Araba eta Nafarroa arteko garraio publikoa hobetzeko elkarlana

Guaixe 2021ko mar. 19a, 11:35
Berta Miranda, Nafarroako Gobernuko Garraioko zuzendari orokorra; Ciriza kontseilaria; Blanca de la Peña, diputatua; eta Patricia Pérez, Mugikortasuneko eta Garraioko zuzendaria.

Bi administrazioak hitzarmena sinatu dute errepideko bidaiarien trafikoaren kudeaketa hobetzeko. Onartutako aldaketak lizitazio berriak egin ondoren, 2022an indarrean sartuko dira.

Nafarroako Gobernuarena da Iruñea eta Gasteiz arteko bidaiarien autobus bidezko garraioa arautzea. Eta Arabako Foru Aldundiarena Bilbo eta Iruñea artekoa.  Blanca de la Peña Bernal foru diputatuak eta Bernardo Ciriza Perez kontseilariak sinatu duten hitzarmenaren bidez bi herrialdeen artean bidaiarien garraio publikoaren zerbitzu publikoa hobetu eta indartu nahi dute. 

Horretarako, aipatutako bi lineen kontzesioa lizitatzea erabaki dute. Hori bai, gaur egungo lizitazioarekin aldaketak eginez. Hala, Hitzarmenean jasoa dagoenez, Nafarroak Iruña-Gasteiz linearen bidez, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Arabako hiriburua bakarrik hartuko ditu. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du Iruñea-Gasteiz kontzesioaren lizitazio-agirietan Agurain eta Gasteiz arteko trafikoen debekua sartzeko, Arabako Foru Aldundiak ibilbide hori Alavabuseko 5. linean sartu ahal izan dezan. Hau da, Sakanatik Aguraineraino joateko aukera izanen dela autobusez, baita Gasteizera ere. Baina Agurainen eta Arabako hiriburuaren arteko herrietan kontzesioa duen autobusak ez du geldialdirik eginen. 

Bestetik, Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du Bilbo-Iruña kontsezioaren lizitazioaren agirietan Iruña eta Gasteiz arteko trafikoaren debekua sartzeko, baita Arabako hiriburuaren eta Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Urdiain, Altsasu eta Olaztiko Nafarroako herrien artekoa ere. Bizkaia eta Nafarroako hiriburuak lotzen dituen autobusek, beraz, ezin izanen dute herri artean bidaiariak garraiatu. Foru administraziotik azaldu digutenez, Bilbora joan edo handik etortzeko autobusek Altsasun geldialdiak egiten segituko lukete. 

Azkenik, bi erakundeek konpromisoa hartu dute inguruko lurraldeko biztanle gutxiko eremuetan ematen dituzten zerbitzuei eusteko, landa-eremu horietan mugikortasuna bermatzeko. “Hitzarmen honi esker, administrazio bakoitzak bere auzotarren mugikortasun-beharrak artatu, planifikatu eta hobetu ahal izango ditu; aldi berean, erakundeen arteko lankidetzari eutsiko zaio, bi lurraldeetako biztanle gutxiko eremuetan mugikortasuna bermatzeko, Nafarroako Gobernuaren despopulazioaren aurkako estrategiarekin bat etorriz”, nabarmendu du Cirizak.