Tokikom-ek presidente berria du

Guaixe 2021ko api. 23a, 12:45
Tokikom-en batzar orokorra.

Iban Arantzabalek Jone Guenetxearen lekukoa hartu du euskarazko 70 toki hedabide batzen dituen taldean. Ohiko Batzar Orokorrean bazkide berriak onartzeaz aparte, aurtengo gakoak sinergiak eta adimen artifiziala izanen direla erabaki da.

Guaixe fundazioa kide den Tokikom elkarteak Urteko Batzar Orokorra egin du Eibarren gaur. 2020 gorabeheratsuaren errepasoa egin eta 2021eko kudeaketa plana onartzeaz aparte, toki komunikabideen bateraguneak bazkide berriak onartu eta presidente berria ere izendatu du. 

Tokian tokiko eragile guztiendako bezala, 2020 urte zaila izan da 2020 toki komunikabideendako ere. Tokikom-en presidente kargua utzi berri duen Jone Guenetxeak nabarmendu duenez, “zailtasunen aurrean indarrak batu eta kikildu beharrean aurrera egiteko” egindako apustua. Guenetxeak nabarmendu duenez, “zorionez aurreratuta genituen zenbait lan oso baliagarriak izan dira Covid-19ak eragindako zailtasunei aurre egiteko, esaterako alor digitalean eta ikus-entzunezkoen esparruan egindako aurrerapenak. Egoera berezi honek aukera eman digu hainbat gai elkarren artean landu eta bisualizatzeko, baita barrura begira eta kudeaketa ikuspegitik, sektorearen bilakaera monitorizatu eta haren argazki zehatza egin ahal izateko”.

Taldekako ahalegin hori datuetan ere islatzen da: Interneteko kontsumoak goia jo zuen erabateko itxialdiaren eraginez, eta erronka zen irabazitako publiko hori mantentzea behin itxialdia despeditu ondoren ere. Helburu hori betetzat eman du Tokikom-ek, 2020an bere bazkideen Interneteko trafikoa %46 altuagoa izan baita, batez beste, 2019an baino. Datuek argi uzten dute tokiko informazioaren pisua eta garrantzia: itxuraz sare sozialek eta edukien bestelako multinazionalek agintzen duten arren,informazioaren esparruan ere zero kilometroko edukiak berebiziko garrantzia du publikoarentzat, eta ezinbestekoa da ‘informazio-dieta osasungarria’ mantentzeko.

Barne-funtzionamenduari dagokionez, Tokikom-ek bere dinamika biziari eutsi dio 2020an: Teknologia eta Publizitate Batzordeek etengabe jardun dute lanean, eta Kudeaketa Batzordea ere forma hartzen hasi da pixkanaka. Tokikom-en beraren izaera eta funtzioaren inguruko hausnarketa saio mamitsuak gauzatu dira bazkideekin, eta proiektuen alorrean 2015ean irekitako ziklo bat itxi du Tokikom-ek, Vicomtechekin batera garatutako hizkuntzen teknologien eta adimen artifizialaren inguruko ikerketa proiektu batean. Esparru horietan ikertzen eta esperimentatzen jarraitu behar badu ere, orain ikerketa proiektu horren baitan egindako aurrera pauso teknikoak eguneroko jardunean txertatzen joatea da erronka. Hala, Tokikom-eko komunikabideek laster izanen dituzte teknologia horiek eskuragarri Tokikom-ek euskarri ezberdinetarako eskaintzen dituen tresnetan: edizio digitaletarako Tokikom Plataforma Digitalean, Tokimedia multimedia zerbitzarian, eta paperezko argitalpenetarako Edizio Sistema bateratuan.

Aurtengo erronkak
2020aren balorazioa positiboa bada ere, pandemiak bat-batean irauli zituen aurreikusitako plan eta lehentasun guztiak, eta 2021ean horiei berriz heltzeko momentua da. Hala, erronka handietako bat izango da Tokikom barruko komunikabideen artean sarea egiten jarraitzea. Pandemiak erakutsi digun gauzetako bat, gertuko sarearen garrantzia da: elkarrekin aurre egin behar diegula erronka globalei eta egoera berrietara egokitzeko malgutasuna dela gako. Tokikom-ek bere sorreratik izan du toki komunikabideen arteko sinergiak aprobetxatzea langai, baina orain are gehiago, txikiaren malgutasunetik, elkarrekin lan eginez.

Bestalde, Tokikom-ek adimen artifizialaren eremuan sakondu nahi du 2021ean, eta gertutik aztertu hartan oinarritutako teknologiek, eta hain bogan dagoen Industria 4.0 kontzeptuak zer abantaila eta erronka ekar dezaketen euskarazko komunikabideen esparrura. Hala, alde batetik, martxan dituen zerbitzuetan txertatuko ditu azken urteetan hizkuntzaren prozesamenduarekin lotutako garapen informatikoak, eta bestetik, komunikabideen azken hartzaileen fidelizaziorako estrategiak garatzen hasi nahi du, publikoa hobeto ezagutzeko eta bere beharrak modu egokiagoan ase ahal izateko.

Presidente berria
Azkenik, presidente berria ere aukeratu du Tokikom-ek. Jone Guenetxeak, Durangaldeko Anboto astekaria eta orainkariaren zuzendariak, 2017an Urko Aristiren lekukoa hartu zuen, eta, lau urteren ondoren, lekukoa Goienako Iban Arantzabali pasa dio. Guenetxeak esan duenez, “lau urteotan sektorearen eta tokiko sarearen ikuspuntu osoagoa izateko aukera paregabea izan dut. Urte hauetan, aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu elkarrekin: hor dago, esaterako, Hekimen-ekin eta EAEko erakundeekin landutako diru-laguntzen marko berria. Era berean, Tokikom osatzen dugun hedabideon taldeak geroz eta kohesio handiagoa duela esango nuke, eta hori denon lanari esker izan da”.

Guenetxeak azken urte honetako balorazioa ere egin du: “sektore guztietan bezala, pandemiak gure egunerokotasunean eragin zuzena izan du. Ekonomia aldetik, egoera kezkagarria da. Hala ere, gure komunitateak kalitatezko informazioa behar duen sasoi honetan, gure lana inoiz baino garrantzitsuagoa dela ikusi dugu. Konfinamenduko eta horren osteko audientzia datuek erakusten dute krisi sasoian herritarrek tokiko informazioa ezagutu gura dutela. Zero kilometroa gara, eta herritarrek horixe eskatu dute”. 

Guenetxeak urteotan emandako beste aurrerapauso bat azpimarratu du. “Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanak estutzea lortu dugula nabarmenduko nuke. Elkarlanean, Bizkaiko euskarazko tokiko hedabideak indartzeko pausoak ematen hasi gara eta hori albiste pozgarria da”.

Iban Arantzabalek jaso du Guenetxearen lekukoa. Pertsona ezaguna da euskarazko komunikabideen alorrean, eta Tokikom-en sorreratik oso aktibo dabil taldea dinamizatu eta ordezkatzeko lanetan. Arantzabalek esan duenez: “uste dut ez dela zaila izanen Tokikom-en aro berri honetan ardura berri hau. Ez kargu honek ez duelako zailtasunik, baizik eta Tokikom osatzen duten hedabideetan talde humano bikaina dagoelako, presidentzia hau baino askoz ere inportanteagoa den talde-giro profesionala. Administrazio kontseilutik hasita, norabide adostuarekin dihardu lanean Tokikom-ek, eta hedabideoi akuilua sartzen digun hiruko lantaldearekin badago kapazitatea nabarmenduko diren pausoak emateko. Antzerako beharrak eta antzerako erronkak ditugu mahai gainean herri eta eskualdeetako hedabideok, eta badakigu batuta garela eraginkorragoak norbere egitekoetan. Gainera, horrela bakarrik izango gara kapazak denborek eskatzen duten azkartasunez aukera berriei erantzuteko”. 

Arantzabalek aurtengo zereginak ere zerrendatu ditu: “itun berria sinatzea nahi genuke Eusko Jaurlaritza eta Aldundiekin. Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan gaude, eta proposamenak lantzen ari gara bertako bazkideekin batera. Bestalde, udaletako laguntzen garrantziaz jabearazi oraindik konturatu ez dena, herriz herriko merkataritzarekin elkarlanean jardun eta zerbitzu berriak eskaini. Gure ikus-entzule eta irakurlea mimatu nahi dugu erdigunean jarriz eta mundu aldakor hau irakurtzeko testuingurua eman kazetaritza zintzoa eginez: sinesgarri, gertuko, denentzako eta euskaldun. Esku betelan daukagu hurrengo hiru urteetan. Arduraz, baina Tokikom-en lantalde on bat dagoela sinetsita hartzen dut lekukoa; ez litzateke txarra aurreko presidenteak egindako beste lan eginda uztea Tokikom indartsu bat, lantalde honek egingo du”. 

Bazkide berriak
Bi bazkide berri ere onartu ditu Tokikom-ek gaurko Batzar Orokorrean. Alde batetik, Tolosaldeko Ataria, azken urteotan TOKIKOM Plataforma digitalaren erabiltzaile izatetik, orain bazkide oso izatera pasatu dena. Eta, beste batetik, Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamaboskaria, bere jardun osoari, eta batez ere internetekoari, astinaldi handia eman nahi diona.