IDOIA T. A. ETA UNAI O. B.

"Sozialismoa guretako ez da aberastasunaren banaketa soil bat"

Guaixe 2021ko api. 30a, 12:58
Idoia Torrente Armentia eta Unai Otermin Benito.

Krisi testuinguruan eta pandemia betean, badira hilabete batzuk Sakanan eragile berri bata dagoena, Kontseilu Sozialista. Idoia Torrente Armentia eta Unai Otermin Benito erakundeko kideak dira. 

Kontseilu Sozialista Sakana lurraldean hedatzeko helburuaren sortu dutela aipatu dute. 

Zergatik sortu duzue Kontseilu Sozialista Sakanan? 
Antolakuntza lurraldean hedatzeko helburuarekin sortu genuen. Langile klasea babesgabe dagoen esparruetan lan egiteko eta belaunaldi zein sektore ezberdinei borrokarako lekua irekitzeko. Horrela, pixkanaka langileriaren gaitasun propioak areagotzeko asmoz eskualdean gure alea jartzeko. 

Zergatik sozialismoa? 
Kapitalismoa etekin ekonomikoak determinatzen du, hau da, bizitzako esparru guztiak (hezkuntza, osasungintza, harremanak...) diruaren eraginak zeharkatzen ditu. Diruaren, ekoizpen bideen... jabe burgesia da eta, beraz, berea da ere botere politiko eta soziala gaur egun. Langileria, haiendako lan egitera behartuta gaude kapitalismoan, teknologia eta produktibitatea gorantz joan arren, gero eta baldintza ziurgabeagoetan gainera krisi testuinguru honetan. 

Sozialismoa guretako ez da aberastasunaren banaketa soil bat. Ez da langileok burgesiarendako ekoiztu dugun aberastasunaren banaketa justuago bat, baizik eta errealitate sozial oso bat, prozesu baten bidez eraiki behar dena, non etekin ekonomikoa ez dagoen oinarrian, interes kolektiboa baizik. 

Askatasun politikoen handipenaren prozesu bezala ulertu dezakegu sozialismoa, non hainbeste aurreratu dugun ze lurraldearen gaineko kontrol jakin bat dagoen jada. Hortik gure helburu estrategikoa Euskal Estatu Sozialista, langileriak langileria izateari utziko dion eta askatasunerako baldintzak ezartzera bidean. 

Eta sozialismo gisa zer ulertzen duzue? 
Esan bezala, kapitalismoarekiko osotara ezberdin izango den oinarri ekonomiko bat duen gizartea antolatzeko modu bat da guretako sozialismoa. Behar soziala oinarri duen gizarte hori egikaritzeko ezinbestekoa da langileriaren antolakuntza progresiboki garatzen joatea, izan ere, geroz eta gaitasun gehiago izango dituen antolakuntza hori da sozialismoaren enbrioia eta bermea. 

Sozialismoa aldarrikatzen duten beste antolakunde batzuk badaude. Erakunde berria zergatik eta zertarako? 
Lehenik eta behin, errespetu eta ohorea gure Euskal Herri txikia eta mundu hau hobetzeko lanean egon diren eta lanean dauden guztiei. Ez gaude hemen besteak baino gehiago garela esateko. Gure ustez, 1970. hamarkadatik aurrera mendebaldean eta Euskal Herrian bereziki pare bat hamarkada geroago, sozialismoa aldarrikatzen duten antolakunde horiek folklorera mugatu eta sozialismoaren ulerkera desitxuratzen dute. Batez ere jardun politikoa instituzioetara mugatzen dute, itxura erradikala mantendu badezakete ere zenbaitetan. 

Beste eragile batzuk, nahiz eta instituzioetara ez mugatu eta forma erradikalekin jardun, ez dute langileriaren antolakuntza independentearen beharra guk bezala ulertzen. 

Hala ere, eta esan bezala, mugimendu sozialistatik harago sozialismoaren eraikuntzan jarduten duten antolakunde zein pertsonak daude eta prestutasun osoa dugu gure partetik elkarlanerako; guk gure aletxoa jarriko dugu. 

Zein da zuen lan esparrua? 
Egun oinarrizko beharren esparruan gabiltza lanean, GOGORren bidez, oinarrizko produktu eta elikagaiekin. 76 pertsonek jasotzen dute hilero produktuen lotea eta 30 boluntario inguru gabiltza lanean. 

Indarrak areagotzea dagokigu, arlo honetan zein beste lan esparruetan proletalgoak dituen beharrei erantzunez jarduteko aukera izateko. Helburua ez da bakarrik langileriaren defentsarako antolatzea, guk gaitasun ofentsiboak garatu nahi ditugu, burgesiaren boterea kolpatuko duen antolakuntza elikatuz. 

Zein ekarpen egin nahi diozue ibarrari? 
Sistema kapitalista zikin honek sortzen dituen miseriei erantzun kolektibo bat emateko gaitasuna eraiki, langile klasearen espresio antolatu ezberdinen artean zubiak eraikitzen laguntzea eta borrokarako gaitasunak garatzea. 

Hainbat eskualdeetan sortu dira Kontseilu Sozialistak. Zein harreman duzue? 
Agerikoa den moduan Euskal Herriko hainbat eskualdetan sortu diren Kontseilu Sozialisten artean komunikazio eta koordinazio harremana dago. Hainbatetan lan esparru berdinak lantzen dira eta elkarlanerako aukerak hor daude, esaterako, maiatzaren 2an Betelun egingo dugu mahai ingurua, non hainbat eskualdek parte hartuko duten. GOGOR Kontseilu Sozialista Larraunekin batera daramagun dinamika da. Hori dela eta, Maiatzaren Lehenean, elkarlanean jardungo dugu. 

Maiatzaren 1era begira zer mezu zabaldu behar duzue? 
Gure etxeko ateetan dagoen (eta askoren etxea ostikoka bota duen) krisi kapitalistari aurre egiteko, eta harago kapitalismoa gainditzeko langile botere independentea eraikitzea behar-beharrezkoa dela esango dugu. Urte latzak ditugu aurretik Ongizate Estatuaren gainbeherarekin batera miseria orokortzen ari baita langileongan. Langabezia, etxegabetzeak, polizia jazarpena, elikagaiak lortzeko gaitasun eza... 

Langileriaren askapenaren alde borrokatutakoak gogora ekarri eta sozialismoaren beharra eta gaurkotasuna aldarrikatuko dugu. Maiatzaren 1ean, 12:00etan Altsasuko Foru Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Klase batasunaz sozialismoa eraiki!