Txirrindularitza

Aralar taldeak oraina du, baita etorkizuna ere

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 21a, 13:00

Aurten 46 neska-mutiko trebatzen ari dira Sakana Group Aralar Txirrindularitza Taldean eta oso pozik daude klubean, goiko taldeak sendotuta egoteaz gain, 12 haur hasi direlako promesetan eta horrek taldearen etorkizuna bermatzen duelako

Aurreko urtean, 2020an, Sakana Group Aralar Txirrindularitza taldeak martxoaren 8an egin zuen aurkezpena, Aralar santutegian. Sakanan txirrindularitzari lotutako azken ekitaldia izan zen, egun gutxitan COVID-19ak guztia gelditu baino lehen. “Aurkezpenaren ondoren gelditu zen guztia, bai. Aurten aurkezpen ekitaldia egin ala ez zalantzan egon gara, pandemia dela eta, baina aurtengo talde argazkiak ez ateratzea tristea iruditzen zitzaigun. Azkenean, denboraldi honetako neska-mutilak aurkeztu ditugu eta merezi izan du” aipatu zuen larunbatean Aralar klubeko presidente Alfonso Tadeo Ocañak Arbizuko ekokanpinean, bertan egin baitzen aurkezpena. 

Aurten 46 neska-mutiko trebatuko dira Sakana Group-Aralar taldean eta oso kontentu dago presidentea. “Ez dakigu pandemiagatik ote den, baina aurten 6 eta 7 urteko haurren booma izan dugu. Promesen mailan 12 neska-mutiko ditugu, eta hori oso garrantzitsua da, beraiek txirrindularitza eskolako kimuak direlako, etorkizuna. Oso pozik gaude horrenbeste gaztetxok gurean izena eman dutelako; ea aurrera egin eta taldeak loratzen jarraitzen duen” nabarmendu zuen Tadeok. 

Trebatzea eta disfrutatzea
Neska-mutilak txirrindularitzan trebatzea eta txirrindularitzarekin goza dezatela, hori da Aralar Txirrindularitza Taldearen helburua. Betiko helburua, hain zuzen. “Izan ere, hori da garrantzitsuena, haurrek txirrindularitzarekin ongi pasa dezatela. Ilusioa badago, azkenean emaitzak iristen dira. Batzuetan emaitza hobeak izango dira, beste horretan okerragoak, baina ilusioa izatea, hori ezinbestekoa da, kirol honetan neska-mutilek ongi pasa dezatela. Txirrindularitza kirol sakrifikatua da, eta aurrera egitea kosta egiten da; horregatik da horren garrantzitsua gaztetxoek disfrutatzea” gaineratu zuen Tadeok. 

Jakina, taldeak aurrera egiteko garrantzitsua da ere txirrindularien familien inplikazioa, laguntza eta babesa. “Ezinbestekoa da. Bizikleta erosi, seme-alabak entrenamenduetara eta lasterketetara eraman, entrenamenduetan eta klubak antolatutako lasterketetan lagundu… Klubak aurrera egiteko familiek egiten duten ahalegina handia da, eta oso eskertuta gaude. Gurasoei eskerrak eman nahi dizkiet euren seme-alabak laguntzen dituztelako; horrela aterako gara aurrera” azpimarratu zuen. presidenteak. 

Klubarendako ezinbestekoa den babesleen laguntza bihotzez eskertu zuen Tadeok. “Urte zaila izan da eurendako, gaizki ari dira pasatzen, eta horregatik bihotzez eskertzen diegu guri ematen diguten babesa. Espero dezagun aurrerantzean ere gu laguntzen jarraitzea, konfiantza hori dugu” eskertu zuen presidenteak.

Alfonso Tadeok ere esker oneko hitzak izan zituen Nafarroako Txirrindularitza Federazioarendako. “Pandemian, txirrindularitza lasterketak izan ziren hasi ziren lehenak, eta hori federazioak egindako lanari esker izan da. Federazioak lan izugarria egin du. Bete beharreko osasun neurri guztiak beteta, martxan gaude, lehiatzen ari gara eta hori oso garrantzitsua da” nabarmendu du Tadeok. 

Txirrindulariak gogotsu
Azkeneko urteak urre kolorekoak izan dira Sakana Group-Aralar taldearendako. Garaipenak eta podiumak izan dituzte bata bestearen atzetik. Igor Arrieta, Aitor Alberdi, Mikel Olaetxea eta txirrindulari garrantzitsu askok afizionatuetara egin dute salto, eta taldeak haien hutsunea nabarituko du. “Urte oso onak izan ditugu; halako txirrindulariak ez dira bata bestearen atzetik sortzen, baina egoera guztietara moldatu beharra dago. Taldea bultzatu, hori da egin behar dena. Txirrindularitzan aritu nahi duten neska-mutilak badaude, taldea beti aterako da aurrera. Nolanahi ere, aurtengo taldeek itxura ona dute. Jubeniletan oso gogotsu daude. Talde indartsua da, eta ziurrenik nabarmenduko diren txirrindulariak izango ditugu. Baita kadeteen mailan ere. Txirrindulari kementsuak dira, lanean gogotik ari direnak, eta uste dut emaitzak iritsiko direla” aitortu zuen Tadeok. 

Aurten 5 lasterketa
Aralar Txirrindularitza Taldeak 5 proba antolatuko ditu aurten. Maiatzaren 29an eskoletako lasterketa prestatuko dute Lekunberrin, ekainaren 5ean eskoletako proba Etxarri Aranatzen, ekainaren 26an emakumezkoen lasterketa Lakuntzan, uztailaren 31n eskoletako proba Lakuntzan eta abuztuaren 24an kadeteen lasterketa Lakuntzan. 

Aire berriak
Alfonso Tadeo Ocaña presidentearekin batera, Ibon Paularena Gorraiz presidenteordeak, Mariasun Erdozia Ulaiar idazkariak, Erika Ocaña Tadeo diruzainak, eta Javier Etxarri Begiristain, Alberto Martinez Trinidad, Iban Gonzalez Barroso eta Manolo Gorriti Martiarena bokalek osatzen dute Aralar Txirrindularitza Taldeko junta. “Urte batzuk daramatzat presidente, eta uste dut beste ideia berriei lekua egin behar zaiela. Familia berri asko sartu dira taldean, eta gutxika erreleboa hartu beharko lukete. Ez da ona beti zuzendaritza berbera egotea, aldaketa beharrezkoa da. Jende berria sartu behar da, hori ona baita klubarendako; uste dut gogotsu daudela, eta hori ona da taldearendako” deritzo egungo presidenteak. Aralar Txirrindularitza Taldea. Bitartean, pozik dago junta; talde polita dute eta aurrera jarraitzen du Aralarrek. Hori da garrantzitsuena.

 

Sakana Group-Aralar Txirrindularitza Taldea 2021

-Juniorrak (7): Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso, Martzel Etxeberria Azpilikueta, Aitor Ondarra Eguaras, Alex Lopetegi Amoztegi, Aimar Tadeo Arkauz, Unai Garro Unsion, Jon Kol Urrosolo Elgorriaga. Entrenatzaileak: Odei Juango eta Jon Goikoetxea. 

-Kadeteak (9): Manex Zufiaurre Begiristain, Aritz Oiarbide Erdozia, Anartz Garcia de Albeniz Jaka, Xabier Ieregi Egilaz, Adrian Martinez Los Santos, Aritz Sáo Roque Dionisio, Gabriel Irurtia Guruzeaga, Ion Lizarraga Beraza eta Alain Rosado Onda. Entrenatzaileak: Alfonso Tadeo eta Miguel Ocaña. 

-Eskolak (30): 
Haurrak (8): Oihan Gorriti Astiz, Ane Berastegi Jaka, Alain Razkin Andueza, Janitz Zufiaurre Begiristain, Manex Huarte Flores, Luca Martinez Los Santos, Aimar Azanza Bergera eta Iker Martinez Sanchez. Entrenatzaileak: Alberto Martinez eta Iban Gonzalez. 

Kimuak (8): Unax Etxeberria Mundiñano, Ekai Erdozia Gonzalez de Pedroso, Urko Oiarbide Erdozia, Ion Unai Gonzalez Mañeru, Adei Agirre Baz, Xabier Gorriti Urdangarin, Egoi Marin Gonzalo eta Amara Arrieta Sergio. Entrenatzailea: Xabier Etxeberria. 

Hasiberriak (2): Maddi Martinez Sanchez eta Lander Gorriti Urdangarin. Entrenatzailea: Xabier Etxeberria. 

Promesak (12): Ekaitz Paularena Arze, Peio Otxagabia Zabala, Eki Begiristain Asensio, Unax Garziandia Iraurgi, Alain Gonzalez Mañeru, Amaiur Razkin Jungitu, Egoi Saralegi, Markel Reparaz Urroz, Aitz Berastegi Nabarro, Aner Navarro Moreno, Anatz Arrieta Sergio eta Mikel Goikoetxea Vicente. Entrenatzailea: Ibon Paularena.