Nafarroako Hondakin Funtsekin inbertsioak egin dira

Guaixe 2021ko aza. 29a, 13:15
Amaia Okariz Ormaetxea, Olatz Garde Mazkiaran, David Oroz Alonso eta Itziar Zudarire Salegi Zero Zabor komertzioa kanpainaren aurkezpenean. ARTXIBOA

Hondakinak hondakindegira botatzeagatik pagatu egin behar da eta hortik sortutako dirua inbertsioetara bideratzen da. Sakanako Mankomunitateak funtsetik 190.000 euro inguru jaso ditu.

Gaur egun Nafarroan hondakinak zabortegira botatzea ez da doakoa. Hondakin tona bakoitzeko Nafarroako Gobernuak ezarritako eliminazio zerga pagatu beharra dago. Zerga horrekin lortutako dirua Hondakin Funtsera doa eta haren bidez hondakinak murrizteko eta hobeto kudeatzeko jarduerak finantzatzen dira. Sakanako Mankomunitateak bederatzi proiektu aurkeztu zituen, eta oniritzia jaso ondoren Hondakin Funtsaren finantzazioa jaso dute. Mank-etik esan dutenez, “Hondakin Funtsetik jasotako diruari esker Sakanak aurrera pausuak egiten jarraituko du hondakinen kudeaketa onaren ibilbidean”. 

Bederatzi ekimenak: Organikoparen sari banaketa (6.345,91 euro) Sakanan egin zen, Etxarri Aranatz lurraldeko garaile izanik; arropa edukiontziak (19.550,05 euro) berriz ere Sakanako kaleetara bueltatzea; hondakin bilketarako bigarren eskuko kamioia erosiko da (60.000 euro), trazabilitate sistema (1.210 euro) ezarri da; biohondakin bilketan (1.9874,75 euro) eta konpost plantan (1.419,02 €) hobekuntzak egin dira; Mito, oztopo eta kondairak komunikazio kanpaina (30.611,34 euro) martxan jarri da; Zero Zabor komertzioak ( 27.189,07 euro) erosketa jasangarriak bultzatzeko kanpaina abiaraztea eta UtzubarEKOguneko Konponketa Txokoa sortzea (9.341,16 euro).