Sakana presente Nafarroako Ikerketa eta Garapen jardunaldian

Guaixe 2021ko eka. 23a, 13:31
Jardunaldiko parte hartzaileen talde argazkia. Eskuinean, behean, Esekiko Juan Esteban Ceberio.

Foru administrazioak antolatutako '% 100eko I+G Nafarroa' jardunaldiaren baitan E-hiera eta Trombe proiektuen berri eman zuten.

Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentuak Foru Erkidegoan 2017 eta 2020 bitartean egindako eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako Ikerketa eta Garapenerako (I+G)  proiektu estrategikoen emaitzak aurkeztu zituen asteartean, '% 100eko I+G Nafarroa jardunaldiaren baitan. 33 ekimen dira, guztira 60 milioi euro aurrekontua dutenak, horietatik 50 milioi laguntza publikoak. Jardunaldiaren barruan lau mahai-inguru izan ziren eta haietan garatutako edo oraindik gauzatze-fasean dauden kasu arrakastatsu batzuen berri eman zen. Mahai-inguruetako bat energia berriztagarriak biltegiratzearen ingurukoa izan zen eta han Sakanako egitasmoen berri zabaldu zen.  

E-Hiera proiektu estrategikoak mikrosareen bidez energia biltegiratzeko bi produkturen garapena lortu du. Zehazki, teknologia berri eraginkorragoa, energia kostua murriztea, baita negozio eredu berria sortzea. Hartan Sakanako Garapen Agentziak, Cenerrek, Permagsak, Iradi ingeniaritzak, Esekik, Nilsak, Nafarkoopek eta Talleres Araniak parte hartu dute. Egitasmoak 2,1 milioi euroko aurrekontua du. Esekiko Juan Esteban Ceberiok eman zituen azalpenak jardunaldian. 

Trombe proiektu estrategikoa, berriz, eraikuntzako elementu berritzailea, modularra eta arina garatu, eraikinetako fatxadetan energiaren optimizaziorako aproposa sortzean datza. Proiektua garatzen ari dira oraindik. Cener, Garciandia zurgindegia, soltek, Aldakin, Contec ingeniaritza eta arkitektura dira parte hartzaileak eta milioi bat euroko aurrekontua izan du. Cenerreko Fco. Jose Serna Lumbrerasen ardura izan zen egitasmoaren berri ematea. 

Kontseilaria 
Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilari Mikel Irujo Amezagak azpimarratu zuenez, "2019an BPGren gaineko I+Gko inbertsio publikoak hobera eginen duela baieztatu du estatistikak Nafarroarendako". Era berean, aurtengo deialdia tramitazio prozesuan dagoela eta 16 milioi euro dituela gogorarazi zuen. “Inoiz baino gehiago, Nafarroako enpresek berrikuntza, lankidetza, digitalizazioa eta sormena behar dituzte”, azpimarratu zuen.

Testuinguru horretan, I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzek duten garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, eragin handiko proiektuak sustatzen dituzte, Nafarroako Espezializazio adimenduneko Estrategian (S3) identifikatutako sektoreekin lerrokatuta, hala nola automobilgintza eta mekatronika, nekazaritzako elikagaien industria, energia berriztagarriak, osasuna, turismoa edo industria sortzaile eta digitalak.

Pizgarri horien onuradun izan daitezkeenek zenbait ezaugarri bete behar dituzte diru-laguntza jasotzeko, esaterako, proiektu bakoitzeko gutxieneko zenbatekoa milioi bat eurokoa izatea. Kontuan hartzen da, halaber, "Industria-ikerketa" edo "garapen esperimentala" sustatzea, Espezializazio adimenduneko Estrategiak (S3) ezarritako erronkei lotuta. Eta, batez ere, gutxienez ikerketa-erakunde baten eta erreferentziazko erakunde edo traktoreen artean lankidetza zuzena egotea.

Uxue Itoiz Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen S3ko zuzendari nagusiak aurrera egitera eta proiektu berriak bilatzen laguntzera animatu zituen enpresak, ikastetxeak eta akademia: “Deialdi hauetan, garrantzitsua da proiektu disruptiboei irekitako gune bat izatea, antzeman ditzakezuen beharrei eta hutsune berriei erantzuteko, aurrera egin ahal izateko eta Nafarroa berrikuntzan eskualde liderra izan dadin”.