Osasun eremuari buruzko lan bilkura Nafarroako Parlamentuan

Guaixe 2022ko eka. 21a, 13:32
Duela ia hilabete Altsasun osasun publikoaren alde egindako elkarretaratzea.

Osasun eskualdeko presidentea eta hiru alkateak asteazkenean lan bilkura eginen dute Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean. Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Platafromak, kontzentrazioa deitu du Parlamentu parean. 

Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi eta koalizio guztien oniritziarekin, Altsasuko Osasun Kontseiluko buru Javier Paz Miño eta osasun eskualdeko hiru alkateak: Javier Ollo Martinez, Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Irizar Martinez lan bilera izanen dute Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko kideekin asteazkenean, ekainaren 22an, 15:15ean. Laurek Burunda mendebaldeko osasun eskualdean "pairatzen ari diren osasun-laguntzaren prekarietatea eta osasun profesionalen faltaren balizko konponbideak" azalduko dituzte. Parlamentuan eginen dute lan bilkura dela eta, Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak, 15:00etan, kontzentrazioa deitu du Parlamentu parean. Hara partekatutako autoetan joateko 13:45ean jarri dute hitzordua Altsasuko Kukua tabernan.

Lan bilera hori dela eta, "irtenbideak eskatzeko", Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak Nafarroako Parlamentuaren aurrean kontzentrazioa deitu du asteazkenerako, 15:00etan. Osasun etxea zaindu! Errudunak seinalatu! leloa izanen du bilkurak. Eta sakandarrak bertan parte hartzera deitu ditu. Plataformako kideen iritziz, Altsasuko osasun eremuan "oinarrizko arretaren egoera degradatuta" dago, eta "arretaren egoera astez aste okerrera egiten ari da, nahiz eta Osasun Departamentuak promes ugari egin". Kontzentrazioaren deitzaileek esan dutenez, "administrazioak hitz asko zabaltzen ditu, baina osasun sistema publikorako eta bereziki oinarrizko arretarako borondatea, ekintzak eta baliabide ekonomikoak eskasak dira". 

Hitzak eta ekintzak
Plataformako kideen iritziz, "herritarren jarrera eredugarria izan da, osasun sistema publikoaren kalitatearen alde mobilizatu baita". Osasun Departamentua, berriz, "hilabeteak daramatza betetzen ez diren promesak egiten, azken finean okerrak diren datuei buelta emateko, aplikatzen ez dituzten planak birformulatzeko". Gaztigatu dutenez, "medikuen gabeziaz hitz egiten dute, baina historian Estatuan ez da inoiz hainbeste fakultatibo izan". 

Ziurtatu dutenez, "egoera egunez egun okertzen ari da. Osasun etxeetan eta kontsultategietan ohiko jarduera eten behar izan da, larrialdiak soilik artatu behar izan dira; lan gainkarga ezin da onartu, beste herri batzuetako profesionalek txandak bikoizten dituzte osasun etxea ixtea saihesteko, eta abar". Hainbat proposamen egin dituzte osasun eskualdeko egoera onbideratzeko. Han jasotzen dira, besteak beste: enpleguaren prekarietatea mugatzea, oinarrizko osasun arreta zerbitzua duintzea, pandemiak agerian utzi dituen sistemaren gabeziak betetzeko aurrekontua bideratzea, profesionalendako aitortza plana