Aizkora

Sakanako Aizkora Eskolan izena ematea zabalik

Guaixe 2021ko api. 20a, 14:00

Argazkia: 'Aizkora, antzinako bizimodu baten aztarna' dokumentala.

Apirilaren 29a baino lehen eman behar da izena, Mank-en. 12 ikaslerendako tokia dago, eta izena ematen duten guztien artean zozketatuko dira toki horiek

Maiatzaren 4tik ekainaren 29ra bitartean aizkoran trebatuko dira Sakanako Aizkora Eskolan izena ematen duten neska-mutikoak. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen du ekimena, herri kirolak eta kasu konkretu honetan aizkora sustatzeko asmoz. Azken urteetan bezala, Juanito, Migel Angel eta Juanjo Erdoziak gidatuko dute eskola, euren bordan, Etxarri Aranatzen. Asteartetan eta ostiraletan ariko dira lanean, 19:30etik 20:30era. 

Izena ematea, zozketa bidez
Sakanako Aizkora Eskolan izena ematea zabalik dago, apirilaren 29ra arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa 55 eurokoa da. 10 eta 22 urte arteko gazteek eman dezakete izena, eta tokia egonez gero helduagoak onartuko dira. Kontua da aurten 12 ikasleren muga dutela. “Normalean jende gehiagok ematen du izena, eta aurten toki muga dagoenez, horregatik erabaki dugu apirilaren 29ra arte izena ematea zabalik izan, eta gero izena ematen duten guztien artean 12 toki horiek zozketatzea” azaldu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 

Sakanako Aizkora Eskolarekin aizkora sustatu nahi da, aizkoran trebatzeko materiala eta azpiegiturak behar baitira, guztien esku ez daudenak: egurra, aizkorak, egurrak kontserbatzeko bordak edo pabilioiak, entrenatzeko tokia… Horretaz gain, materiala prestatzeko laguntza behar da, eta aizkoraz dakien irakasle bat. Sakanako Aizkora Eskolak hori guztia eskaintzen du. 

Sakanako Aizkora Eskola Axio Flores zenak eta Mank-eko Kirol Zerbitzuak jarri zuten martxan. Juan Mari eta Floren Nazabal izan ziren lehen irakasleak, Axiorekin batera, eta nazabaldarren bordan aritzen ziren lanean. Urte batzuen buruan, erdoziatarrek hartu zuen eskolaren ardura. 

Txikiak aizkoran ikusteak ematen dien poza
Aurreko urtean 18 gaztetxo trebatu ziren erdoziatarren bordan. Erdoziatarrek argi dute trebe diren bitartean Aizkora Eskolan jarraituko dutela. “Kirola egitea oso garrantzitsua da, oinarrizkoa, eta guk aizkorarekiko sekulako zaletasuna dugula kontuan hartuta, haur txiki bat mozten ikustean horrek ematen didan pozak ez du preziorik. 20 urte bete bitartean kirolean badabiltza, hori bide ezin hobea da pertsona egiteko” nabarmendu zuen Juanito Erdoziak iaz Sakanako Mankomunitatean “Sakanako Herri Kirolak” bideoaren aurkezpena egin zenean. 

Eskolak prestatzeko mugimendu handia izaten da erdoziatarren bordan. Gazteak entrenatzen eta ebakitzen ordu bana aritzen dira asteartetan eta ostiraletan, baina materiala prestatzeko lan handia egiten dute aurretik Juanitok, Miguel Angelek eta Juanjok. "Ebakitzen ordu bat aritzen gara, baina aurretik prestaketa lan handia dago. Nafarroako Gobernuak Aizkora Eskolari 20 enbor ematen dizkigu urtero, baina horiek bota eta bidera atera behar dira, traktorearekin. Hori guk egiten dugu, Manolo Gorritirekin. Gero Mankomunitateak bidalitako kamioi batek jaisten ditu bordara. Han, egurra ongi mantendu behar da, heze. Horretarako belarra jartzen diegu gainean, eta ureztatu. Eta, klase bezperan egurrak atera, balio duena utzi, besta kendu, enborrak prestatu, txaflanak egin, josi eta borda barrura sartu. Horrela ibiltzen gara” gaineratu zuen Juanitok. Aurten ere, martxan dira.