Emakumezko batek eraso larria jasan du

Guaixe 2022ko ots. 22a, 20:12

Emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurkako egunean Uharte Arakilen egindako kontzentrazioa. ARTXIBOA

Uharte Arakilgo eta Arbizuko udalek gaitzespen adierazpena onartu dute eta mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egiten dutela jakinarazi dute. Ostegunean, Arbizun, eta ostiralean, Uharte Arakilen, eginen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Gizonezko batek emakume bati eraso larria egin dio asteburuan. Horren berri izan dutenean, Uharte Arakilgo Udalak eta Arbizuko udalak adierazpena onartu dute, haren bidez eraso matxistaren kontra egin eta “gaitzespen gogorrena” azaldu dute. Aldi berean, bi udalek bere laguntza eta babes osoa adierazi nahi diete erasoa jasan duen emakumezkoari eta bere ingurukoei. “Ditugun informazio eta baliabide guztiak erasotako emakumearen esku jarriz, bere onera etortzeko prozesuan lagungarri izan dakizkiokeenak”, azaldu dute bi udalek. 

Uharte Arakil eta Arbizuko udalek jakinarazi dutenez, erasoa izan dela egiaztatu ondoren, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. Lurralde protokoloa aktibatu dute. Haren bidez, emakumezkoari eta bere gertukoei arreta egokia eman nahi diote eta, bestetik, erakundeen erantzuna koordinatu. Horregatik, esaterako, gaitzespen adierazpena ibarreko udaletara bidaliko dute, onar dezaten. 

Lehen mailako arazoa 
Bi udalek gaztigatu dutenez “jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko botere harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz horrek, eta horretan ardura berezia dugu erakunde publikook”. Udal arduradunen iritziz, “emakumezkoen kontrako eraso horiek ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista emakumezkoek eta gizonezkoek bizi duten desberdintasun egoeraren adierazpen bortitzena da”. Indarkeria hori egiturazkoa dela gaineratu dute: “indarkeria horren muinean ordena soziala bera baitago, alegia, indarkeria mota hori sustatu, babestu eta ahalbidetzen duen sistema oso bat.
Honenbestez, emakume eta gizonen arteko botere-harremanak bere horretan mantentzeko ezinbesteko tresna da”.

Uharte Arakilgo eta Arbizuko udal arduradunek indarkeria matxista “lehen mailako arazotzat” dute.  “Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta tapatu egiten da. Ez da inola ere, ordea, esparru pribatuari dagokion arazo bat, ez da isilik gorde beharrik eta ez du inongo zilegitasunik. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea” gaineratu dute udal ordezkariek.

Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak eta erantzunak integralak izan behar dutela ziurtatu dute. “Pertsonen arteko harreman sistema berdinzalea sortzea da erronka, gaur egungo antolaketa eta ordena soziala eraldatzea, azken finean”. Aldi berean, “indarkeriaren prebentzioan ahalegin berezia” egin behar dela gaineratu dute, “pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatuz eta, besteak beste, gaur egun indarrean dagoen maskulinitate eredua eraldatuz, gizon izateko modu alternatiboak garatuz”. Horregatik, Uharte Arakilgo eta Arbizuko udaletatik dei egin diete gizonezkoei “alde batera utz ditzaten emakumezkoen kontrako indarkeria, hari lotuta ahalbidetzen duten justifikazioa eta jarrera konplize oro”.

Azkenik, bi udalek bat egin dute mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin, eta ubertear eta arbizuar guztiei horietan parte hartzeko deia egiten diete, “indarkeria matxista oro arbuiatzeko eta berau jasan duen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazteko”. Uharte Arakilen gaur, 20:00etan egin dute bilkura. Bilgune Feministak Arbizun bilkura deitu du ostegunean, 19:00etan, plazan. 

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.