Astekaria

Aralarren orientazioa praktikatzeko zirkuitua prest

Guaixe 2021ko abe. 2a, 13:28

Mustutze ekitaldian azalpenak ematen. ARALAR ELKARTEA

Mapa eta iparrorratza erabilita puntu batetik bestera joatean datza orientazioa. Aralarko Elkarteak hiru zailtasun maila dituen zirkuitua prestatu du. Erraza Albiko aparkalekuan dagoen informazio paneletik abiatzen da, zailtasun ertain eta zailekoak Guardetxeko aparkalekutik.

Orientazioa praktikan jarri nahi dutenek ibarreko mendietan aparteko aukera dute. Mendiek berez eskaintzen dioten aukera horri beste bat gaineratu dio Aralar Elkarteak ostiralean mustu zuen Aralarko orientazio zirkuituarekin. Arituek praktikatzeko aukera izanen dute eta orientazioa ezagutu nahi dutenek horretarako aukera izanen dute. Zirkuituak hiru ibilbide ditu: erraza (kolore berdez margotutako baliza), ertaina (urdina) eta zaila (gorria). Logikoa denez, ibilbideak ez daude seinaleztatuta, helburua baita mendian orientatzen jakitea eta hiru ibilbideetan barna banatuta dauden zenbait lekutara (balizak) iristea.

Kirol horretan aritzeko mapa bat eta iparrorratza besterik ez dira behar. Aralar Elkarteak orientazio mapa sortu du eta han markatu ditu ibilbidea osatzen duten puntuak. Jakina, helburua da mapa erabiliz orientatzea eta, aukeratutako ibilbidearen arabera, zenbakidun balizak bata bestearen atzetik opatzea. Ibilbideen abiapuntua Guardetxearen aparkalekua da. Bertan, informazio orokorreko panela eta maila ertain eta aurreratuko ibilbideen hasierak daude. Era berean, Albiko aparkalekuan, hasiera mailako ibilbidearen zero puntua dago, izen bereko trikuharritik gertu. 

Zirkuitu hori sortuz, Aralar Elkarteak, batetik, mendiaren natura, paisaia eta kultura balioak ezagutaraztea du helburu, baita haren erabilera eta aprobetxamendu tradizionalak ere. Horrekin batera, elkarteak naturarekin harremanetan egiten diren ohitura osasungarriak sustatu nahi ditu, kasu honetan jolaserako eta aisialdirako aukera hezigarria eskainiz. Jakina, zirkuituak natura ingurunean orientazio trebetasunak sustatzeko balioko du. Aldi berean, Aralarko natur gunearen erabilera arduratsua eta errespetuzkoa bulkatu nahi dute. Orientazio zirkuitua Sakana eta Plazaola inguruetako turismo eskaintza zabaltzen laguntzeko bidea izan daitekeela ere uste dute elkartekideek.

Aralar Elkarteak sustatu du proiektua Sakana Garapen Agentziaren eta Plazaola turismo partzuergoaren laguntza teknikoarekin. Egitasmoak 12.886,50 euroko aurrekontua izan du. Hura egiteko Nafarroa Ezagutu Sarearen %80ko dirulaguntza izan du (10.309,20 euro), gainontzeko %20 elkarteak pagatu du. Azken hori Nafarroako natur gune babestuak, espazio bereziak eta erabilera publikoko ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatzen dute. Zirkuituaren sustatzaile ere izan dira Sakana Garapen Agentzia, Plazaola turismo partzuergoa eta Nafarroako Kirol Elkartea.

Mapak 
Nafarroako Kirol Elkarteak lagundu du mapa diseinatzen, eta Nafarroako Gobernuko Kartografia Zerbitzuak egin du. Mapak paperean inprimatu dira eta, besteak beste, Lekunberriko turismo bulegoan, Mendukilo haitzuloko Informazio Gunean edo Lakuntzako udaletxean eros daitezke. Inguruko turismo establezimenduen artean ere banatuko dira. Bertsio digitala sakana.eus  eta plazaola.org webguneetan egonen dira eskuragarri. 

Erlazionatuak

Aralar zaintzen duen elkartea

Erkuden Ruiz Barroso 2018 urt 19 Sakana