Lehen mailako osasun arretaren alde “erreakzionatzera” deitu dute

Guaixe 2021ko mai. 14a, 14:59

Osasun etxea zaintzearen alde egiten dute astero Irurtzunen ere.

Larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Baluarte plazatik abiatuko den ‘Zure herria, zure auzoa, zure osasun etxea zaindu!’ manifestazioan parte hartzera deitu du Nafarroako Osasun Plataformak.

Pandemiak eragindako olatuek eta gaitzaren agerraldiek gaixo gehiago eragiten dituzte eta Sakanako osasun etxeetan lana pilatzen da: PCR probak egin, positiboak diren pertsonen jarraipena egin… Gainera, txertaketa kanpaina gehitu behar zaio horri guztiari. Eta lehendik zeuden egitekoak segitzen dute. Horiek egunero ikusten dira ibarreko eta herrialdeko osasun etxeetan. 

Nafarroako Osasun Plataformako kideek gaztigatu dutenez, “pandemiaren kudeaketa gogor kolpatzen ari da Nafarroako herritarren osasun-eskubidea. Aurrez aurreko arreta murriztea, lehen mailako arretan hitzordua lortzeko denbora gehitzea, osasun-zentroetan osasun publikoko jarduerak desagertzea, biztanleriaren buru osasunean ondorio orokortuak areagotzea...” Gaineratu dutenez, “herritarren eta profesionalen arteko harreman-giroa hondatzeko arrisku larria dago; izan ere, plantillak ahaztu egiten ditu kudeaketa horrek, eta, askotan, alde batera uzten ditu, higadura eta desmotibazioa eraginez, eta herritarrek ez dituzte beren beharrak betetzen”.

Osasun Departamentuko arduradunen “utzikeria” salatu dute plataformatik, “beraien promesak behin eta berriz atzeratu ondoren, ez dute horietako bat ere bete Osasunbidearen narriadura azkarra konpontzeko”. Bestetik, Nafarroako Gobernuko arduradunek “osasun-sistema publiko eta pribatuaren beharrezko lankidetzaren atzean, osasun pribatuaren mesedetan sistema publikoa deskapitalizatzeko estrategia eta praktika” daudela salatu dute.  


Lekukotzak 
Mertxe Mazkiaran Guridi 
Zergatik atera behar da kalera osasun etxea defendatzera? 
Dagoeneko zaharrak gara eta osasun etxean zerbitzu ona egotea behar dugu. Medikuak bajan daude, ez daude mediku guztiak, horregatik etortzen naiz. 

Zeren falta sumatzen duzu osasun etxean? 
Osasun etxera etorri naizenetan, langile guztiak daude. Baina jendea dago handik hona mugitzen, asko. Lan handia dute, ez daude beti bezala lanean. Langile gutxi daude. Nik ez dut kexarik, arreta egokia izan dut. Baina langileak gaizki daude. 

Konpondu beharrekoen artean, zuretako zeinek du premia handien?
Langile gehiago ekarri behar dituzte; medikuak, erizainak edo behar dutena. Gutxi daude. 

 

Nieves Martinez de la Fuente Arribas

Zergatik atera behar da kalera osasun etxea defendatzera? 
Gauden baldintzetan, ateratzea beste erremediorik ez dugu. Ea behingoan kasu egiten diguten. 

Zeren falta sumatzen duzu osasun etxean? 
Gauza asko falta dira. Aurrekoan erori zen pertsona batekin hitz egin berri dut. Esan dit osasun etxera deitu eta deitu egon dela, eta ez zioten telefonoa hartzen. Orain hartu dute. Ez dago bere medikua, baina gutxienez begiratu diezaiotela, zauria du eta ez daki zer egin. Hemengo langileek ez dute errurik, agintzen dietenek baizik. Haien hutsak guztiok ordaintzen ditugu. 

Konpondu beharrekoen artean, zuretako zeinek du premia handien?
Ez naiz horretarako egokiena. Baina, gutxienez, telefonoz hots egiten duzunean erantzun diezazutela. Eta, ondoren, etortzen zarenean ongi arta zaitzatela. 

 

Rodolfo Marquez Perujo 

Zergatik atera behar da kalera osasun etxea defendatzera? 
Bazterrean uzten gaituzte eta erantzun gutxi ditugu. Kalera ateratzen gara osasun etxeari buruzko erantzun horiek nahi ditugula ikus dezaten. Jendea kexatzen da, baina ez da kontzentrazioetara etortzen erantzunak jasotzeko. 

Zeren falta sumatzen duzu osasun etxean? 
Ni ez naiz etortzen. Baina gauza ez dago ongi. Ez dute jendea sartzen uzten, ez dituzte zaintzen… Gaizki tratatzen gaituzte. 

Konpondu beharrekoen artean, zuretako zeinek du premia handien?
Landa eremuko osasun etxe guztietan arta gaitzatela. Eta azaldu diezagutela zerbatik ezin gaituzten artatu, edo zergatik ezin garen lehen bezala mediku kontsultara joan. 

 

Antonio Sanchez Pintado

Zergatik atera behar da kalera osasun etxea defendatzera? 
Martxoaren 10ean emaztearekin osasun etxera etorri nintzen. Kontsulta 11:20ean genuen eta 12:30ean atera nintzen. Nahikoa da, ez? Gainera atea jo eta “segundo batzuk itxaron” esaten zuen. Hirutan jo nuen atea eta segundoak hiru ordu laurdenekoak ziren. 

Zeren falta sumatzen duzu osasun etxean? 
Behar bezala artatu dezatela. Langileak falta dira. Mediku kontsultara etortzeko nahi dutenean ematen dizute hitzordua. 

Konpondu beharrekoen artean, zuretako zeinek du premia handien?
Osasun langile gehiago jar beharko lituzkete. Lau beharrean sei jarri ditzatela. 


Jose Ignazio Elorza Diaz

Zergatik atera behar da kalera osasun etxea defendatzera? 
Sistema kapitalista dagoen moduan, guztia pribatizatu nahi du. Beraz, gurearen alde borrokatu beharko dugu! Gainera zentro pribatuei laguntza eman diegu eta ez dute egoera konpontzen. Alderantziz, larriagotu egiten dute. Publiko guztia ondoratzea nahi dute, hara, pribatuetara joan gaitezen. 

Zeren falta sumatzen duzu osasun etxean? 
Osasun langile gehiago. Ez dira guztira iristen. 

Konpondu beharrekoen artean, zuretako zeinek du premia handien?
Nafarroako Gobernuak osasun etxe bakoitzari beharrezko langileria eman beharko lioke, sortu daitezkeenei erantzun ahal izateko. Estatuko osasun zentro guztiak publiko bihurtu beharko lirateke. 



Plantillak


Irurtzungo osasun eskualdea


Haren ardura dira Lekunberri, Betelu, Larraun eta Araitz. Eta Sakanan Arakildik Arruazuraino. Irurtzunen 2 mediku, 2 erizain, 2 administratibo, pediatra (plaza hutsik), pediatria erizaina eta gizarte langile bat daude (astean bitan Irurtzunen eta beste hirutan Etxarri Aranatzen). Emagina astean bitan joaten da. COVID-19 txertaketak egin behar dituztenean edo oporrak ordezkatzeko erizain bat joaten da lanera. Uharte Arakilgo kontsultategian mediku, erizain eta administrari bana daude, azken hori lanaldi erdian. 


Etxarri Aranazko osasun eskualdea


Lakuntza eta Urdiain arteko osasun eskualderako 4 mediku daude: 1 Lakuntza-Arbizu, 2 Etxarri-Ergoiena, 1 Bakaiku-Iturmendi-Urdiain, 4 erizain, 4 administratibo, pediatra bat, pediatria erizaina eta gizarte langile bat (astean hirutan Etxarri Aranatzen eta beste bitan Irurtzunen). COVID-19 txertaketak egin behar izan direnean ez dute beti errefortzurik jaso. 


Altsasuko osasun eskualdea

Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia hartzen ditu. 6 mediku: 4 Altsasun, 1 Olatzagutian, 1 Altsasu-Ziordia. Hiru mediku bajan daude, baina gaur egun aldikako ordezkapenekin postu guztiak beteta daude. Hau da, mediku finkorik ez dagoela. Eskualdeak 6 erizain ditu,  medikuen banaketa berarekin. Horretaz aparte daude: pediatra, pediatriako erizaina, 4,5 administrari, gizarte langilea, bi fisioterapeuta, errehabilitazioko medikua eta X izpietako teknikaria.