Whatsapp taldean “nahiko jende” daude, 50 bat, arakildarrak gehienak, baina ondoko beste herrietakoren bat ere.
Nola hartu duzue aitortza sarekideek?
Ongi, zerbait egiten ari garela nabari da, eta pozik egindako lana aitortu delako.
Zer da zuen sarea?
Garai batean landu, baina aspaldi erabiltzen ez ziren nekazaritzako landare eta fruta arbolak berreskuratzen ahalegintzen gara. Arakilen egon ziren barietate ahalik eta gehienak berreskuratzea da helburua.
Nola egiten duzue berreskurapen lan hori?
Zaragozako hazi bankuan zeuden hazi batzuk ekarri dituzte. Baita Nafarroako Gobernuak erregistratuta zituen batzuk ere. Haiek erein ditugu, landare horiek berreskuratzeko. Ibarrean zeuden fruta arbolen barietateak ere berreskuratzen saiatu gara.
Esaterako, tipula haziak ditugu. Zer eginen genuke haiekin?
Ereinen genuke. Baina ezin da edozein tokietan izan, gertu landare bera duen beste baratze bat badago ezin da. Bestela, barietateak nahasi eginen lirateke. Toki jakinetan ugaldu behar dira haziak. Landareak fruitua eman duenean haziak jasotzen ditugu barietatea berreskuratzeko.
Beraz, eta tipulen adibidearekin segituz, denak igotzen utzi behar ditut?
Ez dira asko igotzen utzi behar, bakar batzuk uztearekin nahikoa da. Haziak jasotzeko lorea atera beharko du, eta ondoren jaso.
Haziak jaso ondoren, zer?
Sarea osatu dugunez, kideen artean banatzen ditugu haziak, jendeak, atzera ere, erein ditzan. Horrela berreskurapenean pausoak ematen ditugu.
Zu zerekin animatu zinen?
Guk joan den urtean kuiatxo batzuk eta piperrak berreskuratu genituen. COVID-19 gaitzagatik berandu hasi ginen, eta bizpahiru landare besterik ez genituen berreskuratu. Guk hazia gorde genuenez, kuiatxoak eta piperrak jarri ditugu atzera ere. Aurten landare barietate gehiago berreskuratu ditu sareak: babarrunak, letxugak, eta beste. Berriro ereiteko letxuga hazia gorde dugu. Txertaketari buruzko saioen ondoren, bertako garai bateko sagar barietateko bi sagarrondo ditugu jarrita. Beste fruta arbola batzuk eta gaztainondoak berreskuratzen ere saiatu dira aurten. Bakoitzak egoki jotzen duena hartzen du.
Zergatik dute garrantzia bertako barietateek?
Arakilgo tokiko landare barietateak ziren, erabiltzeaz utzi zirenak gauza berriak sartzen direlako, eta tokikoa pixka bat hila gelditzen da. Tokiko barietateak berreskuratuz bioaniztasuna mantentzen dugu eta higadura genetikoa ekidin.
Arakilgo Udalak argitaratutako gida erabilgarria zaizue?
Ongi dago, zuk berreskuratutako haziez aparte zein dauden jakiteko baliagarria da. Sareko kideek zer lantzen duten badakigunez, zerbait nahi badugu landare hori lantzen dutenengana jotzea besterik ez dugu hazia eskuratu eta ereiteko.
Non aritzen zarete sarekideak?
Bakoitza bere baratzean aritzen da.
Edozein izan daiteke kide?
Bai. Udalak egin zuen sarea sortzeko deialdia. Ondoren, herrietan elkartu gara antolaketan segitzeko, haziez ikasteko eta trukatzeko, txertaketez ikasteko. Horren ondorioz jende gehiago sartu da sarera.
Kide izateko zer egin behar da?
Errazena Arakilgo Udalera jotzea da.
Zergatik egin beharko luke batek sareko kide?
Betidanik eskualdean izan ziren nekazaritza landare eta fruta arbolak berreskuratzeko modu bat da hau. Interesa badu, ongi etorria.
Aitortza jaso eta gero, zer?
Berreskurapen lanarekin segituko dugu. Aldian behin elkartzen gara, esaterako, uzta eta haziak jaso ondoren elkartu ginen haziak trukatzeko.