Joseba Ezkurdia

“Helburua txapela da; horretarako entrenatzen dugu”

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 8a, 12:00
Joseba Ezkurdia, astearteko pilota aukeraketan.

 Joseba Ezkurdia Galarragak Unai Laso Lizaso izango du aurkari gaur, ostirala, Altsasun, Lau eta Erdian. Ikusmina handia da Ezkurdiak Lau eta Erdiko Txapelketa asko prestatu duelako eta Laso momentu oso onean iritsi delako

Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxka hasiko da asteburuan, eta 1. jardunaldiko partida bat hartuko du gaur, ostirala, Burunda pilotalekuak (ETB1, 21:30ean). Pandemia hasi zenetik Altsasun jokatuko den lehenengo pilota jaialdi profesionala izanen da gaurkoa. Joseba Ezkurdiak Unai Laso izango du aurkari, katedran interes handia piztu duen partidan. Ezkurdia azken hiru urtetan bitan izan da Lau eta Erdiko txapelduna (2018 eta 2019), eta Laso aurreko asteburuko final zortzirenetan Peña II.a irabaztetik dator, udako denboraldi bikaina egin eta gero. Beraz, partida gogorra dago jokoan, urrea balio duen puntua. Bi pilotariak hautatutako materialarekin gustura geratu ziren eta “partida oso zaila” dutela aitortu zuten. Lasok aipatu zuen Ezkurdiak agian udan ez duela bere benetako maila eman, “baina txapelketetan eta Lau eta Erdikoan hazi egiten da”. Joseba altua denez, angelu itxiak bilatzen saiatuko dela gaineratu zuen Biskarretekoak, aurrelari arbizuarra mugiarazteko. Ezkurdiak, bere aldetik, Laso “une oso onean, sasoi betean eta konfiantzarekin” dagoela uste du, eta argi du ezin diola eroso jokatzen utzi, “bestela pilotariak dantzan jartzen ditu”. Beraz, partida handi baten atarian gaude. 

Jaialdia zabaltzeko, Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkan Zabalak Salaberria izango du aurkari, eta Ezkurdia eta Lasoren arteko lehiaren ondoren, Zabaletak Irribarriarekin osatuko du bikoa, Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra aritzeko. Goi mailako jaialdia, beraz Altsasun gozatuko dena. 

Sekula baino finago ikusten zaitugu, sasoian.
Txapelketa hau gogoz prestatu dut. Uda ez zen nik nahi bezala atera: Altunaren kontra Sanferminetako Lau eta Erdiko finalerdia galdu nuen, uztailean ere jipoia hartu nuen… Ez nenbilen gustura, ez buruz, ez jokoz ez fisikoki, eta abuztuaren hasieran erabaki nuen Lau eta Erdiko Txapelketan zentratuko nintzela. Beraz, denbora dexente daramat txapelketarako fisikoki prestatzen eta nutrizioa zaintzen, eta uste dut Lau eta Erdira une onean iritsi naizela, fisikoki txispa askorekin eta abiadura handiarekin. Ea nerbioei eta tentsioari ongi eusten diodan. 

Agerikoa da zure aldaketa. Zenbat pisu galdu duzu?
Beti gustatu izan zait Lau eta Erdira finago heltzea, baina aurten kilo gehiago jaitsi ditut, bospasei inguru. Baina nahiz eta kiloak jaitsi, txispa mantendu dut, eta hori da garrantzitsuena. Pilota eskutik azkar ateratzen zait, eta alde horretatik gustura. Askotan kilo batzuk jaitsi ondoren beldurra izaten da, ea zein sentsazio izaten ote den, baina ongi nago eta ea sasoia aprobetxatzen dudan. Animoz ere, hobe, nire buruarekin ere konfiantza gehiagorekin nabil; azken bizpahiru partidatan ere sentsazioak hobeak izan dira, hobeki sentitzen naiz eta azken entrenamenduak oso onak izan dira. Gustura nabil, burua lasaiago eta gogotsu. 

Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkari ekiteko aurkari deserosoa egokitu zaizu, Unai Laso. 
Bai, aurkari gogorra da. Udan sekulako mailan aritu da, konfiantza ikaragarriarekin eta txispa askorekin, eta partida zaila dut aurretik. Unai pilotari arriskutsua da, goian dago, aurreko asteburuan Peña 12 tantoan uztetik dator, konfiantza alde, eta nik nirea ongi egin beharra dut partida hau aurrera ateratzeko aukera izateko. Hortaz, burugogor etorri beharko naiz, guztiz mentalizatuta, eta ea zer ateratzen den. 

Ia urtebete profesional mailatik kanpo egon eta gero, espero al zenuen Lasok ematen ari den maila emango zuenik?
Beti egoten da zalantza hori, baina tarte horretan afizionatuen mailan aritu zenean agerikoa zen aritu zen partida eta txapelketa guztietan oso ongi zegoela. Unaik goian aritzeko izaera berezia du. 

Hain zuzen ere 2019an, Lau eta Erdiko zure bigarren txapela lortu zenuen txapelketan agian jokatu zenuen partidarik gogorrena beraren kontrakoa izan zen. 
Bai, final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian beraren kontra aritu nintzen eta partida oso gogorra izan zen. Ni ez nintzen ongi ibili, bera partidaren jaun eta jabe zen, eta ni bere atzetik ibili nintzen, kateatuta, sufritzen, baina orain arte egin dudan erremontadarik handiena egin nuen: 21 eta 13 galtzetik 21 eta 22 irabaztera pasa. Partida hartatik ikasi beharra dut oraindik; ezin diot eroso jokatzen utzi, eroso dagoenean pilotari sekulako abiadura ematen dio eta pilotariak dantzan jartzen ditu. Nire erritmoa ezartzen eta ahalik eta gehien agintzen saiatu beharra dut. 

“Lasori ezin diot eroso jokatzen utzi, bestela pilotariak dantzan jartzen ditu”

Azken hiru urtetan Lau eta Erdiko bi txapel jantzi dituzu. Hortaz, pentsatzekoa da zure burua txapela janzteko faboritoen artean ikusiko duzula. 
Nire burua faboritoen artean ikusten dudan ez dakit, baina txapela nahi dudala, bai; horretarako entrenatzen dut. Nire azken entrenamendu guztiak txapelketara ahalik eta hobekien iristeko izan dira, eta helburua txapela da. Badakit oso zaila dela, eta pilotari asko gaudela txapel horren borrokan, eta nik ere hor egon nahi dut. Badakit talde zaila egokitu zaidala, Urrutikoetxea, Jaka eta Laso aurkari oso gogorrak direlako eta irabaztea zaila delako, baina nire buruarekin konfiantza dut, eta nire lana ongi egiten badut, aukerak izango ditut. 

Zer iruditzen zaizkizu Burunda pilotalekuan egindako berrikuntzak? 
Lurra berritu egin dute, aurreko ostegunean entrenatzen egon nintzen eta lurra gustatu zait. Ongi dago. Hala ere, frontoi honek ezker paretan eta frontisean estraño batzuk egiten jarraitzen du. Jokatzeko frontoi zaila da, baina gustura ariko naiz, etxetik gertu. 

Pandemiagatik frontoia hutsik zegoela jokatzen zenutenean publikoa izugarri faltan botatzen zenuela esaten zenuen. Pilotalekuko giro hori. Zorionez, frontoiko giroa itzuli da eta horrek ere mesede egingo dizu. 
Bai, eta asko gainera. Nik pertsonalki pandemia garaian sufritu dudala aitortzen dut. Buruz ez naiz ongi ibili, ez nuen sentsazio onik. Aldaketa behar nuen, frontoiko giro hori eta jendearen berotasun hori jasotzea, eta une honetan hori asko eskertzen da. Frontoira joan eta giro horrekin jokatzeak motibatu egiten zaitu eta pixkanaka erritmo hori hartzea pilotariok asko eskertzen dugu. 

Partida erabakigarri hau non jokatu, eta etxean. 
Bai, gustura jokatzen dut Burundan. Pandemia aurretik sarritan tokatu izan zait Lau eta Erdiko hasierako partidak bertan jokatzea, Altsasuko feriak direla eta. Gertuko jendea frontoira etortzera animatzen da, eta sentsazioak politak dira. Ea hori aprobetxatu eta partida ona egiten dudan.