Plazaola bide berderako proiektua

Guaixe 2022ko eka. 8a, 10:04

Ssarabe, Sandra eta Juanjo egindako lana jendaurrean azaltzen.

Jasangarritasun teknikari ikastaroan aritutako taldeetako batek bide berdearen inguruko lanketa egin eta hainbat jarduera jasotzen dituen proiektua egin dute.

Juanjo Altuna Otamendi, Sandra Pineda Fleitas eta Sarabe Arakama Irigoien urdindarrak osatu du bide berdeari zuzendutako Hayarte egitasmoa. Hirukoteak honako erronka zuen: ikasturte oso baterako ekintza plan bat sortzea, ikasleak eta gazteak aktibatzeko gai dena, jardueretan parte har dezaten. Gazteen eta Plazaola natur bideko eta partzuergoko herrien arteko lotura sortuko duena, horrela, ingurumenaren natura eta kultura ondarearen balioa aitortzeko. Horretarako Nazio Batuen Erakundearen zortzi Garapen Jasangarrirako Helbururi erreparatu zioten: osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, genero berdintasuna, hiri eta komunitate jasankorrak, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, klimaren aldeko ekintza, lurreko ekosistemen bizitza eta helburuak lortzeko aliantzak. 

Abiapuntu hori izanik, taldeak bost helburu jarri zituen. Batetik, Plazaola bide berdea lurraldearen ardatz gisa ikusgai jartzea. Bestetik, hango biztanleendako bide berdeak balio erantsia izatea. Aldi berean, gazteak programaren elementu nagusi gisa inplikatzea. Horrekin batera, erabiltzaileak Plazaola bide berdeko eragile eraldatzaile bihurtzea. Eta, azkenik, bertakoen eta bisitarien arteko elkarbizitza hobetzea, eguneroko erabileran bidean sortzen diren gatazkak gutxituz.

Saerola 
Izen hori duen hezkuntza komunitatea sortzea proposatu dute Altunak, Pindeak eta Arakamak. Gainera, irailetik garagartzarora doan Saerola egutegia proposatu dute. Hilabete bakoitzean hezkuntza komunitateak Plazaola bide berdearekin lotutako gai bat izanen luke aztergai. Hona ikasturterako proposatutako hamar gaiak: ura, pilota, lurra, musika, zaborra, bertako bizia, inguruko kondairak, zentzumenak, hegaztiak eta Sareola bihurtzea.

Helburuak betetzeko bi jarduera ere zehaztu dituzte. Alde batetik, Plazaolako mitologia deitu dutena, "istorio kontatuak, interpretatuak eta berreginak, belaunaldien arteko trukerako ekintza positiboa lortzeko eta herrien artean loturak sortzeko". Horrela, natur bideari balio erantsia eman eta gazteak inplikatzea lortuko lukete. Beste aldetik, kontzertu akustikoak proposatu dituzte, horrela, Plazaola bide berdeko eta haren ondoan dauden natura espazioak musikariendako eszenatoki bihurtuz. Horrela aurreneko lau helburuak lortuko lirateke: bidea lurraldearen ardatza izatea, bertakoek bideari balio erantsia ikustea, gazteak bustitzea eta erabiltzaileak bidearen eraldatzaile izatea. 

Ondorioak
Helburuak definitu, ideatu, zirriborratu eta haiek testatu ondoren, hirukoak bere lanari buruzko zortzi ondorio atera ditu. Lehenik, jarduera horiek planifikatzeak hango gazteen eta eskola biztanleriaren beharrak ezagutzeko eta ulertzeko aukera eskaintzen duela. Aldi berean, Plazaolako gizarte eragileek eta arduradunek zer ekarpen egin dezaketen detektatzeko baliagarria dela uste dute. Bigarrenik, "orain arte biztanleria gaztearendako arrotza den lurralde, fauna, landaredi eta materia gabeko ondare batean murgiltzeko aukera" da proiektua garatzea. Hirugarren ondorioa da egitasmoak belaunaldien arteko trukea egiteko aukera emanen lukeela, Plazaola bide berdea pasatzen diren herrien artean, herrien arteko loturak sortzeko.

Hirukotearen iritziz haiena "Sareola hezkuntza komunitatearen, biztanleriaren eta administrazio publikoen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko ekimen irekia da". Ondorioztatu dutenez, haiek landutako egitasmoak "Plazaola bide berdea lurraldearendako ordezkatzen duen bizkarrezurra bihurtzeko eta sinergiak sortzeko aukera" eskaintzen du. Haien ustez, aurreikusitako ekimenak aurrera egiteko laguntza emanen duten boluntarioak beharko dira eta hori sustatuko du egitasmoak. Horrekin batera, jarduerak egiteko, eta elikatzeko, tokiko produktuak erabilita tokiko ekoizleak ezagutaraztea lortzen da. Eta, azkenik, "Sareola izan daiteke bere herri edota jendeen historia edota nortasuna markatu zuen 19 tunel dituen trenbide zahar hori, gazteak, ikastetxeetako ikasleak eta familiak Plazaola bide berdera hurbiltzeko tresna".