Mugimendu feministak eraso matxista "gogor" salatu du

Guaixe 2022ko ots. 25a, 14:31

Arbizuar ugari elkartu ziren atzoko elkarretaratzean. UTZITAKOA

Arbizun atzo eta gaur Uharte Arakilen, 20:00etan, kontzentrazioa eginen da. Sakanako mugimendu feministak “emakumeok gure artean saretzearen, indartzearen eta autodefentsa feministaren aldeko aldarria” egin du, “emakumeon* bizitzak direlako jokoan daudenak”.

Arbizuko gizonezko batek Uharte Arakilgo emakumezko bat larriki eraso zuen asteburuan. Horrek Sakanako mugimendu feministako kideendako “gertaera horrek adierazten du indarkeria matxistak ez duela etenik, bizi garen sistema heteropatriarkal eta kapitalistak funtzionatzeko ezinbesteko tresna duelako; sistema horrek sortzen dituen emakumezkoen eta gizonezkoen arteko botere harremanak mantentzeko tresna delako”. 

Eraso matxista horren aurrean, ibarreko mugimendu feministako kideek esan dutenez, “indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala da. Igandekoa bezalako gertaerak ez dira modu isolatuan gertatzen diren erasoak, baizik eta bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen du indarkeria erabiltzea”. Horregatik, mugimenduko kideek “egunerokotasunean indarkeria matxistaren kontrako jarrera adieraztera eta gizarte parekideago bat eraikitzeko lanean murgiltzera” deitu du.

Sakana mugimendu feministako kideen iritziz, “gure eskualde eta herrietan ez dugu bakerik ez normalizaziorik izanen emakume izate hutsagatik emakumezkoak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean”. Horregatik, “indarkeria matxistaren kontrako eta jendarte feministaren aldeko borrokan ezinbestekoa da gizarte eta politika eragile guztiek dagokigun norberaren eta talde ardura hartzea”. Azkenik, gaur, 20:00etan, Uharte Arakilgo mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera deitu dute. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! Leloa izanen du bilkurak. Horrekin batera, martxoaren 8an, 20:00etan, Altsasun eginen den eskualdeko manifestazioan emakume langileen eskubideen defentsan parte hartzera deitu du Sakanako mugimendu feministak. 

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.