Mank-ek 200.000 litro konpost banatu zituen joan den urtean

Guaixe 2021ko mai. 20a, 09:29

Konpost metatik zakua betetzen.

Hirukoiztu egin da Sakanako konpost banaketa 2021eko lehen hiruhilekoan. 

Sakanako Mankomunitateko Hiri Hondakin Zerbitzuak jakinarazi duenez, joan den urtean ia  200.000 litro konposta banatu zuen 750 sakandarren artean. Datu horiekin “Sakana konpost banaketan erreferente izaten jarraitzen du”, adierazi dute ibarreko erakundetik. Aurtengo konpost banaketaren martxaren berri ere eman dute: 2021eko lehen hiruhilekoan, jada 60.000 litro baino gehiago banatu dira 200 herritarren artean, joan den urtean epe berean banatutakoaren ia hirukoitza. 

David Oroz Alonso Sakanako Mankomunitateko lehendakariak esan duenez, “banaketa erritmo honi eutsita, urte bukaeran datu benetan pozgarriak izanen ditugu Sakanarendako. Erreferente gara hondakin bilketan lortzen ditugun emaitzei esker, eta hori sakandar asko eta askoren ekarpenari esker izaten ari da. Bide onean goaz”. 

Zerbitzua 
Mank-ek Arbizun duen hondakinen tratamendu plantan konposta urte guztian banatzen da, dohainik. Euren baratzeko lurra edo loreontziak ongarritu nahi duten sakandarrendako aukera egokia da, beraz, konposta eskuratzea. “Aurten ere A kalitateko konposta banatuko da, nekazaritza ekologikoan ere erabilgarria baita, laborategian egindako analisiek zehaztu dutenez”. Arbizun ezarritako perimetro itxieragatik bi aste itxita egon ondoren, dagoeneko nahi duenak handik pasa daiteke konposta hartzera.   

Arbizuko plantara konpost bila joaten direnek ezin dute nahi beste konpost eraman. Etxebizitza bakoitzeko urteko bost zaku eraman daitezke, eta horietako hiru udaberrian hartu daitezke. Hiri Hondakinen Zerbitzuko hezitzaileak astegunetan 09:00etatik 14:30era daude plantan. Konposta hartzera joaten direnak, lehenik bulegotik pasa behar dute izena ematera. Hezitzaileek konposta non eta nola hartu behar den azalduko diete. Behin hori eginda, konposta hartu dezake. Mank-etik eskatu dute etxetik zakuak eramatea, nahiz eta zer gerta ere, han ere badituzten. Zakuak betetzeko palak bertan har daitezke, edo norberak berea eraman dezake.

Zerbitzuko arduradunek esker oneko hitzak dituzte Piensos Unamuno enpresarendako, “zirkulu ekonomiarekin bat eginez eskaintzen duen laguntza paregabearengatik, izan ere, pentsuaren salmentan sortutako zakuak ematen baitituzte konpost banaketan berrerabiltzeko”.

Bisita
Martxoaren 24an Etxarri Aranazko San Donato Ikastetxe Publikoak aukera izan zuen Arbizuko hondakinen kudeaketa planta bisitatu eta ezagutzeko. Bisitaldia eskertu dute Hondakin Zerbitzuaren arduradunek eta aurrerantzean horrelako ekimen gehiago izanen direla iragarri dute.