Hiru sakandarren artean landu zuten Aralarri buruzko egitasmoa: Beñat Torrente Armentia, Itziar Zudaire Salegi eta Amagoia Azpiroz Arrese, Lakuntza, Altsasu eta Ziordikoak hurrenez hurren. Honako erronkari egin behar zioten aurre: Aralarko eskaintza udara ez mugatzea eta hura desestazionalizatuko duen jarduera plan bat sortzea da, bertako elkarte, eskola eta hainbat eragile parte hartzaile aktibo izanik. Hori garatzeko hirukoteak Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuetatik zortzi aukeratu zituen: osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, genero berdintasuna, desberdintasunen murrizketa, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, klimaren aldeko ekintza, lurreko ekosistemen bizitza eta helburuak lortzeko aliantzak.
Horiek garbi izanda, proiektua garatzeko sei helburu zehaztu zituzten. Lehena, Aralar natur gunea eta bere ibilbideak ezagutaraztea. Bigarrena, urte osoko jarduera eskaintza prestatzea. Gainera, nahi zuten lurraldeko eragileak eraldatzaile izatea. Aldi berean, egitasmoarekin hirurek ingurumen hezkuntza hobetzea lortu nahi zuten. Horrekin batera, tradiziozko bizimoduari balioa aitortzea nahi zuten eta, azkenik, lotura sare bat sortzea bilatu dute.
Bidea
Egitasmoa zehazteko garaian hiruko sakandarra 97 pertsonarekin jarri zen harremanetan. Horretarako bideak inkesta, talde bilera eta elkarrizketak izan ziren. Ideiak sortzeko garaian, proiektuaren hirugarren fasean, eraginen panela sortu zuten eta han jarduerak, ordezkoak, nahiak, konpainia, mugak eta Aralarrendako nahiak jaso zituzten. Ideien errota martxan jarrita 28 sortu zitzaizkien. Guztiekin ezin zuten aurrera egin eta haiek bahetu eta hamahirurekin gelditu ziren. Baina ideiak garatu ahala batzuk baztertu behar izan zituzten eta lantzeko hamar ideiarekin gelditu ziren.
Haien egokitasuna aztertzeko hemeretzi pertsonarekin testatu zituzten. Haiek gustuko zituzten eta ez zituzten jardunen berri eman zieten. Gainera prozesu horretan beste ideia bat sortu zitzaien. Azkenik, hamar jarduerez osatutako proposamena ondu dute: Nafarroako produktu jasangarrien dastaketa, Bizi Aralar, Herensugearen itzulera ihes gela, Aralar hitzetik hortzera, Kontakizun laburren lehiaketa: Aralarko memoriak, Aralar eskuekin, Aralarren lotan, Aralar sukaldean, Nafarroa anitza eta Haizea super artzainaren komikia. Azken lauekin proiektu bana garatu dute.
Landutakoak
Torrentek, Zudairek eta Azpirozek garatu duten ideiatako bat Aralarren lo egiteko aukera eskaintzen du, zehazki, artzain baten borda batean. Horrengatik ordaindu beharko litzateke. Eta, horrek aukera emanen luke borda horien mantentzean laguntzea. Bestetik, abeltzaintza eta artzaintzarekiko errespetua sustatzeko baliagarria izan daitekeela uste du hirukoak. Azkenik, Aralarko ondarea berreskuratzeko balioa aitortu diote ideia horri.
Garatu duten bigarren ideia Aralar sukaldean sukaldaritza jasangarriko ikastaroa da. Proposatzaileen arabera ikastaroak bi zati lituzke. Aurrenekoa litzateke mikologian aditua den pertsona baten laguntzarekin mendian ibilbidea egin eta zizak edota bestelako basoko produktuak jasotzea. Ondoren, elkartearen batean haiek bertako ekoizleen beste produktuekin batera prestatuko lirateke. Mendiaren ustiapen jasangarria eginen litzateke horrela haien iritziz.
Hirugarren ideia Nafarroa anitza izeneko ikasle trukea da. Nafarroa Ezagutu Sarean dauden eremuetako ikastetxeetan ikasleek haiengandik gertu dagoen natur guneari buruzko ezaugarriak, balioak eta beste jasoko lituzkete ikasleek ikasturtean. Eta, bukaeran, beste ikastetxe bateko ikasleendako gidarena eginen lukete. Lakuntza eta Arguedas jarri zituzten adibide gisa. Arguedaskoak Lakuntzara etorriko lirateke eta eskolako ikasleek Aralarren gida lanak eginen lituzkete bisitariei mendiari buruzko argibideak emateko. Eta beste egun batean lakuntzarrek Arguedasloei bisita bueltatu eta Bardeari buruzko jakintza jasoko lukete. Ekimen horren bidez, hirukotearen iritziz, Nafarroako natur gune ezagutarazten dira eta hainbat lurraldetako ikasleak saretzen dira. Azkenik, Super Artzaina komikia argitaratzea proposatu dute, txikienei Aralar ezagutarazteko.
Lanak despedituta, Torrentek, Zudairek eta Azpirozek uste dute helburuak bete dituztela. Eta lana egin eta gero ondorioztatu dute "biztanleriak Aralarren jarduerak egiteko gogoa" daukala, izan ere, "testeo fasean jarduerek harrera ona izan dute".