Tokiko merkataritza, ‘hemen eta orain’

Guaixe 2021ko api. 2a, 14:34
Jendea kalean erosketa poltsekin.

Nafarroako 30 merkatari elkarte baino gehiagok eta milaka dendek dei egin dute udaberriko oporretan tokiko turismoa egiteaz aparte, tokiko saltokietan sartzera eta zerbitzuak erabiltzera deitu dute.

Hemen eta orain tokiko merkataritzaren egoerari buelta eman dakioke Nafarroako denda txikietan erosita. “Jabetu behar dugu gure erosketak egiten ditugun tokiak duen garrantziaz eta beraien eraginaz gizartean eta ingurumenean”. “Hemen eta orain nafar guztiak gonbidatzen ditugu herrietako merkataritza-guneetan paseatzera, bere eskaintza ezagutzera eta bertan erostera. Horrela lagunduko dugu hurbileko merkataritza modelo atsegin bati eusten, bizitza errazten diguna, berdintasunean tratatzen gaituena, entzuten gaituena eta gure beharrak ulertzen dituena”. 

Nafarroako 30 merkataritza elkartek sustatutako “Hemen eta Orain” kanpainaren aurkezpenean esandakoak dira. Aipatu elkarteen artean daude Altsasuko Dendarien Elkartea eta Sakanako Dendarien, Ostalarien, Zerbitzuen Elkarteak. Guztiek deialdia egin dute: “opor egun hauetan kontsumitu aurretik gogoan izan, arduraz egin eta Nafarroako tokiko ekonomiari laguntzeko eskatzen dizugu”. 

Tokiko merkataritza 
Kanpainaren sustatzaileek gaztigatu dutenez, “hurbileko merkataritzak, lurraldean sakabanatuta, aberastasuna eta ongizatea sortzen ditu, gure herriak kohesionatzen ditu, gure kaleak dinamizatzen ditu, hurbileko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen du eta enplegu-eremu garrantzitsua da”. Establezimendu horiek elkarteetan bilduz antolatu eta indarra lortzen dute “administrazio publikoen, gizartearen eta Nafarroako ekonomiaren aurrean merezi duen ikusgarritasuna, ordezkagarritasuna eta protagonismoa irabazteko”. 

Elkarteetako kideak nabarmendu dutenez, “zoritxarrez, saltoki txikiak pixkanaka desagertzen ari dira, herrietako merkataritza-guneetan etengabe ixten ari diren saltokien lekuko gara, hutsik dauden lokalen hazkundearen lekuko, eta horrek gure herri eta hirietako erdiguneetan eta auzoetan dakarren narriaduraren lekuko”. Horregatik, nafarrei dei egin diete “hemen eta orain apustua egiteko tokiko merkataritzaren alde, eta gure herri eta hiri barruan merkataritza-eskaintza nahikoa duen eredu trinkoaren alde”. 

Diagnosia 
Hogei elkarte baino gehiagoren parte hartzearekin, Nafarroako Merkatarien Elkarteak merkataritza-sektorearen diagnostikoa eta merkataritzari laguntzeko premiazko Plana aurkeztu zuen otsailaren 26an. Ordutik elkarteko ordezkariek bilerak izan dituzte Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean ordezkaritza duten alderdien ordezkariekin. Sektorearen diagnostikoa aurkeztu diete bilera horietan eta haien babesa eskatu ere, “sektoreari laguntzeko premiazko planean jasotako neurriak behar bezala gauzatu ahal izan daitezen eta gure sektoreak bizi duen egoera zaila lehengoratu ahal izan dadin”. 

Bestalde, elkartekideak helburu berarekin bildu ziren Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin, Mikel Irujo Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariarekin eta Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiarekin martxoaren 10ean. Elkarteko kideen nahia da “laster sektoreari laguntzeko premiazko plan bat izatea, pandemiak gure erkidegoko tokiko merkataritzan dituen ondorio suntsitzaileak minimizatzeko”.