Altsasuko osasun eremuarendako konponbide duin eta iraunkor eske

Guaixe 2022ko eka. 13a, 11:31

Osasun publikoaren aldeko kontzentrazioa Irurtzungo kultur etxe ondoan. UTZITAKOA

Arazoa "luze" jotzen ari dela eta "pazienteen pazientzia" agortzen ari dela adierazi du plataformak.

Ohikoa bihurtu da Altsasuko osasun etxearen sarreran kartel bat irakurtzea. Idatzi horietan osasun etxeko langileek jakinarazten dute egun bakoitzean zenbat mediku daude lanean. Atzoko kartelean irakur zitekeenez, bi sendagile besterik ez zeuden zentroan. Altsasuk, Olatzagutiak eta Ziordiak osatzen duten osasun eskualdean sei egon beharko lukete. Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kideak Nafarroako Gobernua kritikatu dute: "hedabideetan osasun-sistema publikoaren ontasunak goraipatzeko kanpaina egitea erabakitzen duen bitartean, Sakanan eta, zehazkiago, Altsasuko oinarrizko osasun-eremuan, prekaritaterik handienean jarraitzen dugu, medikuen falta dela eta. Ondorioz, lehen mailako arreta oso txarra ematen zaie herritarrei, eta Altsasuko osasun-zentroan ez ezik, beste osasun-eremu batzuetan ere lan-gainkarga handia sortzen da". Horren adibide hilaren 5ean Etxarri Aranazko osasun etxean gertatutakoa: "bertan zegoen mediku bakarra Altsasuko osasun-eremuko larrialdiak betetzera bidali zuten, medikuarengan estresa sorturik eta bere pazienteengana ezin iristearen sentimendu gaziarekin". 

Plataformatik azaldu dutenez, "pazienteen pazientzia agortzen ari da. Arazo hau luze jotzen ari da, eta, borondate politikoa egonik, ezin gaituzte konponbiderik gabe utzi".Plataformatik baldintza duinak eskatu dituzte osasun etxeetako langileendako, "eta, tratamendu berezia, beharrezkoa bada, eskualdearendako". Konponbide duina eta iraunkorra nahi dute Altsasuko osasun eskualdearendako.