Yeregitar erlojugileen berri liburu batean

Guaixe 2021ko api. 7a, 10:37
Yeregi familia erlojugileari buruzko kapitulua idatzi duten Jesus Maria Pintor, Jokin Aginaga, Adrian Claver eta Xabier Iriarte. Argazkia: NUP.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek Yeregui familiako mekanikari erlojugileen bost belaunaldiei buruz idatzi dute liburu bateko kapitulu batean. 

NUPeko ikertzaileen idatzia Jaéngo Unibertsitateak argitaratu duen Figuras ilustres de la ingeniería mecánica en España e Iberoamérica liburuan dago. Yeregitarrei buruzko kapitulua Jokin Aginaga Garcia, Jesus Maria Pintor Borobia, Xabier Iriarte Goñi eta Adrian Claver Alba altsasuarrak idatzi dute. Guztiak NUPeko Ingeniaritzako Saileko ikertzaileak dira.

XVIII. mendearen bukaeratik XX. mendearen erdialdera, Yeregui familiako zazpi erlojugile aritu ziren dorre-erloju mekanikoak diseinatzen, eraikitzen, muntatzen eta haien mantentze-lanak egiten Nafarroako eta Nafarroa inguruko zenbait herritan. Esaterako, Egiarretako elizan dagoena haiena da. Baita itxi zuten Altsasuko Norte erloju-dendako erakusleihoan zegoena ere. 

Kapituluaz
Ikertzaileek erlojugintza mekanikoaren aurrerapen garrantzitsuenen errepaso labur bat egiten dute, XIII. mendearen bukaeran “ihes-mekanismoa” delakoa asmatu zenetik (erlojuaren abiadura erregulatzen duen mekanismoa) XX. mendearen erdialdean erloju-mekanismo elektrikoek ordeztu zuten arte. Ikertzaileen esanean, Ingalaterran izan ziren aurrerapauso nagusiak erlojugintzan, errementaritzaren eta ingeniaritza mekanikoaren eskutik. Espainiako lehenbiziko adibideak XIV. mendekoak dira, eta XV. mendetik aurrera hasi ziren ugaritzen ordulari publikoak hiri nagusietan. Testuan zehazten denez, XVII. eta XVIII. mendeetan, “ia herri guztiek zuten dorre-erlojuren bat”.


Egiarretako elizako erlojua. Artxiboa.

Yeregui familiako erlojugileak
Yeregui erlojugileen leinua Jose Francisco Yeregui Zabaletak hasi zuen XVIII. mendearen bukaeran, eta Andres Yeregui Eraso izan zen azken erlojugilea XX. mendean. Bi adar ditu familiak: batetik, Betelukoa, zeinak bost erlojugile izan baititu bost belaunalditan; bestetik, Zumaiakoa (Gipuzkoa), Benito eta Serapio anaiek osatua, zeinak Betelukoen laugarren belaunaldikoen lehengusuak baitira. Yereguitarrek eraikia dela ziur dakigun lehenbiziko erlojua Jose Franciscok egin zuen 1796an Betelurako, eta haren ondoren etorri ziren Egiarretakoa, Ihabarrekoa eta Olatzagutikoa besteak beste.

Jose Francisco Yereguiren eta Maria Josefa Canflancaren sei seme-alabetan gazteenak, Juan Manuelek, egin zuen Iruñeko udaletxeko ordularia, 1827an, nahiz eta hasiera batean San Lorentzo elizan instalatu zuten. Horretaz aparte, hark egin zuen Arbizuko dorre-erlojua ere. Haren iloba Juan Jose Yeregui ere buru-belarri aritu zen erlojugintzan, eta etxe handi bat eraikiarazi zuen Betelun, beheko solairua erloju-lantegi gisa erabiltzeko. 

XIX. mendearen bigarren erdialdean, Bonifacio Yereguik segitu zuen lanbidean, industrializazio maila nabarmen handitu zenean, eta abagune horretaz baliatu ziren haren lehengusu Benito eta Serapio piezak fabrika handietatik ekarri eta erlojuak kopuru handietan muntatzeko. Orduko ordulari haietako batzuek funtzionatzen dute oraindik ere. Izan ere, Benito Yeregui da leinuko erlojugile oparoena, hark egindako laurogei ordulari baitaude dokumentatuak. Familiako azkeneko erlojugileak ere, Andrések, aparatuak diseinatu zituen. Aparatuak konpontzen eta haien mantentze-lanak egiten aritu zen batez ere, eta errementaritzako zenbait lan ere egin zituen.