Giro ederra Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioan

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 13a, 14:30

Motxila 21 taldearen alde antolatutako zumbathoiak makina bat sakandar bildu zituen, baita musika talde ezaguneko kideak ere

Larunbat eguerdian hasi ziren zumbako lehendabiziko mugimenduak Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekuaren kanpoaldeko pistan. Ordu bat lehenago haurrendako lasterketa solidarioa izan zen, eta ondoren iritsi zen musika eta koreografien txanda. 6 monitoreen esanetara, denetariko dantzak eta koreografiak jarraitu zituzten Motxila 21 musika taldearen alde antolatutako Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioan bildutakoek. Izan ere, ekimenean bildutako guztia musika talde ezagunari bideratu zitzaion. Haurren lasterketako partaideek 2 euro ordaindu zituzten, Zumbathoiko partaideek 5 euro eta ikusleek bi euro. 

Dantzarien artean zeuden Motxila 21 taldeko kideak, Aintzane Lizarraga dorrobarra tartean. Gustura jarraitu zituzten monitoreen mugimenduak, eta, bukaeran, guztiak igo ziren oholtza gainera, “Somos la banda Motxila 21” kantuari jarraiki prestatutako koreografia dantzatzera.

Egun ederra izan zen, Motxila 21-ekoendako bereziki, eta balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek.