Foru gobernuari tortura ikertzeko eskatu diote

Guaixe 2021ko uzt. 1a, 19:28
Antonio Goñi Igoaren eta Mikel Zabalzaren argazkiak eta aldamenean senideak. @AHOTSAINFO

Nafarroako Torturatuen Sareak zabaldu duenez, azken hamarkadetan Nafarroan mila bat pertsona torturatuak izan dira.

Torturatuak Babesteko Nazioarteko Eguna zen larunbatean. Hura baliatuta, Nafarroako Torturatuen Sareak ekitaldia antolatu zuen herrialdeko parlamentuaren aurrean. Sareko kideek, lehenik eta behin, torturatuak izan diren pertsonen aitortza eta erreparazioa exijitu zuten. Baita erakundeei gertatutakoa aitortzea ere. Horrekin batera eskatu zuten “bermatu dadila beste inork tortura pairatu ez dezala”. 

Nafarroako Torturatuen Sareak foru administrazioari “ikerketa ofiziala egitea” eskatu zuen, “estatuko segurtasun indarrek zenbat pertsona torturatu dituzten jakiteko”. Tortura praktika “konstantea” izan zela nabarmendu zuten, “arma politiko gisa erabili zen disidentzia politikoa delakoaren kontra. Hamarkadetan ukatu eta estaltzen saiatu diren praktika. Estatuko erakundeek kontsentitu eta legitimatu dute. Modu batera edo bestera kolaboratu dute: alderdi politikoek, epaileek, mediku forentseek, baita hedabideek ere”. 

Sareko kideek azaldu zutenez, “Europatik estatuaren kontrako epaiak heltzen diren arren, gure testigantzak ezagutu arren, gaur egun batzuek uko egiten diote lehen pertsonan bizi izan duguna aitortzeari. Gure kontra tortura erabili zuten. Bada garaia egin zigutena aitortzeko” gaztigatu zuten. Torturaren gaian ere memoria berreskuratu beharra aldarrikatu zuten eta tortura kasuen ikerketa “independentea eta zientifikoa” exijitu zuten. 

Aurreko legegintzaldian, 2018an, Nafarroako Gobernuak deialdia egin eta 18.000 euro eman zizkion Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuari 1960tik gaurdainoko tortura kasuak ikertzeko. Espainian PP zegoen agintean eta helegitea jarri zuen, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak deialdi hura atzera bota zuen. 

Iruñean ostiralean egindako ekitaldian Mikel Zabalza orbaizetarraren irudiarekin batera, Antonio Goñi Igoa etxarriarrarena egon zen; 1970ean, Burgosko prozesuaren kontrako manifestazio baten ondoren atxilotu eta torturatu zuten. Polizia etxetik atera ondoren, eskuetan azkazkalik gabe utzi zuten etxarriarrak bere buruaz beste egin zuen.