Astekaria

28 sakandar Beriain gainera

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 27a, 13:30
Joxeja Maiza, Beriainera bidean.

Mikel Beunza eta Maria Ordoñez gailendu ziren Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean baina Aralar Mendik antolatutako proban guztiak izan ziren protagonista. Igor Arrieta eta Marina Zabala izan ziren lehen sakandarrak eta Jose Luis Beraza, Erkuden San Martin eta Sakana Bizirik taldekoak ere podiumera igo ziren. 

Sakandarren batek podiumean muturra sartuko balu sekulako poza hartuko lukeela aitortu zuen igandeko lasterketa jokatzeko bezperetan Aralar Mendi elkarteko Juanjo Goikoetxea Berasategik, eta behin baino gehiagotan sakandarrak  Uharte Arakil-Beriain Km Bertikaleko podiumetik igo eta jaisten ikusi zituen antolakuntzako kideak, kontentu. Beste behin, oso arrakastatsua izan zen agian Nafarroako kilometro bertikalik gogorrena den proba –ez ahaztu 5 kilometrotan 1.023 metroko desnibela gainditu behar dela–, eta pandemia aurreko edizioekin alderatuta, soilik bukaerako auzate oparoa, dutxa zerbitzua eta txikikeriaren bat izan zituen faltan. Giroa bikaina baitzen, festa giroa. Sakandarrek ez zuten huts egin: 28 sakandarrek lortu zuten proba despeditzea, nabarmentzeko datua. 

Goizeko 10:00etan hartu zuten irteera izena emanda zeuden korrikalariek, frontoi paretik. Binaka atera ziren, 30 segundotik behin, azken hamarrak izan ezik; horiek banaka atera ziren, 30 segundotik behin. Eguraldia fresko esnatu zen, korrika egiteko primerakoa. Lurrak ongi xurgatu zituen bezperan botatakoak, eta ez zegoen lohi aipagarririk. Lehendabizi atera zirenek lainoa topatu zuten erdialdetik gora, baina bukaeran atera zirenekek, ez, ordea. Beriain puntan hotza zen nagusi, baina korrika egiteko ez zegoen trabarik. 

Mikel Beunza eta Xabier Macias ziren aurtengo edizioa irabazteko faboritoak eta aurreikuspenak bete ziren. Azkenean Mikel Beunza beteranoa izan zen azkarrena (41:35). Txurregi taldeko korrikalariak minutu pasako aldea atera zion Xabier Maciasi (42:44), eta hirugarrena Sestao taldeko Hodei Samaniego izan zen (44:07). Beunzak ez zuen 2015ean Aitor Osak ezarritako errekorra gainditu (39:54), baina Alkotzeko korrikalaria kontentu zegoen. Makina bat trofeo lortu zituen, proba irabazteaz gain, lehen beteranoa izan baitzen, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako  txapelduna eta Nafarroako Km Bertikalen lehen beteranoa. 

Igor Arrieta: “Txirrindularitza denboraldia bukatu dudanez, herriko lasterketan ateratzera animatu naiz”

Igor Arrieta, oso ongi
Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarrak mendian gora bizikletan bezain ongi dabilela erakutsi zuen. Sailkapen orokorrean 11. postuan sailkatu zen (46:26), eta hainbat sari jaso zituen: lasterketako lehen juniorra, lehen sakandarra eta lehen uharte arakildarra. Pozik zegoen. Denetarako balio ote duen galdeginda, irribarre egin zuen. “Txirrindularitza denboraldia bukatu dudanez, herriko proban, Kilometro Bertikalean aritzera animatu naiz. Eta egindakoarekin kontentu nago” zioen, beti bezain umil. Hori bai, podiumera igo eta argazkietarako kokatzen esperientzia duela agerikoa zen. Beriaingo azken maldak lau hankatara nola igo zituen ikustea harrigarria izan omen zen. Bigarren sakandarra sailkapen orokorrean 13. sailkatu zen Eukeni Goikoetxea izan zen (46:31). Altsasuarra fin ibili zen, oso ongi. 

Jose Luis Beraza: “Horrenbeste denbora lasterketetan parte hartu gabe egon eta gero, errespetu pixka batekin ibili nahiz, gehiegi estutu gabe, baina 2019ko ia denbora bera egin dut”

Jose Luis Beraza, sasoian
Jose Luis Beraza beterano uharte arakildarrak sasoi betean jarraitzen duela erakutsi zuen. Pandemia hasi zenetik inolako lasterketatan aritu gabe egonda, bere bueltan oso fin aritu zen eta sailkapen orokorrean 30. postuan sailkatu zen (48:54), probako hirugarren beteranoa. “2019ko denbora ia bera egin dut, 2 segundoren aldearekin. Urte eta erdi luze, horrenbeste denbora lasterketetan parte hartu gabe egon eta gero, errespetu pixka batekin ibili naiz, gehiegi estutu gabe, lehertuko ote nintzen beldur. Agian denbora hobetu nezakeen, baina oso pozik nago, besteak beste, azkenean lasterketa batean parte hartu ahal izan dudalako, herrikoan, gainera, podiumera pare bat aldiz igo naizelako eta aspaldiko korrikalari eta lagunekin biltzeko aukera izan dudalako” zioen uharte arakildarrak. Lasterketako hirugarren beteranoa izateaz gain, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketan beterano txapeldunordearen saria ere jaso zuen Berazak eta datorren lasterketa heltzeko “irrikaz” dagoela aitortu du. 

Emakumezkoetan Igone Campos eta Ainhoa Lendinez zeuden faboritoen artean, baina Maria Ordoñez iruindarrak sekulako maila eman zuen eta ezbairik gabeko garaipena lortu zuen (48:51). 2019an Ainhoa Sanzek lortutako errekorra (47:54) hautsiko ote zuen, azken unera arte jakin mina zegoen, baina ez zen posible izan. Pozik zegoen Ordoñez, bigarrenari, Naiara Irigoien burlatarrari bi minutu pasa atera zizkiolako (51:38). Hirugarren postuan Igone Campos sailkatu zen (53:18). Zumarragakoak Ordoñezek baino 4 minutu gehiago pasa behar izan zituen. 

http://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2021_37/6572/argazki/53000_1632139107.jpg

Marina Zabala: “Lehen sakandarra izatea ez nuen inondik inora espero”

Marina Zabalaren mustutzea
Korrikalari sakandarren artean, Marina Zabaleta Sukia izan zen azkarrena. Kilometro Bertikalean mustu zen lakuntzarra, eta sailkapen orokorrean 137. postuan sailkatu zen (1:02:11), emakumezkoetan hamabosgarrena. “Nire lehenengo Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala izan da; betidanik joaten nintzen lasterketa hau ikustera, dagoen giroa asko gustatzen zitzaidalako. Beti inbidiaz, azkenean aurten parte hartzera animatu naiz, eta oso kontentu nago. Bidea nahiko gogorra da, dena aldapa gora, baina indarrak neurtzen jakinda, azkenean gailurrera heltzen zara. Egindako lanarekin kontentu nago, gutxi gorabehera espero nuen denbora egin dut. Oso gustura” azaldu zuen korrikalariak. 

Lehen emakumezko sakandarra izatea ez zuen espero. “Ez nuen inondik inora espero. Uharte Arakilgo plazara iritsi nintzenean, korrikalariei oparitu ziguten opari poltsa jasotzera joan eta orduan esan zidaten. Harrituta geratu nintzen, eta podiumera igotzeak lotsa ematen zidan, baina oso pozik, egia esan” aitortu zigun lakuntzarrak, irribarrez. Urriaren 3an Etxarri Aranatzen jokatuko den Mendira Joan-etorria izango da bere hurrengo erronka. “Ea Maiatzera joan etorri hori zer moduz ateratzen den. Pixka bat prestatu dut eta disfrutatzera aterako naiz” azaldu zuen. 

Erkuden San Martin: “Oso gustura nago, egindakoagatik, baina, bereziki, dagoen giroagatik”

Erkuden San Martin, Nafarroako beterano txapelduna
Zabalaren alboan, eta bera bezala oso pozik zegoena Erkuden San Martin zen. Etxarriarra sailkapen absolutuan 144. postuan sailkatu zen (1:03:07), emakumezkoen sailkapenean hemezortzigarrena. “Oso gustura ibili naiz, zer esango dizut. Egindako lanagatik, baina horretaz aparte, mendian egon den giroagatik eta orain Uharte Arakilen dagoen giroagatik. Gutxika lehengora bueltatzen ari gara, bada garaia” zioen korrikalari etxarriarrak. Erkuden San Martin Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako beteranoen mailako txapeldun handia izan zen, eta podiumaren gorenera igo zen.  

Bestalde, uharte arakildar onenen saria Igor Arrietak eta Txaro Huartek jaso zuten, herritarren eta gainontzeko korrikalarien txalo zaparrada artean. Korrikalariak gustura ibili ziren elkarrekin kontu kontari, askok eta askok, aspaldiko partez, ez baitzuten elkar ikusten. Bukatzeko, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako taldekako sariak banatu zituzten. Gizonezkoetan, Txurregi izan zen talderik onena, Sakana Bizirik taldearen aurretik. Hiru Herrik jaso zuen hirugarren saria. Eta, emakumezkoetan, Hiru Herri gailendu zitzaion Txurregiri. 

Antolakuntzakoak, Aralar Mendi taldekoak, proba behar bezala atera zela nabarmendu zuten, ez zela lesio ez arazo aipagarririk gertatu. Beste behin, mendi korrikalarien festa ederra izan zen Uharte Arakilgoa. 

Hurrena urriaren 3an, Etxarri Aranatzen
Sakanan jokatuko den hurrengo mendi lasterketa urriaren 3an goizeko 11:00etan abiatuko den 46. Mendira Joan-etorria izanen da, eta gure korrikalariek aste luzeko epea dute proba behar bezala prestatzeko. Etxarri Aranazko plazatik aterata, 1.065 metrotan kokatuta dagoen Maiatzera igotzea eta plazara jaistea da erronka (10 km eta 557 metroko desnibela). Izena ematea zabalik dago www.kronoak.com webgunean, urriaren 1eko 23:59ak arte (10 euro), eta gutxieneko adina 16 urtekoa da. Lasterketa Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatzen duen Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria da. 

Sakandarrak Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean
Proba absolutua (5 km, 1023 m desnibela)

Gizonak
1. Mikel Beunza 41:35
11. Igor Arrieta 46:26
13. Eukeni Goikoetxea 46:31
30. Jose Luis Beraza 48:54
33. Juan Larrea 49:21
38. Javier Larraioz 50:18
43. Eneko Aramendia 50:34
57. Javier Borrega 52:19
69. Alatz Agirre 53:40
74. Joseba Galarza 54:11
78. Arkaitz Munarriz 54:38
82. Aimar Araña  55:23
92. Jose Javier Beregaña 55:56
99. Ioseba Iza  56:41
105. Jose Javier Maiza 57:15
115. Carlos Mañeru 58:08
121. Javier Marin 58:27
123. Xabier Etxeberria 58:49
153. Kepa Gordo 1:04:35
163. Julen Flores 1:08:02
167. Xabier Ganboa 1:09:06
169. Luismi Chaves 1:10:10
170. Fran Araña 1:10:15
175. Jokin Vilariño 1:46:55

Emakumeak
29. Maria Ordoñez  48:51
137. Marina Zabala 1:02:11
144. Erkuden San Martin 1:03:07
158. Ainhoa Beraza 1:06:20
165. Eneritz Karasatorre 1:08:39
176. Txaro Huarte 1:53:04