Haur Eskoletako langileek greba bertan behera utzi dute

Guaixe 2022ko uzt. 1a, 13:32
Familiek deituta, Arbizun haur eskolen duintasunaren alde egindako manifestazioa igandean. UTZITAKOA

Mugagabeko grebak 60 egun bete zuenean, atzo, Nafarroa 0-3 plataformak lanuztea egiteari utzi zion, ikasturtearen akaberarekin batera. Iragarri dute udazkenean huelgara itzuliko direla, “baldin eta zikloari soluzio integral bat ematen ez bazaio”.

Nafarroa 0-3 plataformak atzo jakinarazi zuen bertan behera uzten duela “0-3 hezkuntza zikloaren duintasunaren alde” egindako greba. Plataformako kidek aitortu zutenez, “oraingoz, ez ditugu gure helburuak lortu. Baina harro gaude kolektibo moduan lortu dugun batasunarengatik: gaur egun ahots bakar bat gara haurtzaroaren eta gure kolektiboaren eskubideen alde, eta, gainera, gizarteko zati handi baten babesa lortu dugu, Haur Eskolako Lehen Ziklo duin bat lor dadin”, gaineratu zuten.

Ziurtatu zutenez, “zikloari irtenbide integral bat ematen ez bazaio, are indartsuago itzuliko gara grebara. Ez dugu heroirik behar, baizik eta 0-3 zikloarekin konpromiso erreal bat erakutsiko duen klase politikoa, beharrezkoak diren bitartekoak bermatuko dituena”. 60 egun greban eman ondoren, argi ikusi dute “ez dagoela borondate politikorik langileen lan prekarietateari eta haurrek eskolan dituzten bizi baldintzei gutxieneko duintasun batekin irtenbidea emateko”. 

Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariaren azken eskaintzak 4,5 milioi gehiago ekarriko lituzke ziklora. Hori “nahikoa” ez dela esana dute. Plataformako kideen iritziz, “gure duintasuna ez dago salgai, ez da negoziatzen. Ez dugu onartu Gobernuak eskaini digun prekaritatea, eta nahiago izan dugu gure duintasunari eutsi”.

Manifestazioa 
Igandean, grebalarien 56. lan uzte egunean Arbizuko Kattuka haur eskolako gurasoek zentro horien duintasunaren aldeko manifestazioa egin zuten herrian, festetan. Deitzaileek garbi zuten grebalariek “haien lan baldintzak hobetzeko eta, nola ez, gure txikien ongizatea bermatzeko helburuarekin borrokan” ari zirela. Aldarrikapen horiekin bat egiten zutelako deitu zuten manifestazioa, baita grebalariei “elkartasuna adierazi eta indarra” helarazteko

Haur eskoletako familien ordezkariek azaldu zutenez, “haurrendako hain garrantzitsuak diren urteetan hezitzaileekin batera partekatzen dugu gure seme alaben bilakaera. Ezin da ahaztu 0 eta 3 arteko urteetan garapen motore, psikoemozionala, afektibo soziala eta hizkuntza garatzen direla. Hau da, gerora bilakatuko diren oinarriak finkatzen dituzte, bai familia eremuan zein gizartean”. Familien ordezkariek ziurtatu zutenez, “prozesu horretan hezitzaileek gure lasaitasuna eta konfiantza osoa beraiengan uztea bermatzen dute; hori oso garrantzitsua da”. 

Grebaren ondorioz, familiek “gure txikitxoak norbaitekin uzteko malabareak” egin behar izan dituztela aitortu zuten. Grebak umeen “egunerokotasuna, errutina, moztu du. Egoera hau jasanezina bihurtuz!” Gizartea aldatu denez, gaur egun “haur eskolak derrigortzeko bihurtzera bultzatzera doaz, gutako zenbatek egin genezake lana zerbitzu hau izan gabe?” galdetu zuten. Horregatik, familiek haur eskoletako langileek aldarrikatzen dituzten hobekuntzekin bat datozela aldarrikatu zuten Arbizun igandean. Eta ratioak jaistea eskatu zuten. Aldi berean, Nafarroako Gobernua kritikatu zuten, grebalarien eskaerak “serio” hartu ez izanagatik, eta, aztera ere, zikloarendako duintasuna exijitu zuten.