Astekaria

"Ekimen interesgarriak sortu dituzte"

Guaixe 2022ko eka. 7a, 10:01

PRestakuntza saioko arduraduna azalpenak ematen.

Aralarko santutegian ikastaro akaberako proiektuak aurkeztu zituzten astelehenean jasangarritasun teknikari gisa trebatu direnak. Saioa Amondarain Aranburu ikastaroko arduraduna da. 

Jasangarritasun teknikari prestakuntza programaren aurreneko edizioa Lizarraldean egin zen joan den urtean. Bigarren edizioak, aurtengoak, berriz, Bidasoa, Leurtza, Aralar, Plazaola eta Sakana eskualdeak hartu ditu. Prestakuntza apirilaren 20an hasi eta aurreko astelehenean Aralarko santutegian despeditu zen, nahiz eta parte hartzaileek ebaluazio saio pare bat eginen dituzten orain. Prestakuntza ikastaroko saio gehienak Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan egin badituzte ere, ikastaroan izena eman dutenek beste saio batzuk aipatu eskualdeetan izan dituzte. Ikastaroko arduradun Saioa Amondarain Aranburuk esan duenez talde lanak, proiektuen garapenak edo erabiltzailearengan oinarritutako diseinuak, besteak beste, benetako erronkei erantzun dieten proposamenak sortu dituzte parte hartzaileek.

Prestakuntza ikastaro hori kudeaketa jasangarria eta klima aldaketara egokitzea ditu helburu. Haren bidez, Bidasoa, Leurtza, Aralar, Plazaola eta Sakanako natur guneen eraginpeko eremuetara zabaldu nahi da bere jarduera. Programak, lurralde horiek iraunkortasunaren eta klima aldaketara egokitzearen inguruan dituzten behar eta arazo errealetan jarri du arreta, eremu horietako kudeatzaileen eskutik lan eginez. Aurreko astelehenean ikastaro amaierako proiektuak aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernua, Garalur, Plazaola turismo partzuergo, Sakanako Garapen Agentzia eta beste erakundeetako ordezkarien aurrean egin zuten.

Zer da jasangarritasun teknikari izatea?
Ditugun natur baliabideetan eta natur espazioetan lanean arituko den pertsona bat da. Horiek dinamizatuko dituena, eta espazio horietatik abiatuta lurraldean jasangarritasuna sustatuko duena. Beti ere, gizarte, ekonomia eta ingurumen loturak dituen jasangarritasuna. Espazio horien inguruko agenteekin eta gestoreekin lanean ariko litzatekeen teknikaria da. 

Hori guztia izateko nola trebatzen duzue jendea?
Erronka bat da hilabete eta erdian edo bi hilabete motzean prestakuntza egitea. Ikusten dugu pertsona aktibo eta dinamikoak behar ditugula. Nahiz eta kontzeptu tekniko edo teoriko batzuk lantzen joan, eginez ikasten dute; proiektuetan lanean. Lurraldeak dituen erronkak ezagututa, proiektuen bidez erronka horiei erantzuna emanez doaz gaitasunak hartzen edo hainbat kontzeptu lantzen: proiektuen gestioa, komunikazioa, proiektuak eta ideiak aurrera nola eraman eta abar. 

Zenbatek osatu dute ikastaroa? 
Hamar parte hartzaile izan ditugu. Sakandar dezentek interesa azaldu zuten eta, azkenean, lauk eman zuten izena, Lakuntza, Urdiain, Altsasu eta Ziordikoak. 

Aztergai zegoen eremuaren barruan zeuden Aralar mendia eta Plazaolako bide berdea. Bi espazio horietan, zeren inguruan aritu dira parte hartzaileak?
Aralar landu dutenen erronka zen jasangarritasunaren inguruko programa sortzea, ez bakarrik udan zentratua; desestazionalizazioa opatzea urtean zehar hainbat jarduerak egin jasangarritasuna sustatzeko, bai bertako biztanleei begira, baita bisitariei begira ere. Eta haien arteko elkarbizitza sustatzeko. Plazaola bide berdearen kasuan erronka ikasturte osorako plana sortzea zen, ikasleen eta gazteen parte hartzea sustatuz. 

Hori nola gauzatu dute?
Hainbat jarduera zehatzekin programazio bat sortu dute. Ekimen interesgarriak daude. 

Horiek nori daude zuzenduta?
Espazio horiek hainbatek kudeatzen dituzte. Plazaola turismo partzuergoa arduratzen da izen bereko bide berdeaz. Aralar mendian Aralarko Elkartea, Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean. Haiekin elkarlanean egin dituzten proiektu horiek. Nafarroako Gobernuaren eta Lursarearen bitartez bulkatuko dituzte. 

Beraz, erakundeekin elkarlanean aritu dira. 
Bai. Oso beharrezkoa izan da lurraldeko lan hori: espazioen kudeatzaileekin lan egitea, ikastetxeekin eta abarrekin. Azkenean, proposamen errealak sortu, denen beharrei erantzuna emanen dietenak. 

Zeinek sustatu du ikastaroa?
Nafarroa Ezagutu Sareak sustatu du prestakuntza. Elkarte horrek herrialdeko babestutako natur espazio eta ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeak elkartzen ditu. Hor Sakanako espazioak ere badaude: Plazaolako bide berdea, Aralar, Urbasa-Andia eta Sakanako ibilbideak. Ikastaroaren kudeaketa Ruben Goñi Urrozek zuzentzen duen Nafarroako Gobernuaren Estrategia Proiektuen zuzendaritza eta Lursarearena da. 

Ikastaroa egin duten parte hartzaileek zer irtenbide izan ditzakete? 
Lan horiek, normalean, uda garairako izaten dira. Uda honetan proiektu pilotu batzuk eginen dira. Hemen inguruan pertsona bat egonen da lanean, prestakuntza proiektu horiek guztiak gauzatzeko. Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin horiek aurrera eramanen da proiektu pilotu horren bidez. Helburua da hurrengo urteetan segitzea eta proiektuak jasangarritasuna izan dezala.