Aurki aurkeztuko dute Sakana KudeaGo aplikazioa. Haren bidez mugikortasunarekin Sakanan lotura duen guztia izanen da eskura. Baita autoa partekatzeko aukera ere. Patxi Miranda Fernandez Kudea Servicios landa eremuko berrikuntza enpresako burua ari da aplikazioa garatzen. Dinabiden ari da aplikazioari forma ematen.
Hasteko, zer da Sakana KudeaGo?
Mugikortasun plataforma bat da. Han ikusten dira Sakanako mugikortasun zerbitzu guztiak, esaterako: autobus eta tren ordutegiak eta eguneko maiztasunak, taxilarien telefonoak eta haien geltokia eta bizikleta eta ibilgailu alokairu enpresak. Horretaz aparte, sakandarren artean autoa partekatzeko aukera eskainiko du. Baina tartean ez da dirurik egonen.
Azken horri mugikortasun kooperatiboa deitzen zaio, ezta?
Hori da. Sakana KudeaGO kolaborazio plataforma da, ez dago komisiorik. Beste plataforma batzuetan autoa partekatzeagatik plataformek etekin bat lortzen dute. Honekin ez. Hemen helburua da bizilagunen artean autoa partekatzea. Landa eremuan denok egunero erabiltzen dugu autoa, autoarekin gora eta behera gabiltza etengabe. Nahi duguna da bidaia horiek partekatzea. Autoetan pertsona bakarra joan beharrean bat baino gehiago izatea.
Klima larrialdiarekin mugikortasun ereduez asko hizketatzen ari dira. Autoa partekatzearena beharrezko ikusten den helburu bat da?
Basaburuan bizi naiz. Herrian eta ondoko herrietan autoa partekatzeko Whatsapp talde bat sortu nuen 2004an. Zazpi urte hauetan autoa partekatzeko 4.000 eskaera baino gehiago egin dira, eta 3.200 gauzatu dira. Kontuak egiten datu nabarmenena izan zen atmosferara 14.700 kilo CO2 ez zirela isuri. Hainbat bidai daude, autoa partekatzen baditugu klima aldaketari aurre eginen diogula. Autoan etengabe gaude eta urtean isurtzen den CO2 kopurua kristorena da. Hori murrizteak klimari on eginen dio.
Sakandarren arteko harremanak estutzea izan daiteke beste onura bat, ezta?
Bai. Azken finean, KudeaGOk sakandar guztiak harremanetan jartzen ditu. Autoa partekatzeko momentuan ibarreko herri guztiak sartuta egonen dira. Eta bakoitzak erabakiko du zein herrietako jakinarazpenak jaso nahi dituen. Esaterako, altsasuarrak Gipuzkoa edo Araba aldera gehiago begira daude. Eta irurtzundar batek autoa partekatzeko jakinarazpena bidaltzen badu, altsasuar batendako agian bere mugikorrean zarata besterik ez da. Azkenean, bakoitzak bere neurriko aplikazioa sortuko du. Aukeratzen duen herriekin eta pertsonekin partekatuko du autoa. Erabiltzaileak blokeatzeko aukera ere badago.
Nola funtzionatzen du aplikazioak?
Android eta iOS sistema eragileekin erabilgarria da. Google Play eta Apple Storetik dohainik deskargatuko da. Horren ondoren, lehendabizi, galdetuko dizu zein hizkuntzatan nahi duzun aplikazioa: euskaraz edo gaztelaniaz. Nik euskaraz baldin badut eta eskaera bidaltzen badut, eta zuk gaztelaniaz baduzu, zuri eskaera gaztelaniaz iritsiko zaizu. Eta aldrebes.
Menu bat du, eta hartan Sakanako garraio zerbitzuen berri ematen du: autobusa, trena, bizikletak eta autoak alokatzeko aukerak. Beste atal batek gertakarien berri emateko balio du, esate baterako: behiek ihes egin dute Irañetan, edo halako errepidea moztuta dago. Autoa partekatzeko atalaren bidez eskaera bidaltzen da. Beste erabiltzaileek jaso, eta ongi etortzen bazaie, txat pribatu baten bidez hitzordua jarriko dute, ibilbide hori partekatzeko.
Sakana KudeaGO aplikazioa dagoeneko erabilgarri dago?
Momentuz ez. Aplikazioa elikatzeko, orain udalei datuak eskatzen ari gara. Jasotzean sartuko ditugu. Segidan hasiko da autoak partekatzeko aukera. Sakana KudeaGo aplikazioa, ziurrenik, hilabete honetan martxan jarriko dugu. Oraindik ez daude lotuta, baina Sakanan barna aurkezpenak eginen ditugu. Orduan deskargatzeko aukera egonen da.
Bakarren batek esanen du: beste aplikazio bat? Zergatik deskargatu beharko luke?
Mugikortasunean kristoren aldaketa izanen da. Esaterako, gasolina edo gasolioaren prezioa pila igoko da. Eredua aldatu behar dugu. Mugikortasunari buruzko ikuspegia eta nola mugitzen garen, biak aldatu behar ditugu. Etengabe autoa erabiltzera oso ohituta gaude, baina gure herrien artean mugitzeko beste modu batzuk badaude. Bestalde, Sakanako mugikortasun zerbitzu guztiak aplikazio batean izatea oso interesgarria da. Eta hortik zuk aukeratu nola mugitu nahi duzun. Urtetan klima eta kutsadura gure lehen erronka izanen dira. Aldaketak egin behar ditugu. Aplikazioa horretan hasteko baliabide bat da.
Oso errotuta dagoen ohitura bat da mugikortasunarena. Dendatik edo tabernatik 100 metrora aparkatzea urruti iruditzen zaigu.
Ohitura hori egon da. Sakanan ere herri batzuk hasi dira oinezkoendako eremuak sortzen, edo ibilgailuak saihesten. Herriak eta hiriak autoari begira egin dira. Nik kontrakoa uste dut: autoa atera behar dugu herri espazioetatik. Autoa poliki-poliki desagertuko da. Nafarroan edo estatuan automobil parkearen %60 beharbada desagertuko da. Hori gertatzeko aldaketak eginen dituzte. Beste kontu bat da legeak nola egiten dituzten landa eremuari begira. Legea izanen da: kutsatzen duenak ordainduko du. Baina landa eremuetan edozer gauza egiteko mugitu beharra dugu. Kasu honetan autoa dugu, askotan bide naturala dena. Aldaketa etortzen da, eta gu ere aldatuko gara.
Nolaz sortu zenuen Kudea Servicios enpresa?
Landa eremuan bizi naiz, eta landa eremuan bizi garenok egunerokoan zein behar ditugun ikusten dugu. Eta zer egin dezakegun zerbitzuak izateko, beste proiektuak garatzeko ideiak daude. Pauso hori eman eta Kudea Servicios enpresa sortu nuen, mugikortasunean fokua jarrita.
Dinabidek zerikusirik ba al du honetan guztian?
Ni plataforma sortzen hasi nintzen. Cederna-Galaurrek nire proiektuaren berri izan zuen, eta Dinabiderekin harremanetan jarri ninduten, Sakanan sortutako teknologia agentziarekin. Coworker taldean sartu nintzen. Haiek prestakuntza aukerak ematen dizkidate. Negozio eredua beste ikuspegi batetik ikusarazi didate. Eta harremanak, esaterako, Mondragon Unibertsitatearekin, CEINekin… Dinabidek prestakuntza eta Nafarroan egiten ari denaren berri eman eta pertsona eta erakundeekin harremanetan jartzen du.
Dinabideko coworking espazioan lanean segitzen duzu?
Bai. Asteartean Ceinekoak Dinabide ezagutzera bisitan etorri ziren, eta nik han izandako esperientzia azaldu nien.
Sakana KudeaGO proiektu pilotua omen da?
Nafarroako beste herri batzuetan martxan jarri da. Baina Sakanan Mugikortasun Laborategi bat sortu dugu. Nafarroako landa eremuko eskualde industrializatuena izanen da Sakana, eta garraio aukera guztiak daude. Plataforma martxan jarri nahi dugu, hark datu batzuk jasotzen ditu, eta horiekin lan eginen dugu mugikortasunari beste begirada bat emateko. Horrekin batera Sakanan dauden garraio enpresekin lanean hasiko gara. Ibarreko mugikortasun diagnosia eginen da ere, sakandarrak nola mugitzen diren jakiteko. Datu batzuk aterako dira, eta beharrekin batera plataforma aldatzen joanen da. Mugikortasunaren ikuspegitik, pertsonez aparte, paketeen garraioa eta beste enpresa eta faktoreak daude.
Noizko espero duzue emaitzen uzta jasotzea?
Orain diagnosia egiten hasi dira. Sakana KudeaGO plataformak emaitzak emateko masa kritiko bat sortu behar da. Prozesu bat izanen du, ez da epe motza izanen. Ez dakit noiz bukatuko den. Sakanako mugikortasuna horrelakoa dela esateko denbora behar da.