Amiantoa edonon ez botatzeko deia

Guaixe 2021ko mai. 18a, 09:29
Amiantoa duen uralita zatiak bide bazterrean botata.

Adavan elkarteko kideek uralita zatiak nonahi botatzearen arriskuaz gaztigatu dute.

Altsasuko Ulaiar dermioan, bide bazterrean botata, sasi batzuk gainera botata, estaltzeko. Horrela opatu zituen uralita zati batzuk Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntzarako eta Defentsarako Elkarteko, Adavaneko kide batek. Juan Manuel Paniagua eta Jose Manuel Bueno elkartekideak azaldu dutenez, "amiantoa duten produktuak espezializatutako enpresek kudeatu behar dituzte, pertsonen osasunarendako oso arriskutsua baita". Adavaneko kideek gaineratu dutenez, "naturan edonon botata uralita zuntza askatzen joaten da eta ingurumena amiantoz kutsatzen da". 

Horregatik, uralita eta amiantoa duten materialak edonon kontrolik gabe ez botatzeko deia egin dute Adavaneko kideek. Halako isurketen berri duenak udalari jakinarazteko eskatu dute. Gainera, horiek jasotzeko trebatutako pertsonak egon beharko luketeela nabarmendu dute. 

Elkartea Parlamentuan
Adavan elkarteko kide Paniagua,Bueno eta Julian Ilintxeta Nafarroako Parlamentuan egon ziren martxoaren 26an. Adierazi zutenez, Nafarroan Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailea "duela bi urte onartu zen eta geldirik dago. Horrek kaltetuak izaten jarraitzea eta urtero jendea arrisku handiagoan egotea dakar". Jarritako epeak ez direla bete azaldu zuten Adavanekoek eta Amiantoa Nafarroatik 2032rako ezin izanen dela desagerrarazi gaineratu uzten.

Parlamentuan gaztigatu zutenez, "ez dago udalei edo eraikuntzetako edo iturgintzako langileei informazioa emateko prestatutako langilerik, beraien kabuz ari dira". Langileen prestakuntza beharrezkoa zela gaineratu zuten. Amiantoa duten materialak antzemateko arakatzaileak eskatu zituzten. Bestalde, Adavaneko kideek gaztigatu zutenez,"ez dakigu non geratzen diren amiantoaren hondakinak Nafarroan, eta isurketa horiek biltegiratuta daudela esaten bada ere, suntsiketa bat egon behar da, ezin baita etengabe biltegiratu".

Bestetik, amiantoarekin kontaktuan egon diren langile eta pertsonen zaintza protokoloak aplikatzea exijitu zuten, "gaitzak goiz detektatzeko, ez baitakigu gaitza noiz gara dezakegun". Gainera, Nafarroan kontsumitzen den uraren "azterketa sakona" egitea eskatu zuten, egon daitezkeen hondakinen kopurua aztertzeko.