Jakin mina dute ikasleek

Guaixe 2022ko mar. 15a, 15:07
Gazteak hitzaldietako batean. @jakiunde

Zientzia, Arte eta Letren Akademiak, Jakiundek, Jakin-mina programaren hamaikagarren edizio antolatu du. Jakin-mina DBHko 4. mailako ikasleei zuzendutako programa da eta, besteak beste, Andra Mari ikastolako ikasleak parte hartzen ari dira.

Jakin-mina programan interesa duten ikasleek eman dute izena eta azarotik martxora egiten den ziklo osora joateko konpromisoa hartu dute. Hau da, hilean behin hitzaldi batera joanen dira. Hitzaldiak ikastetxeko ordutegitik kanpo dira, 17: 30ean, Iruñeko Pio XII etorbideko Civicanen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Vienako Medikuntza Unibertsitateko edota Euskal Herriko Unibertsitateko adituek eman dizkiete hitzaldiak. Bost hitzaldietatik gutxienez lautara joaten direnak Jakin-mina lortuko dute, horretarako propio eginen den ekitaldi batean. Hitzaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen dira.

Programak Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren babesa du, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Unibertsitatearen lankidetza ere. 

Hitzaldietan adituek denetariko gaiak landu dituzte. Esaterako, Amaia Zuazuak (Diseinuko Gradua, Arkitektura Eskola, Nafarroako Unibertsitatea) Eraikin birtualak: Utopia ala errealitate lorgarria? gaiaren inguruan hizketatu zen, ingelesez. Gustavo Otxoak  (Estatistika, Informatika eta Matematika irakaslea NUPen; Nafarroako Olinpiada Matematikoaren antolatzailea) Zergatik matematika? galdera erantzun zuen bere txandan. Nafarroako konkista bere bosgarren mendeurrena (1512/1522-2022) gai hartuta hizlari aritu zitzaien Roldan Jimeno (Zuzenbidearen Historiako irakaslea, Upna; Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa (FEDHAV); Jakiundeko akademikoa).

Jakin-mina programan izena eman dutenek gaur Teresa Catalan konpositorearekin dute hitzordua (Konposizioko eta instrumentazioko katedradun emeritua, 2017ko Musikako Sari Nazionala, Jakiundeko akademikoa). Berak Musika: entzun edo aditu? galderari erantzunen dio ikasleen aurrean. Jesus Mari Santamariak (Kimika Analitikoko katedraduna, Ingurumenaren Kalitateko Laborategi Integratuko (LICA) teknikaria, Biodibertsitate eta Ingurumen Institutua) bestalde honako galderari erantzun zion: Hobetu al daiteke hirietako airearen kalitatea? COVID-19tik ikasitako lezioak.