Musika eskolen eta bandaren arteko zubia

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 9a, 12:41
Haize Berriak Bandak Altsasuko San Juan egunean eskainitako emanaldia. ARTXIBOA

Sakanako Haize Berriak Bandak musika ikasleendako proiektu berria jarri du martxan: Haize Txikiak Banda. Aste batez ikasleak trebatuko dituzte, eta uztailaren 1ean lehenengo emanaldia eginen dute Irurtzunen. Bigarren uztailaren 3an izanen da, Etxarri Aranatzen.

Haize Berriak Bandak 25 urte bete ditu, eta urtean zehar hainbat ekimen eta proiektu jarri ditu martxan, eta horietako bat banda txikia martxan jartzea izanen da: "Bandan beti gabiltza musikarien bila. Sakanan musika eskolak izanik, bidea errazten du, eta beti egon gara banda txiki bat egiteko ideiarekin", azaldu du Jasone Etxebeste Haize Berriak bandako kideak eta Irurtzungo musika eskolako klarinete irakasleak. "Musikariak hamaika edo hamabi urterekin bandara sartzen dira eta beraiendako oso arrotza izan daiteke". Horregatik, zubi "hori" bilatu nahian egon dira.

Urteurrena dela baliatuz, beraz, proiektuarekin aurrera egitea erabaki dute eta ekainaren azkenengo astean Haize Txikiak Banda lehenengo aldiz bilduko da, Irurtzunen. "Ez dugu nahi astero-asteroko banda bat. Haurrek badute izugarrizko karga, eta orduan larunbatero entseatzera joan behar badira, ez du funtzionatuko. Orduan lau egunetan, goizez, musika egiten ariko dira eta hortik bi kontzertu aterako ditugu". Euskaldiko Gazte Orkestran, esaterako, lan egiteko modu hori egiten ari direla azaldu du musikariak.

Sakana osoko proiektu bat da, "gure asmoa ibiltaria izatea da". Urtero bi proiektu egitea aurreikusten dute; ekainean eta gabonetan, haurrek klaserik ez dutenean. 10:00etatik 13:00etara musika jotzen ariko dira, eta ondoren bi kontzertu emanen dituzte. Uztailaren 1ean eta 3an, Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen, hurrenez hurren, izanen dira lehenengo emanaldiak. Irurtzunen ondoren Haize Berriak Bandak joko du ere. Gabonetan Lakuntzan eta Altsasun egitea aurreikusi dute; "parte hartu duten udalak, ekonomikoki lagundu dutenak".

Instrumentuak jo ez ezik, saio horietan jokoak eta musikaren inguruan ariketak ere egitea nahi dute. "Gauza asko egin daitezke; gure asmoa ez da karga gehiago ematea, ez musika eskolei ez haurrei. Egun horietan egin daitekeena. Materiala ere aproposa izango da".

Instrumentuak
Duela hilabete bat inguru Haize Berriak Bandak Sakanako musika eskolekin kontzertua eman zuen. Ekainean eginen duten emanaldirako abesti horiek eginen dituztela jakinarazi du irakasleak. Lehenengo proiektu honetarako ez dute baldintzarik jarri. Musika eskolan egotea. Banda bat denez bandako instrumentuak izango dira, haizezko metalezko eta egurrezko instrumentuak eta perkusioa. Dena dela, "denak gonbidatuta daude". Izena emateko musika eskoletako irakasleen bidez formulario bat bidali dute, eta norbaitek proiektuan parte hartzeko interesa badu haizetxikiak@gmail. com epostara mezu bat bidali dezake.

"Kulturalki haurrei beraien tokia eman nahi diegu. Askotan instrumentuak jotzen ikasten dute, eta ez dute aukera gehiago bide emateko". Musika eskoletan taldeak osatzen badira ere, bandan aritzeko infraestruktura nahikorik ez dagoela azaldu du Etxebestek. Denborarekin eta musikariaren arabera, Haize Txikiak Bandatik Haize Berriak Bandara salto egin dezakete. "Musika eskolekin egin genuen kontzertu horren helburua ez zen gero haurrak bandara etorzea, baina beti norbait pasatzen da. Kontzertu horren ondoren bi edo hiru sartu dira. Haiek bere burua prest ikusi behar dute". Oso banda gaztea izan arren, zortzi urteko haur batek ez du lekua aurkituko, "baina hamalau edo hamabost urterekin sartzen dira". Dena dela, bi bandak proiektu desberdinak dira. "Bakoitzak bere zuzendariak izango ditu"