Urbasa Andia Bizirik plataformak 5.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zituen atzo Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren egoitzan. Hainbat sinadura Sakanan jasotakoak ziren. Haien bidez Green Capital enpresak Lezaun, Iturgoien eta Deierri udalerrietan proposatutako Aldane haize poligono aurreproiektuaren kontra agertu dira. Alegazio horietan, “martxan diren mota horretako proiektu guztiak geldiarazteko eta Nafarroan behar dugun energia ereduari buruzko hausnarketa eta plangintza prozesu egokia irekitzeko” eskatu dute.
Plataformaren ustez, esku hartze hori “gaizki kokatuta dago, neurriz kanpo dago eta demokraziaren aurkakoa da". Horretaz aparte, "ingurumenari dagokionez, zentzugabekeria da. Urbasa Andia parke naturalari eragiten dio, babestutako espezieei, oso baliotsuak diren zonaldeko ekosistemei, eta denok dakigu fisikoki egitea ezinezkoa den proiektu bat dela, guztiarekin bukatu ezean”, adierazi zuten plataformako bozeramaileek, indar politikoei “burbuila espekulatibo horiek geldiarazteko” eskatu zieten, “basoak ez ezik, haiek landetako guneen eta haien etorkizunaren alde egin dezaten”. Ildo horretan, gogorarazi zuten badirela makro proiektu horien alternatibak, aste honetan Foru Gobernuak berak eguzki plakekin Nafarroako kanala estaltzeko planteamenduarekin erakutsi duen bezala. “Trantsizio energetiko bat posible egin behar dugu, baina trantsizio justu eta demokratiko bat, pertsonak erdigunean jarriko dituena, eta ez enpresen interes espekulatiboak”, ondorioztatu zuten.