Mank-ek turistendako hiztegi berria argitaratu du

Guaixe 2022ko uzt. 28a, 13:30
Besteak beste Aralarko turismo bulegoan banatuko da Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak argitaratu duen hiztegia. ARTXIBOA

Argitalpenak, zazpi hizkuntzetako hiztegia izateaz aparte, euskararen egoeraren eta historiaren berri ere eman nahi du. Aralarko turisten informazio gunean, kanpinetan eta landetxeetan banatuko da.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Euskara Sakanako soinu banda izeneko argitalpena du kalean. Ibarrera bisitan etortzen diren turistei zuzendutako argitalpena da. Alde batetik, hiztegi txiki bat, euskararen historiaren eta egoeraren berri ematen dituen euskarria dago. Hiztegi txikian turistendako erabilgarriak izan daitezkeen hitzak eta esaldiak daude: agurrak, lekuak, garraioa, janaria eta edaria, familia, egunak eta hilabeteak eta zenbakiak. Horiek guztiak zazpi hizkuntzatan daude: euskara, katalana, galegoa, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta alemana. Sakanan euskara hizkuntza bizia dela azpimarratzen da, eta bisitariei, ahal duten neurrian, euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. 

Bestetik, lelo bera duen kartelak argitaratu ditu Mank-ek. Haiek QR kodea dute, eta, horri esker, edozeinek hiztegia pdf formatuan bere gailuan deskargatzeko aukera izanen du. 50 kartel eta 600 hiztegi argitaratu ditu ibarreko erakundeak. Aralarko turistendako informazio gunean, kanpinetan eta interesa duten hotel eta landetxeetan banatuko dira. Sakanako Garapen Agentziak zabalpenean lagundu du.

Bigarrenez
Euskara Zerbitzuak turistendako hiztegia estreinakoz 2017an argitaratu zuen. Orduko hiztegi hark Euskara, Munduari begiratzeko modu bat, Sakanari begiratzeko modu bat izenburua zuen. Ordura arte, Sakanako promozio turistikoa lantzean, bertako paisaia, baliabideak, ohiturak, ekoizleen produktuak eta tokian tokiko kontuen berri ematen zen, baina ez euskararen berri. Gabezia horri aurre egin nahian prestatu zen argitalpen hura. Turismoko eragileek argitalpena eskertu zuten, eta turisten artean ere harrera ona izan zuen. Ordutik lana hura zenbait aldiz berrargitaratu da lan hura.

COVID-19 gaitzak ekarri zuen geldialdiak hiztegia birpentsatzeko aukera eman zion Euskara Zerbitzuari. Hala, bertsio berrian hiztegia luzatu da eta euskararen egoera eta historiari buruzko informazioa gehitu da.