Biak bat elkartea

"Inpaktu sozial positiboa eragin nahi dugu hemen"

Guaixe 2021ko aza. 25a, 15:30
Biak bat-eko Josune Azpiroz Imaz Sakana Saria jasotzen. UTZITAKOA

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen lan egiten du Biak Bat elkarteak. Sakana Sariko aipamen berezia jaso du. Josune Azpiroz Imaz eta Josu Mendez Sanchez elkarteko kideak dira.

Elkartearendako berezia den urtean, haren hamargarren urteurrenean jaso du sakandarren aitortza.

Zer sentitu zenuten sarirako hautagai zinetela jakitean?
Sorpresa handiarekin hartu genuen, ez baikenuen espero, sare sozialen bidez enteratu ginen, eta poz handia sentitu genuen berria jakitean.

Nola hartu duzue aitortza elkartean?
Aurten gure hamargarren urteurrena da eta, azkenean, hainbat gauza direla eta, ez dugu behar bezala ospatu. Beraz, guretako urteurrenaren urtea bukatzeko oparia da. Askotan, ez dakigu gure inguruko jendeak gure lana zertan datzan dakien, eta Sakanako gizarteari ematen saiatzen garena.

Zer da Biak Bat?
Zaletasun eta gizarte kezka desberdinetatik ilusioz sortutako proiektu berritzailea. Hau da, animalien eta pertsonen arteko erlazioen onuretatik abiatutakoa, bien ongizatea bultzatzen duena. Hori hainbat ekintzen bidez egiten dugu: animaliek lagundutako esku hartzeak (terapia, hezkuntza eta aisialdi programak), profesionalendako prestakuntza, sentikortze kanpainak eta abar. Argi dugu Sakanan gizarte inpaktu positiboa eragin nahi dugula, eta dauden hainbat behar psikosozialei erantzuteko programak martxan jartzea erabiltzaileendako eskuragarriak direnak.

Zenbat kide zarete?
Orain lantaldean bost gara, lau emakumezko (bi psikologo, Lehen Hezkuntzako irakasle bat eta teknikaria) eta gizonezko bat (txakur hezitzailea). Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) edo estatuko unibertsitateetako praktiketako ikasle eta boluntario taldea dago. Elkarte txikia gara.

Eta animaliak, zenbat?
Bost txakur (jada jubilatuta dagoen Cake, Nipon, Ivonne, Lua eta Inka), bi katu (Oreo eta Txikilin), Clementina dortoka eta txori familia bat. Etorkizunean animalia gehiagorekin lan egitea gustatuko litzaiguke.

Zein arlo lantzen dituzue?
Hamar urte hauetan hainbat arlotan egin dugu lan, baina, egia esan, haur, gazte eta adinduekin dugu esperientzia gehiena. Haurren kasuan bere garapenean zailtasunen bat dutenak: autismo, down sindromea, garun paralisia, gaixotasun arraroak, txakurrei beldurrak, bullyinga jasan dutenak, genero indarkeria jasan dutenak… Adinduen kasuan Alzheimerra eta Parkinsona duten pertsona helduekin egin dugu lan Euskal Herri osoan. Ikerketa ere egiten dugu, gure lana datu objektiboetan eta ebidentzian oinarritu nahi dugulako hain zuzen ere. EHUko Psikologia Fakultateko ikerketa batekin dugu elkarlana 2017tik, eta bi ikerketa ditugu abian. Artikuluak publikatu ditugu gure lanaren emaitzekin. Bestetik, eskoletan, behar bereziak dituzten haurrekin, zailtasun sozialean dauden gazteak eta abarrekin ere aritzen gara. Prestakuntzaren kasuan, Animaliek Lagundutako esku hartzeak nola egin eta txakurrak nola trebatu, estatuko hainbat unibertsitate eta entitateetan, baita ere Italia, Brasil eta Txilen adibidez.

Zer da Animaliekin Lagundutako Esku-hartze Programa bat?
Hiru esku hartze mota ditugu. Batetik, terapia; osasun arloko profesionalak gidatutako esku hartzea non helburua hainbat arlo hobetzea litzakeen, esaterako, mugimenduak, emozioak eta abar. Bestetik, desberdintasuna; esku hartzean profesionalaz aparte animaliak ere badaude. Haien parte hartzeak asko errazten du gure lana, pertsonei agian profesionalarengan konfiantza izatea kostatzen zaie baina animaliekin berehala izaten da lotura, ez baitituzte epaitzen, kofiantza ematen diete. Terapiarako giro polita eta aproposa sortzen asko laguntzen dute. Animalia profesional eta terapia hartzaileen arteko zubia bihurtzen da. Hezkuntzaren kasuan, oso antzeko, helburuak akademikoak dira, eta profesionala ere hezkuntza arlokoa da. Irakurketa, matematikak eta abarrak animalien laguntzaz lantzen dira, esperientzia berezia da eta hori ikasketarako ona da. Ekintzen kasuan, aisialdi ekintzak dira, helburu bakarra ondo pasatzea da. Puntualak izaten dira, zahar egoitza, eskola batera bisitak eta bestelakoak

Nori daude zuzenduta?
Animaliak gustuko dituen haur, gazte, heldu eta adinduendako. Lehen hilabetetatik adinduetara, hainbat behar dituztenendako. Sakanan bertako pertsonei bereziki, etxetik gertu horrelako esku hartzea eskaintzea ere gure helburua da, inpaktu lokala izan nahi dugu. Horregatik, bekak lortzen saiatzen gara bertako familiak ekonomikoki erraztasun gehiago izan ditzaten.

Zer da Laguntza txakurren entrenamendua?
Laguntza txakurrak behar jakin bat (mugikortasun murriztua, entzuteko edo ikusteko aniztasun funtzionala, autismoa edo diabetsa) duen pertsona bat laguntzeko bereziki hezten den txakurra, helburua pertsonaren autonomia handitzea du helburu. Txakurra hezten da eta pertsonari ematen zaio.

Zuek zerikusirik ba al duzue Laguntza txakurren Legearekin?
Elkartearen helburuetako bat laguntza txakurrak zer diren eta haien eta bere erabiltzaileen eskubideak ezagutzera eman eta bermatzea da. Horregatik Nafarroako Legearen sustatzaileetako bat izan ginen. Egun, legea ezagutzera emateko hainbat material egin ditugu, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean: gida, bideoa, teknikariei prestakuntza, eta abar.

Aitortza jaso eta gero, zer?
Lehenengo ospatu, eta ondoren, orain arte bezala lanean jarraitu. Argi dugu gure helburua Sakana Animaliek Lagundutako esku hartzeetan erreferente izatea dela, eta bertan dauden hainbat beharrendako hainbat proiektu martxan jartzea. COVID-19agatik eten ziren proiektuak berriro ere hartu. Argi dugu Sakanan inpaktu sozial positiboa eragin nahi dugula, eta dauden hainbat behar psikosozialei erantzuteko programak martxan jartzea, erabiltzaileendako eskuragarriak direnak. Horretarako, administrazio eta herritarren laguntza beharko dugu, guk bakarrik, haiek gabe, ezin baititugu proiektu horiek aurrera eraman.