egokituz. Momentuz Etxarri Aranatzen eta Arbizun hasi da zerbitzua, eta Udalek laguntza handia eman dute, beharrezko lokalak utzi baitituzte. Balorazio oso ona egin dute erabiltzaileek. Gehienak Osasun Etxeetatik bideratutakoak dira, eta azaldu dute Iraitzek gidatzen dituen Ttipi-Ttapa ibilaldietan eta Helduhezifit saioetan aritzen direnetik euren gaitasunak hobetu direla, mugikortasuna hobetu zaiela, buruz hobe daudela eta etxetik ateratzeko aitzakia dutela. “Bide batez, taldekako jarduera hauekin harremanak sortzen dira, eta hori oso garrantzitsua da, ariketa fisikoa egitea eta baita ere mentala. Garai gogor hauetan, bereziki eskertzen dena” aitortu du. 

Helburua sakandarrak aktibatzea da. “Lortu nahi duguna da pertsona horiek ariketa fisikoa egiten hastea, aktibatzea, eta gero pertsona horiek, beraien kabuz, ariketa fisikoa egiten jarraitzea. Ariketa fisikoarekiko atxikipena lortzea, Sakana eskualde aktibo bat izateko” aitortu du Gerrikagoitiak. Zerbitzuaren eta ikastaroen informazio guztia www.sakana-mank.eus webgunean dago ikusgai. 

Erlazionatuak