Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko kamioi flotak berritzea behar du. Ibarreko erakundeak aurreko bi urtetan trinkotzen duen kamioi bana erosi zuen. Aurten beste horrenbeste egitekoa zen, baina Nafarroako Gobernuak dirulaguntza deialdia berandu atera zuen, eta ematen zituen epeetan enpresek ez zuten betarik hondakinen bilketarako kamioi bat prestatzeko, halakoak ez baitaude stockean. Eta hori gertatu bitartean, Hondakin Zerbitzuko kamioi batek istripua izan zuen Unanun lastailaren 4an. Flota berritzeko premia agerian utzi zuen ezbeharrak.
Hori guztia kontuan izanik, Mank-ek erabaki zuen bere aurrekontuetan aldaketa egitea lastailaren 21ean. Kamioi berria erostea ezinezkoa izanen zenez, hondakin zerbitzurako bigarren eskuko trinkotze kamioia erabaki zuen. Ibilgailua 60.000 eurotan erosi du Mank-ek. Aurrekontuaren %70 Hondakinen Funtsak pagatuko du. Mank-ek kamioi berria abendurako lanean jarri nahi du.