Plazaolako bide berdeak Europako Trail Gazers Bid proiektuan parte hartzen du kontinenteko beste zazpi natura ibilbiderekin batera. Sustatzaileen iritziz, halako ibilbideak garapen eragile garrantzitsuak izan daitezke zeharkatzen dituzten eskualdeetan; aukera eman baitezakete lurraldeak modu jasangarrian suspertzeko. Proiektu horren bidez, ibilbide horietan egindako inbertsioek gizartean eta ekonomian duten eragina aztertu nahi dute, besteak beste, turismo, aisialdia eta kirol erabilera lotutako helburuetarako.
Horregatik, Plazaola turismo patzuergoak datu bilketari ekin zion 2020an: bideko erabiltzaileak jakiteko kontagailuak jarri ditu, inguruko negozio txikiei eta bidearen erabiltzaileei inkestak egin dizkie, bidearen mantentze gastua berraztertu du… Orain Plazaolaren inguruan bizi diren familien gastua ezagutu nahi dute, eta, horregatik, arakildarrei eta irurtzundarrei inkesta anonimo labur bat erantzuteko eskatu diete. Alde batetik, etxeetako gastu orokorren (elikadura, aisia, arropa, eta abar) gutxi gorabeherako kopurua jakin nahi dute, eta, bestetik, gastu horretatik zenbat geratzen den Plazaolaren eremuan. Emaitzak lagungarriak izanen dira ikertzeko ibilbideek zenbateraino laguntzen duten tokiko ekonomia garatzen, hobetzeko aukerak aztertze aldera.