Pandemia aurreko ebasketa salaketa kopuru bera

Guaixe 2022ko mai. 25a, 10:21
Foruzaingoaren Altsasuko polizia etxea. ARTXIBOA

Foruzaingoak gaztigatu duenez, lehen lauhilekoan 2019koen ebasketa kopuru bera izan da.

Irabaziak lortzeko asmoz beste baten gauza higigarriez jabetzea, zuzenbidearen arabera, bi delitu izan daitezke: ebasketa eta lapurreta. Bien arteko aldea da indarraren edo izuaren erabilera dago. Gauzak indarrez eskuratuz gero, edota pertsonen aurka indarkeria edo izua erabiliz gero, lapurreta da. Indarkeriarik ez dagoen kasuetan ebasketa. Azken horiek izan daitezke objektuen jabeak haiek nonbaiten utzi eta besteren batek bereganatu dituelako. Edo norbait hurbildu eta poltsa edo poltsikotik objektuak hartzean. 

Pandemiaren ondoren, mugikortasun askatasunarekin batera, Nafarroan ebasketen kopuruak urteko lehen lau hilabeteetan gora egin dutela jakinarazi du Foruzaingoak. Urte hasieratik eta apirila akaberara Foruzaingoak 580 ebasketa salaketa jaso ditu. Duela hiru urte 703 izan ziren, %17,5 gutxiago. Foruzainen azterketaren arabera ebasketa gehienak ostegunetik igandera izan dira, gehienak larunbatetan eta igandeetan (207). Lapurreten ia erdia (247) 18:00ak eta 02:00ak artean izan dira, aisialdi garaiarekin bat eginez. 10:00etatik 14:00ak bitartean egin dira ere ebasketak, jendea mandatuak, erosketak eta bestelakoak egiten ari den bitartean. 

Foruzaingoak jakinarazi duenez, ilbeltza hasieratik apirila akaberara ibarreko 15 udalerrietatik hirutan jarri dituzte ebasketagatik salaketak: Altsasun 10, Ziordian 6 eta Ergoienan 1. Foruzainek ebasketei aurre egiteko gutxieneko babes, zaintza eta auto babes neurriak mantentzea gomendatu du. Iruñeko festetan halako delituak asko ugaritzen direla nabarmendu du.