Sutea Trinitate ermitan

Guaixe 2022ko abu. 30a, 09:37

Baliteke oineztura batek eragin izana. Suhiltzaileek itzali zuten sua. 

Herritar bat errepidean zela, autotik sua ikusi zuen, eta larrialdi zerbitzuei deitu zien: Erga mendiko ermita sutan zegoen. Atzo, 05:30 aldera izan zen hori. Suhiltzaileak mendira igo ziren hura itzaltzera. Horretarako, helikopteroaren laguntza izan zuten. Hark Itsesia igerilekutik lauzpabost aldiz hartu zuen ura. Garrak itzali ondoren, suhiltzaileek kaltetutako teilatu zatia kendu zuten. 20 bat metrori eragin zien suak Iruñea aldeko ermitaren angeluan. Teilatuko zuloaz aparte, barruko pareta guztiak eta Trinitatearen irudia belztuta gelditu ziren, eta kandelak urtuta. 

Teiladuran gelditutako zuloa Itzako Udalaren toldo batekin estali zuten. Ermita Aginagako parrokiarena da. Irurtzungo apaiz Antonio Lopezek azaldu duenez, sutea piztu zen tokian telekomunikazio antenak daude eta, antza, halakoek tximistak erakartzen dituzte. Dirudienez, haren jabe den enpresa izanen da Ergako ermitan sortutako kalteak konponduko dituena.