Iñigo Zamargilea Rivas

"Eskolan 190.000 egunkari bildu nahi ditugu"

Guaixe 2021ko mai. 27a, 13:50
Gurasoak eta ikasleak Atakondoako patioan.

Atakondoa eskola publikoaren asmoa ikusita, bakarren batek pentsa dezake kazetaritza aztertzeko klaserako gehiegizko ale kopurua izan daitekeela. Egunkari kopuru hori, ordea, ez da horretarako, ikastetxeko bero-eraginkortasuna hobetzeko baizik.  

Udalaren jabetza den eskola publikoan urtero hobekuntza eta berrikuntza lanak egiten dira. Azken urteetakoak energia eraginkortasuna hobetzea helburu dutela azaldu du ikastetxeko zuzendari Iñigo Zamargilea Rivasek. Horren barruan dago martxan jarritako auzolana. 

Zein lan eginen dira aurten ikastetxean? 
Egiteko dauden lanen artean daude patio berria errematatzea eta margotzea. Hori, seguru aski, uda aurretik eginen da. Eta uda sartuta, eskola hutsik eta ikaslerik gabe dugunean, udalak abiatu duen proiektu bat dago, eta, noski, gure jarraipena izanen duena: eskolari isolamendu termikoa jartzea. 

Zergatik halako isolamendua? 
Eskola, Irurtzungo Udala bezala, azken urteetan buru belarri sartuta dago energia eraginkortasunean eta, oro har, ingurumena errespetatzeko lanean. Norabide horretan hau beste pauso bat da. Aurreko ikasturtean panel fotovoltaikoak jarri zitzaizkigun energia erabat berriztagarri eta garbia izateko eskolan. Instalazio eta hargune elektrikoan hainbat lan egin dira. Oraingoan bero-eraginkortasuna hobetu nahi dugu eta, erraz esanda, gutxitu eskolatik eskapo egiten duen bero kopurua.  

Zein lan mota izanen da? 
Paretetan eta teilatu azpian zelulosa sartuko da. Aldez aurretik, eskolak bat egin du ekimen horrekin, eta lehengai hori biltzen hasiko gara. Paretetan txertatuko dugun zelulosa eskolan bilduko ditugun egunkari paperetatik aterako baita. 

Eskola komunitate guztia egunkari bilketan jarri duzue? 
Horixe! Ikasleak beraien etxeetatik egunkariak aste honetan ekartzen hasiko dira. Azpimarratu beharra dago egunkari papera besterik ez dugula bilduko. Egunkari paper hori astean behin biltegiratuko da. Ondoren, oker ez banago, Beriaingo lantegi batera eramanen da. Han zelulosa egunkari paperetik aterako da eta zelulosa hori udan bueltatuko da eskolara. 

Astean behingo bilketa noiz eginen duzue? 
Ostegunetan. Baina hori da udalak astean behin eginen duen bilketa. Gela bakoitzean adostuko dute paper hori egunero nola bildu. Nola elkartu dena, ez ibiltzeko jaisten eta. Gela bakoitzak izanen du autonomia hori antolatzeko. 

500 bat ikasle zarete. Egunkari asko bildu ditzakezue, nonbaiten gorde beharko dira!
Ez dakit lortuko dugun, baina asmoa dugu 190.000 egunkari biltzea. Helburu handi xamarra da. Gure aurreikuspenean horri lekua bilatu behar zaio. Guk astean zehar eskolan biltegiratuko ditugu eta, ondoren, udal biltegi batera joanen dira egunkari guztiak. 

190.000 egunkari. Erronka zenbatean bete nahi duzue? 
Hilabete bat emanen dugu horretan.  

Gero lantegira eramateko. Behin hasita, ikasleek egunkari horien arrastoari segituko diote?
Udalarekin adostuta dugu lantegira bisita batzuk egitea. Ezin 500 ikasle pasa eraman, baina talde batzuk hara hurbilduko dira eta prozesua in situ ikusiko dute: beraien egunkariei zelulosa hori nola ateratzen zaien ikusiko dute, eta nola ekoizten den gero paretetan txertatzen den lehengai hori. 

Heldu den ikasturtean goxo-goxo eta bero egoteko. 
Pentsatzen dugu goxotasun berbera izanen dutela. Baina aldatuko dena da zenbat gastatzen dugun berogailuan eta zenbat CO2 isurtzen dugun. Azken urteetan eskolan egin diren lanei esker pasatu gara 2012an 400 tona pasa CO2 isurtzetik 2020an 191 isurtzera. Beraz, erdia baino gutxiago. Eta hiritarrei asko inporta zaien gastua murriztu egin da: 2012ko 41.000 euro gastatzen ziren eta 29.000 euro gastatzera pasa gara. Hobekuntza begi bistakoa da. Bero-eraginkortasun neurriekin kopuruak gehiago murriztea da asmoa. 

Lanak egiteko erabakia ikastetxetik, guraso elkartetik, udaletik, nondik sortzen da?
Lan horiek guztiak udalak duen estrategia plan baten barruan sartzen dira. Eskola udalaren jabetza da. Guk lan horiek guztiak errazten ditugu, babesten ditugu eta, aukera dagoenean, modu praktikoan gehitzen gara, kasu honetan egunkariak biltzen. 

Nola hartu dute ikasleek eta familiek egunkari bilketarena? 
Aste honetan jarri dugu martxan proiektua. Eta, momentuz, ez dugu ez familien ez ikasleen inongo feedback-ik eskuratu. Hurrengo egunetan jasoko dugun informazio bat izanen da hori. Ailegatu zaigun informazioa da ikasleek gogo onez hartu dutela ekimena. Baina oraindik ez dugu egunkaririk jaso. Martxan jarri berri dugu proiektua, ez dugu betarik izan egiaztatzeko harrera hori praktikan zertan gauzatuko den. Itxura ona, behintzat, badu. 

Gerta daiteke eskola komunitateko kideak ez direnak ere animatzera egunkariak ematera!
Hori da familiei eskatu zaien zerbait, ekimena pixka bat hedatzea. Batez ere egunkari bilketa hau auzo lagunei, familiako beste pertsonei eta, oro har, ahalik eta jende gehien sartzea. Proiektua eskola komunitateak gauzatuko du, baina zenbat eta laguntza gehiago izan, orduan eta egunkari gehiago bilduko ditugu eta errazago izanen da dena. 

Herri guztiari birziklatzeari buruzko lezio ederra ematen ari zarete.
Ez dakit gu horretan, eta beste ezertan, inori lezioak ematekoak garen. Atari bat zabaldu dugu, norabide positibo batean lan egiteko.  Eta, noski, bide horretan lagundu nahi duten guztiak ongi etorriak izanen dira. 


Aurrekaria 
Irurtzundarrak halako auzolanak egiten eskarmentua badute. Duela 50 urte irurtzundar gazte talde bat Erga mendira igotzen hasi zen igandero. Helburua: Ergako Trinitate ermita eta aterpea konpontzea. Lanak urtetan luzatuko ziren eta haiek finantzatzeko moduetako bat “papera operazioa” izan zen. Gazte haiek egunkariak eta kartoia jasotzen zituzten etxeetan. Eta, batez ere, pentsuaren paperezko zakuak. Horiek inguruko herrietako abeltzainei eskatzen zizkieten. Kamioia betetzeko adina zutenean Uharte Iruñeko paper fabrikara eramaten zuten. 1973tik 1988ra egin zen bilketa eta haren bidez 113.430 pezeta (681,72 euro) lortu zituzten, ordurako dirutza.