harrera duina

Udala aldamen berriei hurbiltzeko ariketa

Guaixe 2021ko eka. 15a, 14:16
Uharte Arakilgo udaletxean ongi etorria 12 hizkuntzetan ematen duen pankarta jarri zuten. Argazkia: Anitzartean

Herrira iritsi diren bizilagunei udalak eta eskualdeko zerbitzuak gerturatzeko harrera ekitaldia egin zen larunbatean Uharte Arakilen. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak aurten, momentuz, beste bost herrietan egitea aurreikusi du.

Ongi etorri hitza dozena bat hizkuntzatan idatzia zegoen pankarta handi batek egin zien harrera larunbat eguerdian Uharte Arakilgo udaletxera joan ziren guztiei. “Haren bidez etorri berriei adierazi nahi diegu kontuan hartzen ditugula beraien ama hizkuntzak eta abegikortasun keinua ere izan nahi du”. Udaletxe barruan uhartear berriei harrera ekitaldia egin zitzaien. Zinegotzi batek eta uhartear batek banatu zituzten larunbaterako gonbidapenak. “Keinu horrekin hurbiltasuna adierazteaz aparte, parte hartze sentimendu txiki bat sortzen da”. Hogei uhartear berri zeuden gonbidatuta, baina lanagatik edo bestelako konpromisoengatik hiru izan ziren harreran. 

Haren bidez “udala herritar berriei hurbildu nahi zaie, baita aurrez aurreko ongi etorria eskaini ere”. Txomin Uharte Baleztena eta Martze Villanueva Palacios zinegotziak, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Juana Jaka, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko Izaskun Errazkin eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko Bego Zestau Baraibar izan ziren uhartear berriei harrera egin zietenak. Udal ordezkariek herritar berriei Uharte Arakilera ongi etorria eman ondoren, herrian dauden zerbitzuen berri eman zieten. Horrekin batera teknikariek Sakanako zerbitzuen berri eman zieten.  Ahoz azaldutakoa jasotzen duen argibide orria jaso zuten uhartear berriek. Hartan zerbitzuen telefonoak eta e-postak daude. 

Herri gehiagoetan
Joan den urtean Arbizun eta Etxarri Aranatzen egin ondoren, Sakanako Mankomunitateko zerbitzuek eta Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek ongi etorri ekitaldiak ibarreko herri gehiagotan egitea aurreikusten ari dira. Aurten Uharte Arakilez aparte, beste bost udalerritan eginen dira harrera ekitaldiak: Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Urdiain eta Ziordia. Baina beste herriren batek egitea nahiko balu aukera legokeela gaztigatu du Zestauk. 

Kulturartekotasun teknikariak azaldu duenez, Arbizun eta Etxarri Aranatzen hainbat informazio eman zitzaien, besteak beste, euskarari buruzkoa. “Eta hortik euskara ikasteko nahia sortu da”, jakinarazi du Zestauk, “eta hor gabiltza, euskara ikastaro bat antolatzen”. Aitzindari izan ziren bi udalak aurten etorri berriei harrera egiteko ekitaldia eginen dute. “Anitzartean Zerbitzuaren helburua da udal guztiek pauso hori ematea. Helburua da udalek harrera ekitaldiak praktika on gisa barneratzea eta jarraipena izatea, urtero edo behar den bakoitzean egitea”, argitu du teknikariak.