Zure seme-alabak ezagutzen dituzu, benetan?

Guaixe 2021ko uzt. 30a, 09:05
Gurasoek prebentzian duten garrantzia nabarmendu dute prenbentzio teknikariek.

Nerabezaroa aldaketa garaia delako, “beharrak dituzte eta gurasoek prozesu horretan lagundu eta babestu behar dituzte. Hezkuntza komunikaziotik sortzen den prozesu bat da. Gatazkei heltzea eta elkarrekin hausnartzea gakoa” dela gogorarazi dute Sakanako prebentzio teknikariek. Sare sozialen bidez bideoa zabaldu dute. 

Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prebentzio zerbitzuek 21 daramatzate udan prebentzio kanpainak egiten. Etxarri Aranatz aldeko prebentzio Luci Gonzalez de Pedroso Saezek azaldu duenez, “udan, eguraldi onak bultzatuta, oporrak, denbora librea izatean gehiago ateratzen gara kalera, eta horrek gehiago kontsumitzeko aukeran jartzen gaitu”. Irurtzun aldeko teknikari Josune Zabala Ijurkok gaineratu duenez, “uda prebenitzeko momentu egokia dela iruditzen zaigu. Momentu honetan festarik ez dago baina, hala ere, badakigu jendea ateratzen dela eta kontsumoak daudela”. 

Urteen joanean hainbat gai landu dituzte uda partean: lehen kontsumoak, nahasketak, alkohola eta gidatzea, festa aurretik erabakiak hartzea… “Udako kanpainak, normalean, zuzenduta gazteei, nerabeei baita familiei ere, etxetik egin daitekeen lana oso garrantzitsua delako”, adierazi du Zabalak. Eta gaineratu du: “kontziente gara gizartean hainbat egoerari aurre egin behar diotela gazteek eta prebentzio hitzak aurreratzea esan nahi du. Azken finean, gazteak jantziak egotea egoera horiei ahalik eta hobekien aurre egiteko”. 

Altsasu aldeko Eneka Irizar Martinez prebentzio teknikaria jakinarazi duenez, “aurtengo kanpaina familiei dago zuzenduta, eta zeharka seme-alabei. Familiei nerabezaroan opa daitezkeen hainbat egoeren berri ematen zaie: kontsumoak, sustantziarik gabeko kontsumoak (pantailak…), sexu-harremanak, jazarpena…” Sare sozialen bidez zabaldutako bideo batek zabalduko du “aurreratzeari” buruzko mezua.