Chivitek ibarreko ordezkariei gobernuaren inbertsioen berri eman die

Guaixe 2022ko api. 6a, 10:02
Maria Chivite Navascues eta Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena. NAFARROAKO GOBERNUA

Altsasuko osasun eskualderako hiru medikuk plaza finkoa izanen dutela iragarri du. Baita Lanbide Heziketaren eskaintza zabalduko dela ere. 

Maria Chivite Navascues Nafarroako lehendakaria eta Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria Sakanako udal eta ekonomia ordezkariekin elkartu ziren Irurtzunen astelehenean. Bilkura, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen arteko Elkarrizketa Konferentzia berriaren bosgarren topaketa izan zen. Eta bertan bi berri jakinarazi zituzten. Batetik, Altsasuko osasun zentroan plaza finkoa duten hiru mediku lanean hasiko direla laster, asistentzia kalitatea hobetzen lagunduko dutenak, plantilaren behin-behinekotasuna murriztuz. 

Beste berritasuna da, Sakana Lanbide Heziketa institutuak heldu den ikasturtean hezkuntza eskaintza handituko duela gradu gehiagorekin. Chivitek azaldu duenez, “ikasturte honetan Nafarroako Atecak lehen geletako bat mustuko du, prestakuntza ematen den teknologia aplikatuko eremuak, adibidez, errealitate birtuala erabiliz”. Lehendakariak gaineratu duenez, “Hezkuntzaren kalitatea eta prestakuntzaren berrikuntza hobetzearen aldeko apustu garbia da”.

Inbertsio gehiago
Era berean, aipatu du 2 milioi euro baino gehiago bideratuko direla inguruko errepide sarea eguneratzeko eta hobetzeko. Ildo horretan, duela gutxi, Irurtzungo saihesbide berriaren obrak hasi dira, 1,1 milioiko aurrekontuarekin; 650.000 euro esleitu dira Izurdiagan A-15 errepiderako lotune bat eraikitzeko.

Chivitek azaldu du Sakanako korridore ekologikoa sortzeko proiektua, REACT funtsetatik bost milioirekin finantzatuta dagoena. Korridore hori Etxarri Aranatzen dagoen autobiaren gainetik 100 metro inguruko fauna-pasabide bat da, eta Aritzalkoko hariztiaren bi eremuak lotuko lituzke. “Jarduera horrek kontserbaziorako garrantzi handia duen konektibitate ekologikoko arazo bat konpondu nahi du, eta bultzada garrantzitsua da tokiko ekonomiarendako”.

Presidenteak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak Sakanako Garapen Agentziarekin sinatu zuten hitzarmenaren bidez banda zabalaren hedapena erraztu dela, “116.000 euroko inbertsioa egin dute 19 herritara abiadura handiko Internet eramateko”.