Sakanako udalerri guztiak uholdeek kaltetutakoen zerrendan

Guaixe 2022ko urt. 19a, 08:48
Bakaikuko errota urpean. ARTXIBOA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emanen dituen laguntzak eta lurralde kontribuzioa, Ekonomia Jardueraren gaineko Zerga eta eraikuntzen gaineko zerga ordaintzeko salbuespenak jaso ahal izango dituzte. Bi hilabeteko epea dago eskaerak egiteko.

Urte hasierako euriak, atzera ere, ubeldeak gainezka egitea ekarri zuen astelehenean. Eta jende asko abenduko uholdeekin gogoratu zen, ibarrean aspaldi izandako uholde handienak izan zirenak. Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak emandako Foru Aginduaren bidez, abenduko denboraleak eta uholdeek eragindako 133 udalerrien zerrenda onartu du, eta han ibarreko hamabost udalerriak daude. 

Foru Aginduan jasotako laguntzak pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduta daude eta zerga salbuespenen eta konpentsazioen bidez gauzatuko dira. Hala, kaltetutako herrietako ondasun higiezinen titularrak diren pertsona fisikoek edo juridikoek ez dute 2021eko ekitaldiari dagokion Lurralde Kontribuzioa ordaindu beharrik izanen. Era berean, kaltetutako herrietan jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek ez dute 2021eko ekitaldiari dagokion Ekonomia Jardueren gaineko Zerga ordaindu beharrik izanen.

Horretaz aparte, kaltetutako herrietan garatutako jarduerak Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga ordaintzetik libratu ahal izanen dira. Jarduera horietan sartu daitezke kaltetutako ondasunak berreraikitzeko edo birjartzeko lanak. Bestalde, toki-erakundeek, gainera, salbuespen horien ondorioz jaso ez dituzten zerga sarreren konpentsazioa jasoko dute, 2021eko Gastuen Aurrekontuko “Tokiko erakundeentzako konpentsazioa tokiko zergetako hobariak medio” partidaren eta 2022ko, 2023ko eta 2024ko aurrekontuetako partida baliokideen kontura.

Modu berean, Nafarroako Gobernuko arlo ekonomikoak konpromisoa hartu du uholdeek kaltetutako enpresa eremuko erakundeak eta partikularrak bisitatzeko eta modu aktiboan entzuteko, haien premiei zehatz-mehatz heltzearren, honelako egoeretan lehendik dauden eta ohikoak diren prozedurekin koordinatuta.

Nola izapidetu eskaerak
Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek eskaera egin beharko dute dagokien udaletxean, gehienez ere bi hilabeteko epean. Baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa Foru Aginduaren testuan zehaztuta daude. Aginduan jasotako onura fiskalak aplikatzen dituzten udalerriei dagokienez, konpentsazio eskaera aurkeztu beharko dute Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian.

Beste laguntza batzuk
Nafarroako Gobernuak gogorarazi du Tokiko Azpiegituren Planaren (TAP) barnean larrialdietarako lerro bat dagoela, aurrekontuaren aldetik irekia, hiriko azpiegituren kalteetarako. Bestetik kontsumo zerbitzutik herritarrendako aholkularitza zerbitzua prestatu da, ondasunetan izandako kalteen aurrean nola jokatu jakin ahal izateko. Horretarako, 848 427 733 telefono zenbakira hots egin behar da.

Erlazionatuak

Uholdea Sakanan

Guaixe 2021 abe 17 Sakana