Pilota

Zabaletak ongi ekin dio finalerdiei; Ezkurdiak, ez horrenbeste

Guaixe 2021ko api. 19a, 12:20

Binakako finalerdietako 1. jardunaldian Elezkanok eta Zabaletak 7 tantotan utzi zituzten Altuna eta Mariezkurrena eta Ezkurdiak eta Galarzak ezin izan zuten Peñaren eta Albisuren kontrako partida irauli (17 eta 22)

Binakako finalerdietako 1. jardunaldia jokatu da asteburuan eta albiste gazi gozoak izan ditugu, Zabaletak ongi ekin baitio finalerdiei; ez, ordea, Ezkurdiak. 

Zabaleta, ikusgarri
Larunbatean, Iruñean, Elezkanok eta Zabaletak Altuna eta Mariezkurrena izan zituzten aurkari. Partida estua aurreikusten zen, baina ez zen horrela izan, Binakako hasierako ligaxkako liderrek ia aukerarik gabe utzi baitzituzten Altuna eta Mariezkurrena. Elezkano eta Zabaleta tiro bat bezala atera ziren Labriteko kantxara eta jaun eta jabe izan ziren, hasieratik bukaeraraino. Eta kitto, ez dago ezer gehiago esaterik. Jose Javier Zabaleta ikusgarri aritu zen, eta nahieran ibili zen, nahi zuena egiten. Egiten eta desegiten. Eta Etxarrengo atzelaria horrela dabilenean, ezer gutxi dago egiterik. Altunak eta Elezkanok ezin izan zioten aurre egin. 

Txapelketa honetako bere enegarren erakustaldia eman zuen Zabaletak. Ikaragarria izan zen eman zuen itxura: bere joa, indarra eta sasoia. Goitik behera menderatu zuen Mariezkurrena. Berriozarkoari presioak gaina hartu zion, eta 10 akats egin zituen. Altunak apenas izan zuen aukerarik partidan sartzeko; Zabaletaren pilotakadak gainetik pasatu zitzaizkion etengabe. Eta Elezkanok behetik gora egin zuen. Horrela, Elezkanok eta Zabaletak finalerdietako lehen puntua lortu zuten, puntu garrantzitsua. 

Ezkurdiak ezin izan zion eutsi
Finalerdietako 1. jardunaldiko beste partida Logroñoko Adarragak hartu zuen atzo. Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu izan zituzten arerio tentsio handiko partida gogor eta estuan. Lau pilotariak gogotsu eta partidan oso sartuta ekin zioten partidari. Joseba Ezkurdiak hartu zuen bere bikoaren ardura, argi baitzuen bere atzelaria lagundu beharra zuela. Horrela, arbizuarrak gogotik lana egin zuen; ia tanto gehienetan sartu zen, eta sekulako zama hartu zuen gainean. Jokoari abiadura emanez eta bolea ikusgarriei esker, Peñari eta Albisuri aurre egitea lortu zuen arbizuarrak, Baikoko bikoa oso ongi ari baitzen. Horrela, lan erdietan markagailua paretsu zegoen (9 eta 9 ). 

Arbizuarrak erritmo horri eutsiko ote zion, hori zen katedrak zuen zalantza, eta, tamalez, Aspeko bikoak behera egin zuen. Ladis Galarza oso txukun ibili zen hasieran, baina partida erditik aurrera zalantzati hasi zen. Horrela, Galarzaren hiru akatsek eta Ezkurdiaren akats batek, Peñak eta Albisuk egindako 3 tantoei gaineratuta, Baikoko bikoari airea eman zion (16 eta 9). Albisurik onena ikusi zen tarte horretan. Partidak antzera jarraitu zuen eta 11 eta 20 aurreratu ziren Peña eta Albisu, baina nekea sumatzen hasi zitzaien. Ezkurdiak ez zuen etsi, eta saiakera ederra egin zuen arbizuarrak 17 eta 21 gerturatuta.  Baikokoak urduritzen hasi ziren. Baina bere akats batek eman zien garaipena Peñari eta Albisuri (17 eta 22). Laukoteak neka barratuta bukatu zuen partida eta “partida oso gogorra” izan zela nabarmendu zuten laurek. Ladisek urdinen pilota batekin kexati azaldu zen. “Sekulako botea zuen, buru gainetik pasatzen zitzaidan” nabarmendu zuen. 

Datorrena
Gauzak horrela, Elezkano-Zabaletak eta Peña-Albisuk puntu bana dute finalerdietako ligaxkan. Igandean, Bizkaian (17:00, ETB1), elkarren kontra ariko dira eta irabazleak hanka eta erdia baino gehiago izango du finalean. Aldiz, bi biko galtzaileak, Ezkurdia-Galarza eta Altuna-Mariezkurrena, elkarren kontra ariko dira larunbatean Adarragan (17:15, ETB1), hil ala biziko partidan.