1900. urteaz geroztik 2021era arte Elizak Nafarroan immatrikulatu dituen ondasunei buruzko datuak jakinarazi ditu Eduardo Santos Itoiz Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak. Zerrenda hori egiteko Eliza katolikoak Hipoteken Legearen 206. artikuluaren babespean bere hainbat izenekin jaso dituzte. Zehazki 1998. urtea baino lehen egindako immatrikulazioak, Nafarroako 3 eta 8 jabetza erregistroetan egindakoak eta 2008 eta 2015 urteen artean egindakoak. Santosek azaldu duenez, Elizak immatrikulazio gehien joan den mendeko 80ko hamarkadan eta 2000 eta 2010 urteen artean izan zela gaztigatu zuen. Azken hori 1998an onartutako 1946 urteko Hipoteka Legearen erreformaren ondorioz dela gaineratu zuen.
Santos kontseilariak emandako zerrendan Sakanako 102 ondasun agertzen dira, orain arte publiko egindako zerrendetan baino askoz ere gehiago dira, denbora tarte handiagoa hartzen baitu. Elizak bere izenean jarritako ondasunen lehendabiziko zerrenda Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataformak argitaratu zuen 2008an. Han 66 ondasun zerrendatu zituzten, kontseilariaren zerrendan daudenak baino %35,29 gutxiago. Espainiako Gobernuak aurten zabaldutako zerrendan Iruñeko elizbarrutiak bere edo herrietako parrokien izenean jarritako 59 ondasun daude, azken zerrendan baino %42,15 gutxiago.
Adierazpenak
Santosek jakinarazi zuenez, “udalek eta toki entitateek egoki jotzen dituzten ekintzak egiteko behar den laguntza emateko” prest dago, “guztien ongiaren alde”. Eta komunalen adibidea eman zuen, “arreta bereziz aztertu beharko baitira”. Santosek adierazi zuenez, “herri lurren detekzio zehatza eta akademikoa egin ondoren, Nafarroako Gobernuaren eta toki erakundeen arteko lankidetza bide egokiak artikulatu ahal izanen dira. Lankidetza horren bidez, herri erakundeen eta toki erakunde horiendako beste ondasun komun batzuen defentsa bermatu nahi da”.
Azkenik, Santosek esan zuenez, “Nafarroako Gobernuan gure esku dagoen guztia egin behar dugu, Nafarroako udalerri batek ere ezin izan diezaion berea den zerbaiten aldeko borrokari utzi, arrazoi ekonomikoengatik edo konplexutasun juridikoagatik”. Azterlan horretatik abiatuta, Gobernuaren eta tokiko erakundeen arteko lankidetzarako bide egokiak sortuko lirateke, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bidez, “tokiko entitate horien komunalaren eta beste ondasun komun batzuen defentsa bermatzeko”.
Nafarroako datuak | |
Ondasun mota | Kopurua |
Elizak, ermitak… | 981 |
Baratzeak | 234 |
Zereal zelaiak | 216 |
Zelaiak | 195 |
Etxebizitzak | 187 |
Hiri-finka | 101 |
Elizak Sakanan immatrikulatutako ondasunak | |||
Udalerria | 1900 eta 2021 artean | 2008ko zerrenda* | 2021eko zerrenda** |
Arakil | 29 | 14 | 12 |
Irurtzun | 2 | 1 | 1 |
Irañeta | 6 | 3 | 3 |
Uharte Arakil | 12 | 13 | 8 |
Arruazu | 2 | 2 | 2 |
Lakuntza | 4 | 3 | 3 |
Arbizu | 5 | 2 | 2 |
Ergoiena | 8 | 8 | 8 |
Etxarri Aranatz | 7 | 3 | 3 |
Bakaiku | 3 | 3 | 3 |
Iturmendi | 5 | 4 | 4 |
Urdiain | 4 | 4 | 4 |
Altsasu | 6 | 2 | 2 |
Olatzagutia | 6 | 2 | 2 |
Ziordia | 3 | 2 | 2 |
Sakana | 102 | 66 | 59 |
*Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma | |||
**Espainiako Gobernua |