Hiru lapurreta "besarkada solidarioaren" bidez

Guaixe 2022ko uzt. 12a, 09:50
Foruzaingoaren bi patruila Altsasuko Gartzia Ximenez kalean. ARTXIBOA

Lapurreta teknika horren bidez lepoan edo eskuetan baliozko gauzak daramatzaten adineko edo bakarrik dauden pertsonengana hurbildu, elkarrizketa hasi, eta uneren batean ukitu eta lapurtu egiten diete.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, "besarkada solidario edo maitagarria" lapurreta teknikaren bidez bost lapurreta izan dira Nafarroan azken asteetan, haietako hiru Sakanan: Irurtzunen, Altsasun eta Olatzagutian. Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, herriko Uriz kalean halako lapurreta saiakera izan zen atzo. Foruzaingoak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den espezializatutako gaizkile talde bat ari da horretan, eta lapurrak emakumezkoak direla zehaztu du. 

Lapurreta teknika horri dagokionez, Foruzaingotik azaldu dutenez, lapurrak lepoan edo eskumuturretan baliozko gauzak daramatzaten adineko edo bakarrik dauden pertsonengana hurbiltzen dira. Pertsona ezagutzen dutenaren itxura eginez agurtzen saiatzen dira, bestela, edozein informazio eskatzen dute, edota sexu mesedeak eskaintzen dituzte. Elkarrizketa dagoen bitartean lapurrek pertsonei eskuetatik eta besoetatik heltzen diete eta une hori baliatzen dute lepokoak, erlojuak edo edozein gauza baliotsu lapurtzeko. 

Foruzainek jakinarazi dutenez, "egileek gaitasun handia dute bitxiak edo erlojuak kentzeko. Gainera, ezezagun baten hurbilketa beroarekin harrituta eta deseroso, biktimak ez dira konturatzen haien baliozko gauzak lapurtzen ari direla". Foruzaingoak gaineratu duenez, "batzuetan indarkeria erabiltzen dute lapurretak egiteko". Lapurreta tokiei dagokienez, foruzainek jakinarazi dutenez, "bide publikoetan eta adinekoak ibiltzen diren tokietan gertatzen dira, esaterako, osasun eta erlijio zentro, zahar egoitza edota jubilatu elkarteetatik hurbil. Beste batzuetan, biktimei jarraipena egiten diete, eta etxera sartzerakoan haiengana hurbiltzen dira". 

Halako lapurretak saihesteko, Foruzaingoak honako gomendioak eman ditu: bero eta maitagarri hurbiltzen diren ezezagunez mesfidati izan; ez utzi kontaktu fisikoa izaten eta distantzia mantendu; diru balio handiko bitxi eta erlojuekin bakarrik ibiltzea ez da komeni; haiek erakutsi nahia saihestu; objektu horien; objektuen itxierak berrikusi; objektuen argazkiak egin eta gorde, lapurtuz gero salaketa jartzean proba gisa aurkezteko eta, azkenik, halako lapurreten biktimek edo lekukoek 112 telefonora hots egin behar dute berehala, lapurren identifikazio lanak hasteko.