Astekaria

Sakananet, mankomunatutako zuntz optikoa eskaintzeko zerbitzua

Guaixe 2021ko aza. 10a, 13:37

Ezkerretik eskuinera, Miguel Angel Irigoien (Guifinet), Oihana Olaberria (Arakil), Gorka Ovejero (Arruazu), Txomin Uharte (Uharte). Aurrean, Silvia Marañon (Etxarri), Núria Coromina (Guifinet), David Oroz eta Iker Manterola (SGA).

Ibar guztira zuntz optiko azkarra eramatea du helburu. Lehen fasean Arakil eta Etxarri Aranatz arteko lanak egiten ari dira. Urtea despeditu aurretik eskaini nahi du zerbitzua. “Multinazionalen logikatik at dagoen bidezko zerbitzua jasoko dute sakandarrek, bidezko prezioekin, eta beren parte hartzean oinarritutakoa”.

Sakanan Mankomunautako Zuntz Optikoa, Sakananet, hedatuko duen proiektua asteazkenean aurkeztu zuten parte hartzen ari diren udal ordezkariek, Sakanako Mankomunitateko presidenteak, Sakanako Garapen Agentziako kudeatzaileak eta ekimeneko lankide teknologikoa den Guifinet fundazioko ordezkariak. Mank-eko buru David Oroz Alonsok esan zuenez, proiektu horren muinean bi helburu nagusi daude: “batetik, sakandar guztiei hurbileko, kalitatezko eta jasangarria den konexioa eskaintzea. Eta, bestetik, sare mankomunatua ziurtatzea; hau da, multinazionalen eredutik at, herritar guztiak jabe izanen dituen sarea izatea”.

Proiektua sustatu duten ibarreko erakundeek Guifinet telekomunikazio eredu mankomunatuaren aldeko apustua egin dute, “herritarrei Internet jasangarriagoa eta hurbilagoa helarazteko. Konexio azkarra izatea, gaur egun, oinarrizko beharra baita. Mankomunatutako zuntz optikoko sareari esker, Sakanak kalitatezko Internet konexioa izanen du, bidezko prezioan, tokiko operadoreen bitartez eta hurbileko ekonomia sustatuz”, azaldu zuen Orozek. Mank-eko Telekomunikazio Batzordeko buru Gorka Ovejero Ganboak gaineratu zuenez, “landa eremuan eta herri txikietara iritsiko da proiektua, orain genituen gabeziak konponduz. Honela, goi mailako zuntz azkar zerbitzua izanen dugu, azkenean. Eta, gainera, gu izanen gara zuntz horren jabeak”. 

Guifinet Fundazioko kide Miguel Angel Irigoienek azpimarratu zuenez, “proiektuaren finantzazioa, mantentzea eta gobernantza era mankomunatuan eginen da: erabiltzaileek eta tokiko instituzioek eginen dute. Horrek esan nahi du sakandarrak izanen direla zerbitzuaren jabeak, tokiko baloreak sustatuz”.

Tokiko operadoreen aldeko apustua
Guifinet fundazioaren helburua da lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen dituen telekomunikazio eredua gainditzea. Fundazioa hainbat eskualdetan ari da lanean, eta, pilatutako eskarmentuarekin, Sakanan proiektua koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da. Betiere helburua zerbitzua izanen da, ez zerbitzuaren diru etekina. Sakandarrek izan ditzaketen zalantza guztiak argitzeko Guifinetek web orrialde bat sortu du: https://fundacio.guifi.net/sakananet

Sakananet-i esker erabiltzaileek erabakiko dute zein operadorerekin kontratatuko dituzten zerbitzuak, zeinen eskaintza gustatzen zaien gehien. Gainera, sarean parte hartzen duen operadorea nahi den guztietan alda daiteke, ez baitago iraunkortasun betebeharrik. Tokiko telekomunikazio operadore eskaintza honakoa da: Abaila, Evel, Sisnet eta Sona. Sakananet-ek 1.000 Mb simetriko segundoko eskainiko ditu, hau da, Gbps simetriko bat. Edozein erabiltzaileren beharrak estaltzen ditu horrek.

Abantailak
Sarea era mankomunatuan antolatzeak eskaintzen dituen abantailak azpimarratu zituzten aurkezpenean. Batetik, “ohiko ereduan, sarearen jabetza operadore bakar baten esku dagoenez, operadore horrek aldi berean zabaldu eta ustiatzen du. Mankomunatutako sarea, berriz, ondasun komun gisa erabiltzen den azpiegitura da: bertan inbertitu duten eta erabiltzen duten eragile guztiena da”. Eta adibidea eman zuten: “larreen edo herri basoen kudeaketarekin gertatzen den bezala, ziurtatzen eta zaintzen duten mekanismo batzuen bidez kudeatzen da”.

Bigarren abantaila da mankomunatutako sarea “irekia, askea eta neutrala izatea. Sare bera operadore askok partekatzen dute, monopolioa saihestuz”. Horrekin batera nabarmendu zutenez, “ingurumenaren aldetik jasangarriagoa da, ez baitira azpiegiturak bikoizten, eta kostuak merkatzen dira. Aldi berean, azpiegiturarekin negozioa egitea saihesten da”. Azkenik, gaztigatu zutenez, “erabiltzaileek hainbat merkataritza operadoreren artean aukera dezakete”. 

Proiektuaren sustatzaileek azaldu zutenez, lanak faseka ari dira egiten. Zuntz optikoa zabaltzeko lanak udan hasi ziren, urte akaberarako lanak despedituko dituzte eta Aizkorbe eta Etxarri Aranatz arteko herrietan eskainiko du zerbitzua. 

Hedatuko den udalerriak
Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte-Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu eta Etxarri-Aranatz.