Banda zabalak badu hitzarmena

Juan Carlos Cigudosa kontseilaria eta David Oroz Alonso SGAko burua. NAFARROAKO GOBERNUA

Ibarreko hemeretzi herritan zuntz optikoa zabaltzeko, Sakanako Garapen Agentziak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute gaur.

Sakanako Garapen Agentziak eta Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, hitzarmena sinatu dute. Agiriak Juan Cruz Cigudosa kontseilariaren eta David Oroz Alonso SGAko buruaren sinadura du. Haren bidez ibarrean banda zabala hedatzea erraztuko da, zehazki, Arakilgo hemeretzi herritan: Aizkorbe, Ekai, Etxarren, Etxeberri, Errotz, Izurdiaga, Murgindueta, Satrustegi, Urritzola, Ihabar, Zuhatzu, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lizarraga, Uharte Arakil, Irañeta eta Lakuntza. Guztien artean 7.178 biztanle biltzen dituzte, eta gutxi gorabehera 3.263 etxe eta negozio daude. 

Hitzarmen horren indarraldia abenduaren 1ean despedituko da, eta Sakanako Garapen Agentziari Sakanako udalerrietan banda zabaleko planaren (Nafarroako Plan Erreaktiboa) jarduerak egiteko emango zaion diru-laguntza arautzea du helburu. Horrela, hitzarmenak kanalizazio-obra zibil bat gauzatzea jasotzen du, etorkizunean Sakanako herrietan banda zabaleko telekomunikazio-sarea hedatzeko, 116.000 euroko zenbatekoarekin. 
 
Adierazpenak
Cigudosak esan duenez, “Banda Zabalaren II. Planean ezarritako helburuekin bat dator hitzarmena, Parlamentuaren agindu bati ere erantzuten dio, eta horrek esan nahi du bi erakundeak bat datozela lotura eta arrakala digitala arintzeari dagokionean. Hau da, Nafarroako udalerri guztiei banda zabalerako sarbidea erraztea”. Cigudosak gogorarazi duenez, “digitalizazio prozesuaren lehen fasea da, eta hurrengo urratsa konektibitatearen arloko prestakuntza izango litzateke. Horretarako, eskua luzatu dio Sakanako Garapen Agentziari etorkizunean arlo horretan lankidetzan aritzeko, Gizarteratze eta Gaikuntza Digitalerako Planaren barruan”.

Sakanako Mankomunitateko lehendakariak bi ideia azpimarratu nahi izan ditu. “Lehenik eta behin, ekimen honek Sakanako herritarren behar oso zehatz bati erantzutea ahalbidetzen du. Bigarrenik, nola egin dugun azpimarratu du: eragile, erakunde eta herritarren arteko lankidetzatik. Ildo horretan, azpimarratu du proiektu honek dakarren gizarte-berrikuntzarekin batera lankidetza eta komunitate espiritu hori dagoela, kalitatezko zerbitzua eta gizarte eta lurralde inplikazio nabarmena ematea ahalbidetuko duena”.

Erlazionatuak

Zuntz optikoaren sarea sartuko dute

Arruazu

Etxeetaraino iritsi den sareak oraindik ez du telekomunikazio zerbitzurik ematen. Aurten sortuko den Sakanako zuntz optikoko sare ireki eta neutror...
Zuntz optikoa herri txikietatik gertuago

Sakana

Guifinet fundazioa hasi da Arakilgo herri batzuetan zuntza zabaltzen.