Astekaria

Antolakuntza komunistari bultzada

Guaixe 2021ko urr. 18a, 13:32

Euskal Herriko Gazte Topaketa Sozialistako gune nagusian izandako hitzaldia. WWW.GEDAR.EUS

Euskal Herriko Gazte Topaketa Sozialistak horretarako balio izan duela esan dute antolatzaileek. Auzi politikoren inguruko hausnarketa eta aisialdirako eskaintza zabala oinarri izan du topaguneak. Guztira 2000 pertsona inguru izan dira Altsasun, egunero 1000 eta 1500 pertsona egon dira.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleak-ek (IA) Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista antolatu zuten Altsasun ostiraletik asteartera. Bi erakundeetako kide sakandarrek esan digutenez, bost egun egun iraun duen topagunea Altsasun izanda, “argi” zuten “lan karga handia izango genuela, baina, erronka horri gogotsu eta indarrez aurre egin diogu eta egindako lanaren inguruan balorazio positiboa egiten dugu”. Aldi berean, kideek “eskerrak eman” nahi dizkiete topagunean parte hartu duten “norbanako orori egun hauetan txandak betetzeagatik, ekintzetan parte hartzeagatik, eta espero dugu topagunean jorratu diren ideiak eta ikuspegiak eztabaidatu izana parte hartu duen jendearen politika prestakuntzarako baliagarriak izatea”.

GKSko eta IAko kide sakandarren iritziz, topagunera “hainbeste jende hurbildu izana eta konpromiso militanteagatik aurrera eramatea lortu den topagune sozialistak motibatu besterik ez gaitu egin. Beraz, lanean jarraitzea baino ez zaigu geratzen, burgesiaren boterearen aurkako dinamika politikoak antolatuz, gero eta jende gehiago antolakuntza komunistara batzeko helburuarekin”.

Mamia 
Hitzaldien eta mahai inguru baten bidez gai politikoei buruzko hausnarketa sustatu nahi izan zuten antolatzaileek. Larunbateko Krisi kapitalista eta estrategia sozialista berriaren oinarriak hitzaldian “krisialdi kapitalistaren arrazoiak ulertzeko hainbat gakoren azalpenak mahaigaineratu ziren, adierazpen sozial, politiko, militar eta ekologikoa nabarmenduz”. Horrekin batera, “komunismoaren porrot historikoaren hipotesiak plazaratuz estrategia sozialista berriro ere aktibatzeko proletalgoaren antolakuntzarako independentzia eta independentzia ideologikoa defendatu ditugu”.

Hiru hitzaldi izan ziren igandean: Zapalkuntzei aurre egiteko metodologiaz, Gune Nagusian; Ekonomia borroka ikuspegi sozialistatik aztertuz, Zelandi frontoian eta Askatasun politikoen aldeko borrokaren garrantzia, Iortia kultur gunean. Sakandarrek azaldu dutenez, “burgesiak salbuespen egoera politikoak ezarri ditu munduko lurralde askotan, eta ofentsiba ekonomiko eta politikoa bizkortu du, proletalgoaren gizarte, ekonomia eta politika eskubideak ezabatuz. Zentzu horretan, auzi bakoitzean gehiago murgiltzeko aukera izan genuen”. Igandeko mahai inguruan, berriz, “gaur egungo Euskal Herriko testuinguru politikoa izan genuen aztergai, irakurketa kritiko bat eginez”. Asteleheneko ekitaldi nagusian “gaur egun burgesiaren totalitarismoaren aurrean komunismoa askatasun unibertsalerako proiektua dela mahai gaineratu zen”.

Aisia 
Politika prestakuntzarekin batera, aisialdi eskaintza zabala izan du topaguneak. Iortia kultur gune parean jarritako karpak egitarau propioa izan zuen, eta bertan erakusketak, kontzertuak, bertso saioak eta bestelakoez aparte, bazkaldu eta afaltzeko aukera izan zen. Egitarau nagusia umorezko ikuskizun batekin abiatu zen ostiralean. Larunbat arratsaldean herrialdeen arteko olinpiadak jokatu ziren. Gauean Ez du gureak egingo. Bertso zahar eta berriak gaurkoari atzo jarriak ikuskizuna egon zen.

Igandean kirol ikuskizunak izan ziren: pala, pilota eta herri kirolak. Astelehen goizean, berriz, “gaitasun zehatzak lantzeko tailerrak egin genituen, herriko hainbat gunetan banatuta. Besteak beste, mekanika, lege aholkularitza, informatika segurtasuna, soinu teknika, antzerkia, argazkilaritza, muralgintza saioak izan ziren”. Hori guztia musika eskaintza zabalarekin jantzita. Gaztetxean, karpan, Zelandi frontoian eta Gune Nagusian hainbat kontzertu programatu zituzten.