Kontseiluarendako euskararen egoerak okerrera egin du

Guaixe 2022ko mai. 4a, 14:02
Euskalgintzaren Kontseiluko kideak manifestaziorako deia egiten. UTZITAKOA

Euskaltzaleen Kontseiluak “oso larritzat” jo du Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakia. Larunbatean, Iruñeko manifestazioan parte hartzeko arrazoiak ugaritzen ari direla esan du. Altsasun ostiralean elkarretaratzea eginen dute.

 

Euskalgintzaren Kontseiluak, AEK, IKA, Sortzen, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz eta Emun eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia batera, larunbaterako manifestaziorako deialdia egin du. Paul Bilbao Sarria idazkari nagusiak aukera baliatu du Nafarroako Parlamentuan aurreko ostegunean hartutako erabakiaz hizketatzeko, hau da, PAI programa hezkuntza eredu bihurtzea. “Oso larria iruditu zaigu. Hain zuzen ere, Nafarroako berezko hizkuntza ezagutzeko herritarren eskubidea bermatzeari begira botere publikoek betebehar zehatza dute, gaur egun Nafarroako Gobernuak betetzen ez duena” zehaztu du Bilbaok. "Iruñeko kaleak betetzeko arrazoiak ugaritzen ari dira”. Maiatzaren 7an, larunbata, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du. Maiatzaren 6an, ostirala, 19:00etan, Altsasuko udaletxearen aurrean elkarretaratzea eginen dute. 

Gaineratu duenez Parlamentuak hartutako erabakia “nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpe bat da. Izan ere, egungo hezkuntza-ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu”. Adierazi duenez, “ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete”.

Bilbaok gogoan izan du PAI abian jarri zenean Yolanda Barcina Angulok esandakoak: “PAI programaren bidez euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu nahi” zuela. Euskaltzaleen Kontseiluko buruak azaldu duenez, “berezko hizkuntzak dituzten beste lurralde batzuetan ere, Valentzian edota Balear Uharteetan esaterako, helburu bera betetzeko abian jarri zituzten antzeko ikasketa ereduak. Horregatik, Bilbaok ziurtatu duenez, “argi geratu da PAIrena bezalako ereduak ezarri nahi izan diren lurraldeetan, hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari aurre egiteko estrategiaren baitan kokatu izan dela, eta Nafarroan ere horrela izan zen, eta horrela da”.  

Bestalde, Kontseiluko eledunak interesen araberako abiadura erabiltzen dela salatu du: “Euskara merezimendu gisa arautzeko dekretua prestatzeko urteak behar izan dituzte, baina PAI eredu bihurtzeko prozesua di-da batean jarri dute abian”. Horrekin “intentzionalitate maltzurra erakusten dute zenbait alderdik, bereziki euskararen kontrako neurriak jokoan daudenean” azaldu du.

Atzerapausoei aurre egin beharra
Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak gogoan izan du zein izan zen larunbateko
manifestazioa antolatzeko lehen arrazoi nagusia: “Nafarroako Gobernuak euskara eta
euskaldunak zokoratuko dituen araudia onartu nahi du. Ondorioz, UPNren garaiko politiketara
itzuli nahi du, eta epaitegiek onetsitako neurriak ere ezabatu nahi ditu”. Bilbaok berriro azaldu du Gobernuak onartu nahi duen dekretua hainbat atzerapauso ekartzeaz aparte, UPNren politikek baino atzerago agiten duela zenbait puntutan. 

Kontseiluko buruaren iritziz “helburu bakarra du Nafarroako Gobernuak: euskara bera eta euskarari lotutako komunitatea zokoratu nahi dituzte, lurraldean inolako estatusik ez duen hizkuntza bat gainean jarriz”. Bestalde, Bilbaok gogoratu du denak ez duela balio, baldin eta herritarrak gutxietsiko badira: “euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek babes parlamentarioa izateak ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik”.

Atxikimendu gehiago
Manifestazioari begirako atxikimendu gehiago jaso dituztela gaztigatu du Kontseiluko eledunak: “Batetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek dekretua aldatzeko eskaerak bidaltzen dizkigutela Nafarroa osotik. Une honetan, Gobernuari helarazteko bostehun eskaera berri dugu. Bigarrenik, askotariko eragileen atxikimenduak iristen ari dira, besteak beste, Duguna Dantza Taldea, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Eskubide Sozialen Karta, EHGAM, Pantailak Euskaraz, Sasoia Elkartea... Azkenik, aipatzeko modukoa da Nafarroako 28 udal euskara teknikarik ere agertu diotela atxikimendua mobilizazioari. Horri gehitu behar diogu duela zenbait aste euskal gehiengo sindikalak ere kalera ateratzeko deia egin zuela».

Halere, Bilbaok argitu nahi izan du zeinek bere erantzukizuna duela atzerapauso hauei guztiei
aurre egiteko. Horregatik, “alderdi politikoei ere eskaera zuzena egin nahi diegu: desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko. Bada garaia presio handiagoa egiteko, euskararen gaia erdigunean jarri eta estutzeko. Izan ere, hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin dezakete euskararen normalizazio prozesuan” esanez bukatu du.